Lanak zailtzen ari zaizkie zuri-gorriei. Superligako bigarren fasean lehen lauren artean sartzeko helburua zeukaten Iñigo Juaristiren jokalariek, titulurako borrokan sartzeko. Baina orain seigarren postuan da Athletic, zazpi punturekin, laugarren sailkatuarengandik hiru puntura. Atletico Madril dago laugarren postu horretan, eta, hain zuzen ere, madrildarren aurka jokatuko dute gaur zuri-gorriek, etxetik kanpo (12:30). Irabaziz gero, laugarren posturaino igotzeko aukera daukate, bosgarren sailkatuak, Prainsa Zaragozak, Rayo Vallecano indartsuaren aurka jokatuko duelako. Galduz gero, erabat okertuko litzateke denboraldi hasierako lehen helburua. Zuri-gorriek bi partida jokatu dituzte bigarren fasean etxetik kanpo, eta biak galdu dituzte, Bartzelona (2-0) eta Espanyolen aurka (6-1).
Realak, berriz, Levante azken sailkatuaren etxean jokatuko du Superligako bigarren faseko seigarren jardunaldiko partida (12:00). Multzoko bi talderik kaskarrenak dira Levantekoak eta donostiarrak, nabarmen gainera. Levantek jokatutako bost partidak galdu ditu, eta ez du gol bakar bat ere sartu oraindik -hamabi jaso ditu-. Txuri-urdinek, berriz, lau partida galdu eta bat berdindu dute, lehen jardunaldian, Prainsa Zaragozaren etxean (1-1). Bost gol sartu dituzte donostiarrek eta hamalau jaso. Azken postua edukiko dute jokoan.
Gora egiten hasteko aukera polita daukate gaur Athleticek eta Realak
Zuri-gorriek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute, eta txuri-urdinek Levanteren aurka, biek etxetik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu