Kontratua berrituko zuela, ez zuela; beste eskaintzaren bat bazeukala... Zurrumurru ugari egon da Gorka Iraizozen kontratuaren inguruan, baina Athleticek atzo jakinarazi zuen atezain nafarrak 2015eko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu duela talde zuri-gorriarekin. 2011ko ekainaren 30ean amaitu behar zitzaion kontratua iruindarrari, baina bi aldeak ados jarri dira azkenean, akordioa lau urtez luzatzeko.
2007ko uztailean iritsi zen Iraizoz Athleticera. Presidente kargua hartu berritan, Fernando Garcia Makua egungo presidentearen apustu sendoenetakoa izan zen Iraizoz, eta, tarteka huts handi samarrak egin baditu ere, zaleen babesa lortu du. Entrenatzaileak ere erabateko konfiantza izan du harengan. Koikili Lertxundi eta Aitor Ocio egun lehen taldean dauden jokalariak eta Joaquin Caparros entrenatzailea ere udara horretan bertan iritsi ziren Athleticera.
Zuri-gorriek lau milioi euro inguru ordaindu zizkioten Espanyoli Iraizoz fitxatzeko, eta trukean Iñaki Lafuente atezaina Kataluniako taldera joan zen. Nafarrak 2007ko abuztuaren 26an egin zuen debuta zuri-gorriekin; hain zuzen ere, Osasunaren aurkako derbian, San Mamesen -bihar elkarren aurka ariko dira Athleticeta Osasuna, San Mamesen bertan-. 0-0 amaitu zen partida hura. Ordutik 124 partida ofizial jokatu ditu Iraizozek Athleticekin: Espainiako Ligako 98 partida, Espainiako Kopako hamabi, Europako Ligako beste hamabi, eta Espainiako Superkopako bi.
Muniainen azalpenak
Iker Muniainek derbiaren inguruko adierazpenak egin zituen herenegun, eta, komunikabideren batzuetan bere hitzak gaizki ulertu zirela iritzita, azalpenak eman zituen atzo. «Inoiz ez dut esan Osasunaren edo edozeinen aurkako sentimendurik daukadanik». Athleticeko jokalaria dela eta Athletic defendatzen duela adierazi zuen atzo. «Baina besteak gutxietsi gabe».
Gorka Iraizozek 2015era arte luzatu du Athleticekin zeukan kontratua
Atezain nafarra 2007ko uztailean iritsi zen Athleticera, eta ordutik 124 partida ofizial jokatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu