ZIZTU BIZIAN. FRANTZIAKO TOURRA

Gorputzaren sekretuak

Xabier Usabiaga.
2003ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Saiatu esaten da, saiatu, baina dena ez da hortzak estututa kopontzen. Soluzioa ez da beti pultsometroaren aginduak zorrotz jarraitzea, entrenamendua zintzo betetzea, janaria gramotan neurtzea. Luzamenduak eginda ere, batzuetan lesioak agertu egiten dira; sasoiko egonagatik, ezina nagusitu daiteke.

Oraindik Miguel Indurain berak ere ez daki zer gertatu zitzaion 1996ko Tour hartan. Zergatik bere bihotz onberak ez zuen aurreko urteetan bezainbat odol bidaltzen bere zangoetara. Zergatik bere zango ahaltsuek ez zituzten pedalak lehen bezala bihurritu. Zergatik sumatzen zuen bere gorputz erraldoian hotzikara ezindu hura. ZergatikÉ

Hotza, adina, prestaketa eta beste arrazoi batzuk aipatu ziren. Bolo-bolo ibili ziren era bateko zein besteko kontuak, baina, erabakirik ez dago, inork ez du arrazoitu Miguel Indurainen ezina.

Jan Ullrich harri eta zur gelditu zen 1998an, bigarren Tourra hanka batekin irabazi behar zuen urte hartan, Galibierren gora. Supituki bihotza lehertu egin zitzaion, hankak gogortu. Zergatik jakin gabe, Tourrak eskutik alde egin zion.

Ullrichek oraintxe bertan ezingo luke arrazoitu zergatik dagoen egun hain sasoiko. Jakingo balu, ez litzateke herenegun erlojupekoan eman zuen erakustaldiarekin harrituko. Ezta atzo egin zuen igoerarekin ere.

Haimar Zubeldia, 2000. urtean bezalaxe saiatu zen iaz eta orain bi urte ere, baina emaitzak oso izan ziren diferenteak. Aurten, bizikleta gaineko egokieraz gain, ez du gauza askorik aldatu, lehengo moduan entrenatzen da, zintzo eta gogor, beti bezala. Emaitzak, ordea, aurreko bi denboraldietan baino hobeak dira, egun lor litzakeen onenak, baina etorkizunean erdietsiko dituenak baino okerragoak. Zergatik? Berak ere ez du jakingo segur aski.

Iban Mayok joan den igandean hegan egin zuen Alpe d'Huezen gora. Atzo, aldapa txikiagoan, ezin zuen. Zergatik? Batek daki.

Lance Armstrongek aurreko urteetako prestaketa bera egin du aurten. Karrera berak korritu ditu, esfortzu berdinak egin ditu, emaitza berdinak erdietsi ditu. Baina ez dabil aurreko urteetan ibili zenaren pare, inondik inora ere ez. Zergatik? Berak ere galdera hori egingo du, segur aski, eta zerbaitek esan bide dio ez dela gehiago lehengoa izango, ez duela gehiago Tourrik irabaziko. ZergatikÉ?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.