Montepaschi Siena. McCalebb (18), Andersen (18), Rakocevic (6), Michelori, Moss (8) —hasierako bostekoa—; Thornton (8), Carraretto (7), Zisis (2), Aradori, Stonerook (7) eta Ress (7).
Gescrap Bizkaia. Jackson (7), Banic (11), Mumbru (6), Fisher, Blums (3) —hasierako bostekoa—; Raul Lopez, Vasileiadis (16), Grimau (10), Hervelle (9), Mavroeidis eta D'Or Fischer (5).
Markagailua. 14-18, 32-32 (atsedenaldian); 56-49 eta 81-67.
Epaileak. Radovic, Zamojski eta Latisevs. Bost faltarekin kanporatuak: Montepaschi Sienako Stonerook eta Aradori.
Bestelakoak. 7.000 ikusle inguru Palasport Mens Sana pabiloian.
Neurria eman du, baina galtzaile itzuli da. Balio al du horrek? Top 16an lehen aldiz jokatu duen taldea da Gescrap, eta baietz esan liteke. Partida nola joan zen ikusita, ordea, aho zapore gazi gozoarekin bueltatuko dira bizkaitarrak, lehen ordu laurdenean oso lan txukuna egin eta euren lde desorekatu zutelako balantza. 15. minutuko markagailua ikusi, eta poza ematen zuen Katsikarisen taldea kantxan ikustea.
20-28 aurretik, Montepaschiko jokalariak portzentaje benetan txarrak lortzen jaurtiketetan, bizkaitarrak eroso Roger Grimau eta Alex Mumbruren eskutik... Lehen laurdenean eman zuen lehen abisua Bizkaiak, eta sei puntuko aldea lortu markagailuan: 12-18. Falta asko pilatzearen truke izan zen, epaileen irizpidea zorrotza izan zelako. Kontakturik txikiena, falta, eta jakina da Bilbokoek euren zaintza lanean nabarmen erabiltzen dutela gorputza eta besoak. Bonusean sartu ziren azkar lehen bi laurdenetan, baina horixe izan zen italiarren uzta iturri bakarra, eta gaitzerdi. %30tik behera zebilen Montepaschi jaurtiketan, eta Bizkaia, bero-bero zebilen Vasileiadisen eskutik, 20-30 aurreratu zen.
Tenplea mantentzeko une egokia zen. Lan ona egin zuten jokalariei arnas pixka bat emateko momentua, neurketa kontrolpena hartzeko une kritikoa... baina kale egin zuen Bizkaiak. Erritmo geldoan jokatuta ezinean ari zen Siena, eta azkar jokatzen hasi zen. Bizkaia kutsatu zuen, zergatik jakitea zaila bada ere, eta kantxaren alde batetik bestera korrika egin behar horretan trakets, baldar moldatu ziren euskaldunak. Hainbesteraino, etxeko taldeak 12-4ko partziala lortu zuela bigarren laurdeneko azken bost minutuetan. Thoma Ressek sei puntu sartu zituen, azkena hiruko on bat, eta atsedenaldia iristear, berriro lanean hasi beharreko sentsazio gaizto hori. Gaiztoa, aurretik egindako 15 minutuko lan ona harrika bota zuelako .
Izarrek erabaki dute
20 minutu luze geratzen ziren, eta parekotasuna giltzarri, lehen erdian ikusitakoa gogoan. Sienak %33 kaskarra lortu zuen lehen zatian jaurtiketetan, eta pentsatzen hasi, eta bizkaitarren defentsak ere datu horretan zerikusia izan zezakeela pentsatzea onena, partida poltsikora zezakeela. Baina ez zen halakorik gertatu. Pianigianiren taldea egurrean bueltatu zen aldageletatik, lehen zatiko itxura kaskarra normala ez zela sinetsita, eta muturreko galanta eman zion Bizkaiari. Aitaren batean, bi minutu eta erdian, 9-0ko partziala, eta ordeka edo aldapa behera ikusten zen tokian, sekulako aldapa.
Siena norgehiagoka kudeatzaile trebea delako. Europako joko antolatzaile onena dauka, eta beretzat hartu zuen aginte-makila. McCalebb hemendik, McCalebb handik, barneraketak, asistentziak, orain azkar, orain mantso... Aaron Jacksonen defentsa laneko biguntasuna zigortu zuen jokalari neurriz txikiak, eta Bizkaiaren erreakzio oro zapuztu.
Ez berak bakarrik, halere. Andersen, David Moss, Rakocevic, Thornton... Asmatu behar zenean asmatu zuten, eta Bizkaiak, amore eman gabe, duintasunez amaitu zuen partida.
Montepaschi Siena 81. Gescrap Bizkaia 65
Gorabehera zitalak
Partida txukuna jokatu du Gescrapek, baina pausoa galdu du 15. eta 25. minutuen artean, eta esku-hutsik bueltatu da etxeraSiena pattal aritu da lehen zatian, baina Andersen eta McCalebben bidez erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu