Goraka segitu nahi dute

Osasunak eta Realak Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidak jokatuko dituzte gaur

Asier Legarda-Ereño, Ander Altuna
Iruñea<br /><br />Donostia
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Baloiak jira eta bira jarraitzen du. Espainiako Lehen Mailako 16. jardunaldian gertatutakoa bereganatzeko ia astirik gabe, Espainiako Kopa dator ate-joka. Final-hamaseirenetako hamahiru joaneko partida jokatuko dira gaur. Hamahiru, dagoeneko hiru jokatuta baitaude, tartean Oviedo eta Athleticen artekoa —0-1 irabazi zuten zuri-gorriek joan den ostegunean—. Gaur, berriz, Osasunaren eta Realaren txanda izango da. Gorritxoak Almeriaren zelaian ariko dira, eta txuri-urdinek Granada hartuko dute Anoetan. 21:00etan hasiko dira bi norgehiagokak.

Iruñeko taldea bolada onean da. Azken lau partidetan bi partida berdindu eta bi irabazi ostean, ukaezina da une gozoan daudela nafarrak. Gaur iluntzekoa beste lehiaketa bat da, dena dela. Izan ere, Espainiako Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute gorritxoek Almerian, eta ligako une gozoak Kopan ere jarraitutasuna izatea nahi dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek.

Iragan sasoian, Jose Antonio Camachoren aginduetara, ibilbide laburra izan zuen Osasunak Kopan. Lehen kanporaketan Deportivok kanpoan utzi zuen Iruñeko taldea, joaneko partidan Nafarroako Erresuman 1-1 berdindu ondoren, itzulerako norgehiagokan 2-1 gailendu baitziren galiziarrak. 2004-2005eko sasoian historiako lehen finala jokatzea lortu zuen Osasunak Kopari esker. Harrezkero, sei urteotan bi aldiz final-laurdenetaraino iritsi dira, baina gehienetan lehen kanporaketetan lehiaketatik at geratu dira. Argi dago oso zaila dela 2004-2005eko sasoiko balentria errepikatzea, baina gutxienik zaleen artean ilusioa hedatzen ahalegindu beharra daukate nafarrek.

Lehenengo kanporaketan aurkari arriskutsua izango dute: Bigarren Mailan dago Almeria iragan sasoian maila galdu eta gero, baina maila horretako talderik onenetakoa da Lucas Alcaraz entrenatzaile duena. Horren erakusgarri, Almeria igoera postuetatik oso gertu dago gaur egun, azken bost jardunaldietan norgehiagokarik irabazi ez badu ere. Ligan gutxi jokatu duten hainbat jokalari hasieratik ariko dira gaur: Riesgo, Timor, Lekic, Satrustegi eta Torres, esaterako.

Madarikazioa hautsi nahian

Osasuna baino askoz gorabehera handiagoarekin, Reala ere goraka doa azkenaldian. 19 laguneko zerrenda osatu zuen atzo Philippe Montanierrek Granadaren kontrako kanporaketari begira egindako entrenamendu bakarraren ostean. Vila-realen hasieratik aritu ziren gehienek atseden hartuko dute. «Aldaketak egingo ditut. Bi txapelketatan aritzeko moduko multzoa daukagu, eta hori zukutzea da nire egitekoa». Hala, Bravo, Vela, Iñigo Martinez eta Carlos Martinez deialditik at utzi zituen, eta beheko taldetik Ruben Pardok baino ez du izango aukera.

Garbi dagoen bakarra da Eñaut Zubikaraik jokatuko duela atepean. Ondarroarrak Almeriaren kontrako kanporaketan hartu zuen parte aurreko sasoian, eta ordutik ez du aukerarik izan. Atzean Cadamuro, Ansotegi, Demidov eta De la Bella koka litezke. Zelai erdiari begira, Aranburu-Elustondo-Zurutuza hirukotik beasaindarrak baino ez du jarraituko itxuraz. Madrigalen ateratako txartel gorriaren ondorioz ordubetez baino ez zuen jokatu, eta ez dago bereziki nekatuta. Bere aldamenean, Marigak eta Pardok joka dezakete. Bere burua aldarrikatzeko beharrean dago kenyarra. Errioxar gaztea, aldiz, aukera eske ari da. Gaur izan dezake aukera. Aurrean, Xabi Prieto jokatzen hasiko da, lehenbailehen sasoiko jartzeko, eta inguruan Llorente eta Ifran izango ditu haginak izerditan.

Granada sei jokalari gutxiagorekin iritsi da Donostiara, eta aldaketa gutxiago egitekotan da Fabri entrenatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.