Gorabeheratsu ari da Bilbo Basket; askoz hobeto ez Baskonia

Barac deialdian dago, baina ez dirudi Ivanovicek harekin arriskurik hartuko duenik (12:30, ETB1)

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zaila da eguerdian Miribillan gerta daitekeenaren aurrerapenen bat egitea. Parekotasunaz mintzatzea errazena, Bizkaia Bilbo Basket sailkapen burutik urrun samar egon arren, etxean jokatzen duelako. Bestalde, liderra da Baskonia, baina dagoeneko jakina da arabarrak beren sasoi puntu onenetik urrun daudela. Astebete atzera Sevillan jaso zuten astindu galanta, horren adibide onena. Bakoitzak bereari begiratzen dio, eta Bilbon esnatzen hasteko azken aukeratzat jo dute derbia. Altube pasa eta Arabako Lautadan, osteguneko emaitza dute erreferentzia. Baskoniak bere joko eta jarrera berreskuratu zituen Khimkiren aurka, eta horri eustea dute helburu orain.

Bost partida galdu ditu guztira Bilbo Basketek, hiru etxean, eta estatistika txar horrek zalantza puzten du. Real Madrilen aurkako porrota ulertzeko modukoa izan zen, azken unean gertatutakoa, baina Joventut eta Kanaria Handiaren garaipenek bizkaitarren fedea jo dute. Gaur galduz gero, nahiko zail izango dute zortzi onenen artean sartzea, eta beraientzat Baskoniarentzat baino garrantzitsuagoa da garaipena.

Etxekoak gorabeheratsu, eta arabarrak ere antzera. Ligako liderrak izan arren. Kontua hauxe da: Sevillako Baskonia ikusiko al dugu Miribillan, edo ostegunekoa Buesa Arenan? Pentsatzekoa da Ivanovicen taldeak ezin duela izan berriro Europan bost partida errenkadan galdu zituen talde eskas hura hain azkar, baina batek daki. David Logan, Brad Oleson eta Marcus Haislipek aurrerapausoa eman zuten, eta piztu diren neurrian, antzera mantenduko direla pentsa liteke.

Baskoniak ez du argitu Stanko Barac jokatzeko moduan dagoen edo ez. Bilbon dago kroaziarra, atzoko lan saioan korrika saio batzuk egin ondoren, eta Ivanovicek ez du bere parte-hartzea baztertu, baina zaila dirudi taldeak harekin arriskurik hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.