Bilboko kaleetan ez dago besterik. Zaleak Athleticek Bartzelonaren kontra egin zuen lanaz dabiltza berbetan —Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainari itzala egin dio—. Berbaldi gehienetako gai nagusia da: Athleticek egin zuen presioa, erakutsi zuen ausardia, luzapenean egindako hutsa, euria, zaleen babesa, epika… futbol gau ederra izan zen San Mamesekoa. Munduko talderik onenaren aurrean aurpegia ematen gutxitan ikusi zaio Athletici azken denboraldiotan. Eta puntuak duen besteko garrantzia edo handiagoa eman diote zuri-gorriek erakutsi zuten ausardiari eta garaipen goseari.
Futbolean jokatzeko erak sortu du ilusioa zaleen artean. Gozatzen ari dira jokalariak eta gozatzen ari dira jarraitzaileak. Eta, gainera, hobetzeko tartea dauka Athleticek. Eta hobetu beharra du lehiakorragoa izateko, ezin baitaiteke ahaztu oraindik denboraldiaren lehen laurdena baino ez dela jokatu. Ikusteko dago zer egiteko gai izango den taldea hurrengo zazpi hilabeteetan. Hala ere, ezin da ukatu aurrerapauso handiak ematen ari dela. Oinarri sendoen gainean ematen ari da pauso horiek, gainera. Gauza askok eraman dute Athletic hamar partida galdu barik egotera.
1. Konfiantza
Ez dago norberak egiten duen lanean sinestea baino droga hoberik. Konfiantza ezinbestekoa da bizitzako edozein arlotan. Baita futbolean ere. Athleticeko jokalariei kosta egin zaie Marcelo Bielsak zer eskatzen dien ulertzea. Kosta egin zaie, era berean, haren entrenatzeko era barneratzea: lan saio luzeak, motelak, futbol gutxikoak… ezin esan oso dibertigarriak direnik. Egoera horretan ezinbestekoa da emaitzek laguntzea. Hasieran ez zen horrelakorik gertatu, eta dudak agertu ziren. Baina apurka-apurka egoerari buelta ematea lortu du Athleticek. Jokalarien jarrera aldatzea izan zen Bielsaren ardura nagusia. Azken lau urteetan egindakoa burutik kendu eta beste era batera jokatzeko eskatu zien argentinarrak, berak gustuko duen joko azkar eta ausartean itsu-itsuan sinesten baitu. Eta haren lehen helburua jokalarien buruan sartzea izan zen. Lortu duela dirudi. Oraindik badago zer hobetu, baina Athleticek dagoeneko bere entrenatzaileak gura duen aurpegia dauka. «Bielsa entrenatzaile ezberdina da, berezia. Athletic Bielsaren taldea da dagoeneko», esan zuen Pep Guardiolak. Athletic hasi dela Bielsak gura duen jokoa egiten, alegia. Jokatzeko era lantzen joan den heinean lortu ditu emaitza onak. Eta emaitza onek eman diote konfiantza taldeari. Eta konfiantza duen talde batek ia edozer gauza lor dezake. Bartzelonari aurre egitea ere bai. Konfiantzak taldearen dinamika aldatu du.
2. Presio itogarria
Athleticen arma nagusietako bat presioa da. Aurrean estutzen du, eta jokalariek banan-banan zaindu behar dituzte aurkariak. Kontrarioa itotzea da zuri-gorrien helburua: indar barik lagatzea; hankak lehenengo eta burua ondoren. Horrek sekulako ahaleginaeskatzen du. Arlo fisikoan ondo ibili behar da derrigorrean. Eta, orain arte, oso ondo erantzuten ari da taldea. Azken hiru asteotan zazpi neurketa jokatu arren, ez du asko nabaritu taldeak. Antzeko itxura eman du norgehiagoka guztietan. Hori nahikoa ez, eta partida batzuetan aurkaria baino freskoago ailegatu da azken txanpara. Igandeko partida prestatzeko, esate baterako, Bartzelonak baino egun bi gutxiago izan zituen. Hala ere, indarrez ondo erantzun zuen. Guardiola ere aho zabalik utzi arte. «Basapiztiak zarete», esan zion Bielsari neurketa amaitu berritan. Presioa da Athleticen jokoaren zutabe nagusietako bat.
3. Jokalarien konpromisoa
Talde batek ez du sekula konfiantza izango, jokalariek barruan daramaten guztia ematen ez badute. Zer esanik ez presioa egiteko agintzen dietenean. Ez badute lana zintzo egiten, ezinezkoa da arrakasta lortzea. Konpromisoa, baina, ez zaie falta talde zuri-gorriko jokalariei. Fernando Llorenteren jarrera ikustea nahikoa da horretaz jabetzeko. Bielsak itxuraldatu egin du taldeko izarra. Lehen, estrategia jokaldiak defendatzea zen erdiko aurrelariak zuen ardura bakarra. Lanerako gainerako taldekideak zeuden. Haren eginbeharra golak sartzea zen. Eta horretarako fresko egotea. Bielsarekin, ordea, erabat aldatu da Llorenteren jokatzeko era. Orain ez da erreferentzia bakarra erasoan. Orain ez dute harentzat bakarrik jokatzen. Orain beste jokalari askok dute protagonismoa erasoan —hamar futbolarik sartu dute gutxienez gol bat denboraldi honetan—. Eta, hala ere, inoiz baino gehiago ari da behar egiten. Ikustekoa da zelai erdian aurkariari presioa egiten ikustea. Proiektu berrian sinesten duelako adibiderik garbiena da. Baina ez da bakarra. Gainerako jokalariak ere behartuta daude lan egitera, barruan duen guztia ematen ez duenak aulkia duelako zain, edo harmaila. Eta egiten duten lanarengatik ari dira nabarmentzen Oscar de Marcos, Ander Iturraspe eta Jon Aurtenetxe. Oso ondo ari dira orain arte gutxi erakutsi duten futbolari gazteak. Gazteak dira, era berean, Javi Martinez eta Iker Muniain. Baina beste maila bateko gazteak dira. Maila berezikoak. Biak ari dira lan bikaina egiten, baina nabarmentzekoa da Muniain egiten ari den jokoa. Ezberdina da. Merezi du sarrera bat ordaintzea hura jokatzen ikusteko. Halaber, Fernando Amorebieta ere ezin da alde batera utzi. Kosta egin zaio, baina esnatu da.
4. Iraungo ote du?
Hau da Athleticeko jarraitzaileak egiten duen galdera. Oraingoz Athletic oso ondo ari da betetzen Bielsak eskatutakoa. Baina denboraldia luze egiten da. Bederatzi hilabeteko lehia da. Eta asko beldur dira futbolariak gai izango ote diren orain arteko erritmoan jokatzen irauteko. Gainera, ez da ahaztu behar Bielsak ez duela aldaketarik egiten. Beti berberek jokatzen dute. Pentsatzeko da jokatzeko era lantzen jarraituko dutela eta hilabeteak pasa ahala estiloa fintzeko gai izango dela taldea. Baina ez dago horren argi nahikoa indar izango duten jokalariek entrenatzaileak eskatutakoa soropilean egiteko.
Goraka, urrats sendoak eginez
Sasoi hasieran Athleticen inguruan zeuden zalantzak atzean geratu diraMarcelo Bielsari kosta egin zitzaion jokatzeko era aldatzea, baina azken hilean nabarmen egin dute gora zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu