Caja Laboral Baskonia. Huertas (13), Oleson (-), San Emeterio (17), Teletovic (16), Barac (6) —hasierako bostekoa—; Ribas (-), Logan (12) eta Batista (17).
Maccabi. Pargo (13), Perkins (10), Eidson (2), Eliyahu (7), Schortsanitis (22) —hasierako bostekoa—; Hendrix (4), Blu (18), Pnini (6) eta Macvan (1).
Markagailua. 22-19, 46-38 (atsedenaldian); 66-65 eta 81-83.
Epaileak. Lamonica, Drabikovsky eta Sahin. Schortsanitis kaleratu zuten bost falta egin zituelako.
Bestelakoak. Lepo bete zen Gasteizko Buesa Arena pabiloia, 9.700 ikusle inguru.
Beste final-laurdenak. Olympiakos-Montepaschi Siena (65-82), Bartzelona-Panathinaikos (71-75) eta Real Madril-Power Electronics Valentzia (75-81).
Kolpea, eta latza. Baskoniak erosita zeukan Bartzelonarako txartel erdia. Eskatuta, salmenta gunean, eta ordainketa egiteko gertu, baina ez zuen diru nahikorik bilatu poltsikoan, eta txartelik gabe geratu da zoritxarrez. Tel Aviveko infernuan garaipen bat lortu beharko du orain bai edo bai, horrek suposatzen duen guztiarekin, baina errealitatea gordina da. Kanporaketak hori kolorea hartu du, eta Baskoniaren bosgarren Lauko Finala urrundu egin da nabarmen. Azken unean, azken hiru jokaldietan, Baskoniak azken minutua bost puntuko aldearekin hasita.
Azaltzen zaila da Marcelinho Huertasek nolatan gal dezakeen hain baloi inozoa jokaldi erabakigarrian, edo jokadi on bat antolatzeko gai ez izan, aurreko jokaldian, baina halakoak gertatzen dira, eta garesti ordaintzen dira. Maccabik asko zigortzen dituelako opariak, eta tamainako opariak ezin direlako egin. Baskoniak partida ona egin zuen ia beti, hirugarren laurden hasieran eta azken minutu horretan izan ezik, baina Maccabik banakoa lortzeko borroka egin zuen, eta defentsa lan bikaina eginda kanporaketa berdintzea lortu zuen. Merezita, jaikitzeko gai izan zirelako lehen zatian 8-10 puntuko kontrako aldeak eduki arren. Jaikitzeko gai azken laurdeneko lehen bost minutuetan puntu bakarra saskiratu zutenean Baskoniaren defentsak itota, eta aitaren batean 75na partida berdindu zutelako 0-7ko partzialarekin. Huertasen bi akatsak etorri ziren gero, eta Jeremy Pargok saskiratzea lortu zuen 1.3 segundoren faltan. Akabo poza.
Gorputz txarra geratu zitzaien jokalariei, zaleei, denei. Irabazita zegoelako partida, eta 2-0ekoarekin urdin-urdina ikusten zelako zerua. Giroa hitzordu garrantzitsuetakoa zian zen, beroa. Presioa itogarria, eta epaileek ez zuten eraginik izan jokoaren bilakaeran. Batistak partida bikaina jokatu zuen, San Emeteriok ere bai bere borrokari esker, eta Loganek ere bai tarteka. Barac, aldiz, galduta ibili zen, eta apenas lagundu zion taldeari. Schortsianitisek erotu zuen aurrena, lehen laurdenean, bata bestearen atzetik 13 puntu saskiratuta, eta ez zen sendatu.
Besteak beste Ivanovicek ez ziolako jarraikortasunik eman, ezinean zebilelako Big Sofo handiarekin. Lehen zatian min handia egin zuen Greziako morroskoak, eta 16 puntu saskiratu. Halere, Baskonia oso ondo aritu zen erasoan, berea eginez, eta zazpi hiruko saskiratu zituen lehen zatian. Asteartean bezala. Ernegatuta zebilen David Blatt Maccabiko entrenatzailea, Baskoniaren emana geratzeko biderik ez zuelako bilatzen: Logan eta San Emeterio kanpotik, Batista eta Teletovic barrutik... Erauntsia.
Hirugarren laurden kaskarra
Zortzi puntuko aldearekin iritsi zen atsedenaldira, baina asteartean bezala, indarrean kantxaratu zen Maccabi, eta partidan sartu zen bete-betean. Blutenthal izan zen onena zati horretan, hiru hirukorekin, baina Maccabik min handia egin zuen erasoko errebotearekin. 62-63 aurreratu zen lehen aldiz, baina Baskonia ez zen urduritu, eta lanean jarraitu zuen serio.
Laugarren laurden hasiera bikaina egin zuen, eta partida bideratu (75-68), baina bi minututuko itzalaldi batek arnasa eman zion Maccabiri. Presio itogarria egin zuten israeldarrek kantxa osoan, eta etekin handia lortu zuten. Euren jokalari onena, Schortsianitis, aulkian zegoela, gainera. Eliyahuren erasoko errebote bat, Huertasen bi erabaki txar eta zentzurik gabeko falta bat, eta Pargoren sententzia. Eliasen Eskuari errezatzen hasi beharko dira Baskoniako zaleak, baina mirariak mirari dira.
Caja Laboral Baskonia 81. Maccabi 83
Gorputz txarra
Maccabik banakoa lortu du azken unean eta erabakitzeko aukera edukiko du orain; gaizki kudeatu du Baskoniak azken minutua13 errebote hartu ditu erasoan Maccabik, eta Schortsianitisek asko zigortu du Baskonia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu