Gora edo behera begiratzeko

Europako Ligan irabazi ostean, Espainiako Ligan erritmo ona hartu gura du Athleticek Getaferen aurka

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Joan den ostegunean, Europako Ligak aukera eman zion Athletici bolada txarra amaitzeko. Zuri-gorriek behar-beharrezkoa zuten garaipena eskuratu zuten Nacional taldearen aurka. Hurrengo kanporaketarako sailkatu ez ezik, partida 2-1 irabazita azken partidetan galdutako konfiantza berreskuratzeko lehen urratsa egin zuen Joaquin Caparrosen taldeak.

«Buruarentzat izan da ona irabaztea», esan zuen Joseba Etxeberriak osteguneko norgehiagokaren ostean. Kapitainak inork baino hobeto azaldu zuen taldeak irabazteko zuen premia. Edozein lanetan da garrantzitsua burua lasai izatea. Askotan, korrika egiteak baino gehiago balio baitu ideiak garbi izateak. Baina ezin da ukatu aste barruan lehia izaten duten talde askok lanakizaten dituztela asteburuan lehiakor izateko. Real Madril, Bartzelona eta, beharbada, Sevilla alde batera utzita, gainerako taldeek asko sufritzen dute Europan lehiatzen direnean. Athleticek ere nabarituko du aste barruan partida gogorra jokatu duela. Egia da Alfonso Perez futbol zelaian arituko diren jokalari askok ez zutela Nacionalen aurkako partidan parte hartu, baina Athleticen badaude norgehiagoka guztiak jokatzen dituzten zenbait jokalari.

Batzuk ordezkaezinak direla, alegia. Llorente da horietako bat. Aurrelari errioxarrak jarraitzaile zuri-gorriak poztuko dituen albistea eman zuen atzo. Azkenean, hilabeteetan negoziatzen aritu ostean, kontratua luzatu zuen talde zuri-gorriarekin. 2013ko ekainera arte jarraituko du Bilbon. Etete klausula, berriz, 36 milioi eurokoa izango da, orain arte zuena baino sei milioi euro gehiagokoa. Llorentek jarraituko duela bermatu ostean, Athleticek lotuta dauka hurrengo hiruzpalau denboralditan taldearen bizkarrezurra izango dena (Amorebieta, Javi Martinez eta Llorente bera).

Beraz, epe ertain eta luzera lasai egon daiteke Athletic. Baina gaurko norgehiagoka ikusita ezin da horren lasai egon. Jakina da Rincon del Sotoko (Espainia) aurrelariaren inguruan sortzen duela Athleticek erasoko joko guztia. Luze jokatu eta aurrelari ilehoriak egin dezakeenaren zain egoten da Caparros. Banakako jokaldia egiteko aukera badauka, oso ondo. Eta ezin badu, Llorenteren inguruan dauden jokalariei dagokie Athleticeko izarrak bereganatzen duen arretaz baliatzea. Bistan da joko sinplea duela oso Athleticek.

Jokalari asko daude nekatuta

Horrenbestez, Llorente fin ez dagoenean izaten ditu arazoak talde bizkaitarrak. Eta aurrelaria ez dabil fin. Nivaldok eman zion burukoa ahaztu ezinda dabil. «Kolpearen aurreko jokalaria naizen? Galdera ona da hori. Oraindik ez nago nik gura nukeen moduan», esan berri du errioxarrak bere sasoiaren inguruan galdetuta. Baina onenean ez dagoela jakinda ere, golak sartzen jarraitzen du errioxarrak. Madeirako Nacionalen kontra 50. gola sartu zuen elastiko zuri-gorriarekin. Ez da marka txarra bere kirol ibilbideko urterik onenak jokatzeko dituen futbolari batentzat.

Baina Llorente ez da nekatuta egon behar duen futbolari bakarra. Iraolak, Amorebietak eta Javi Martinezek ere nabarituko dute zuri-gorrien azken aldiko egutegi betea. Hiru futbolariek teknikariaren konfiantza osoa daukate, baina denetarik izan dute sasoia hasi zenetik. Norgehiagokak hasieratik bukaerara jokatu dituzte, baita partida txarrak ere .

Markel Susaeta ere asko ari da jokatzen. Hegaleko jokalarien lesioek eta berdegunean egiten ari den lanak joan den sasoian izan ez zuen protagonismoa eman diote erdilariari. Hegaleko eibartarra asko kritikatu dute. Korrika asko egin arren azken metroetan ez dela eraginkorra aurpegiratu diote bere jokoarekin kritiko direnek. Zaleak engainatzen dituen jokoa duela, alegia. Baina bakoitzari berea. Susaeta ondo ari da jokatzen denboraldi honetan. Aurkariak sarri eta erraz gainditzen ditu aspalditxoan. Berak jokatzen duen hegaletik sortzen du Athleticek arriskurik gehien.

Bada, jokalari on guztien beharra izango du Athleticek Getafe mendean hartzeko -De Marcos, Yeste, David Lopez eta Etxeberria min hartuta daude, eta ezin izango dute jokatu-. Bi taldeak egoera bertsuan daude. Liga indartsu hasi ostean, ez daude une gozoenean. Caparrosen antzera, Michel ere asko kritikatu dute Madril inguruan. Getafeko entrenatzailea, gainera, Angel Torres presidenteak kritikatu du. Ez da seinale ona hori. Hala ere, ez talde batek ez besteak ez dute argi gorria piztuta. Sailkapenaren erdian daude biak. Beraz, gaurko partida irabazi eta sailkapenean gora begira jartzea da bi taldeen helburua. Galtzen duenak, berriz, aste gogorra izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.