Goraka segitzeko aukera

Miarritzek konfiantzaz lepo jasoko du Castres, azaroko oporraldiaren bezperan gora egiten segitzeko nahiarekin

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gauzak ezin hobeki doaz Agilera aldean. Taldeak irabazten jarraitzen du, izan etxean edo etxetik kanpo. Heineken kopako garaipenak kontuan harturik, sei aldiz jarraian irabazi du Miarritzek azken asteetan. Azaroa heltzearekin batera, hiru astez selekzioen txanda izanen da, eta Miarritzek oporraldia izanen du. Oporraldiaren bezperan, baina, Lapurdiko kostaldeko taldeak azken bolada ederki hesteko parada du gaur, etxean, Castresen aurka (19:00).

Dena bikain doala badirudi Miarritzen, eta Castresen bisitarako xuri-gorriak beren buruaz segurtamen handia izanen dutela iduri luke. Baina, goi mailako kirolan ez dago sekula atsedenerako tarterik, eta Miarritzek aste honetan buruhausteak izan ditu. Lehen lerroan metatu zaizkio Jean Mixel Gonzalezi buruko min gehienak.

Agilerakoen uztartzea sendo dabil, beti bezala, baina pusaka aritzeko soldadu falta nabaritzen ari da Kanboko entrenatzailea. Lehenik, Antonin Raffault aztalkari gazteak hartu du min, eta Fabien Barcella harroinarekin sendagelan elkartu da; Barcella luzaz min hartuta dago. Herenegun, baina, beste berri txar bat konfirmatu zen: Briveren aurkako garaipenean Eduard Coetzee beste harroinak min hartu du, eta hiru hilabeterako jokatu ezinik egonen da, besoa hautsi baitu. Eta horretan ez da bururatu gauza, Erik Lund bigarren lerroak ere ezingo baitu jokatu arratsalde honetan, aduktoreetan min hartuta baitago.

Hutsune horiek guziak ikusita, merkatura jotzea beste aukerarik ez du izan Miarritzek. Dagoeneko, Eusebio Guiñazu harroin edo aztalkari argentinarra fitxatu du. Taldearekin entrenatzen hasi denetik egun gutxi batzuk iragan diren arren, deialdian sartu du Gonzalezek. Baina Guiñazu bakarrik ez dute fitxatuko. «Eduardek min hartu izana berri txarra da. Seguraski beste harroin bat ekarriko dugu, kopuruz justu xamar baikabiltza», adierazi du Serge Blanco presidenteak.

Lesio horien guzien tartean pozteko arrazoia izan du ere Miarritzek, Imanol Hariñordoki kapitaina osatu delako. Hirugarren lerroan ariko da gaur, flanker postuan, eta 8 postua Lakafia gazteak beteko du. Garaztarraren ekarpena garrantzitsua izanen da, Castres sasoiko baitago, eta Miarritzetik bi puntu eskasera baitago, 39 punturekin. Gaur irabazita, Tarn eskualdeko taldeak Miarritze gaindi dezake sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.