Binakako txapela irabazteko bi bikote faboritoek elkarren aurka jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, Nitro). Bi bikoteek, halere, ez daude egoera berean. Olaizola II.a eta Beroizek jokaturiko bederatzi partidak irabazi dituzte, eta dagoeneko finalerdietara pasatu dira. Irujok eta Barriolak, berriz, azken bostetatik lau galdu dituzte, eta ez dago hain garbi finalerdietara pasatuko diren. Gaur, gainera, Sebastian Gonzalezek bigarren astez jarraian ordezkatuko du Irujo, Iberokoa hazizurriekin egon delako.
Ligaxkako partida erakargarriena behar zuen. Irujo eta Olaizola II.aren arteko lehiak amu ona izaten dira, eta Asegarcek Miribillaren alde egin zuen. Ikusteko dago, baina, Gonzalezekin zenbat pilotazale batzen diren. Izan ere, partida asko aldatzen da batek jokatu edo besteak jokatu. Are gehiago Barriolak berak ere azken asteetan oso kolpe freskorik ez izanik. Aurkariei dagokienez, bikote sendoena dira, eta apustuak haien alde irtengo dira.
Aspekoentzat oso partida garrantzitsua da, ligaxkaren hasieran hartutako abantaila polita ezerezean utzi baitute azken asteetan. Orain, bigarren sailkatuak dira, beste lau bikoterekin berdinduta, ordea, eta galduz gero, bosgarren posturaino jaits daitezke. Ligaxka hasi zenean pentsaezina zirudien Irujo eta Barriolak oraingo egoerara iristea, baina agerikoa da ez daudela euren onenean.
Irujok hobera egin du
Gonzalezek bigarrenez beteko du Irujoren tokia, baina hari ezin zaio sorosle izaterik eskatu. Binakakotik kanpo gelditzea bizkarrekoa izan zen, eta hilabeteak behar izan ditu bere mailara itzultzeko. Aurreko astean lan txukuna egin zuen Xala eta Laskurainen aurka, baina gaur jardun zailagoa izango du, Olaizola II.ak neurria oso ondo hartua diolako. Gai berean, litekeena da Irujok hurrengo astean jokatzeko moduan egotea. Herenegun Mutiloabeitin (Nafarroa) arin piloteotu zuen, eta ondo bidean astebete nahikoa beharko luke indarberritzeko.
Olaizola II.a eta Beroizek, berriz, ez dute deus ere jokoan, baina Aspeko bikoteei irabazteak enpresako kideei egiten die mesede. Erlaxatzekotan, errazago erlaxatuko dira Asegarceko bikoteen aurka. Lehen itzulian gaurko kontrarioei 22-15 irabazi zieten, Bilbon bertan. Partida bikaina izan zen, orain arteko txapelketako onena agian, eta Beroiz nabarmendu zen.
Gonzalezek eta Barriolak lasaitasuna dute jokoan Bilbon
Olaizola II.aren eta Beroizen aurka jokatuko dute, eta galduz gero, bosgarren posturaino eror daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu