Heldu da unea. Berrogeita sei urteren buruan Tau Baskoniak gaur gauean ekingo dio milaka saskibaloi talderentzat amets bat baino ez den Lauko Finalari. Europako hiru talde onenekin batera txapelagatik borrokatu beharko da, eta, lehen partidan, txapelketako hartzarekin egingo du topo: CSKA erraldoiarekin. Azken bi urteetan elkarren aurka lautan jokatu dute bi taldeek, eta garaipen guztiak errusiarren aldekoak izan dira. Gaur, ordea, madarikazioa apurtzeko toki eta unerik onenean dago Tau, hartzaren kobazuloan eta Lauko Finalean.
Europako saskibaloiaren tontorretik bi pausora egotea askorentzat nahikoa sari izan daitekeen arren, Tauk argi izan behar du txapela janzteko moduan dagoela. Historian zehar inolako konplexurik izan badu, txikiena ere ahaztu egin beharko du; Maccabi, Panathinaikos eta CSKA bere ondoan egoteak agerian uzten du horien maila berean dagoela. Tauk ez du zertan babestuLauko Finalean edozer gerta daitekeela dioen esaldian. Ez du horren beharrik. Historia egiteko aukera paregabea du, horretarako gorriak ikusi beharko dituen arren.Gasteizen dagoenetik, Dusko Ivanovicek bikain landu du bere jokalarien jarrera partida guztien atarian, eta gaurkoan horrelakorik beharrezkoa izango ez den arren, azken jardunaldietan erakutsi duten une gozoarekin jarraitzeko erabakigarria izango da entrenatzailea. Jakina da Lauko Finala gauzarik txikienak baldintza dezakeela, eta aulkietako lanak garrantzi itzela izan dezake. Baskoniak eta CSKAk elkar zenbateraino ezagutzen duten kontuan izanez gero, erabaki guztiek baldintza dezakete neurketa.
Talde lana, funtsezkoa
Tauk talde lana oinarri hartu behar du CSKAren banakako joko ikusgarriari aurre egiteko. Defentsan laguntzak ezinbestekoak izan daitezke, baina baita errusiarrek laguntza horiei atera diezaieketen etekina bera ere. Holden, Brown, Papaloukas eta Grangeren bizitasuna gelditzea izango da beste giltzetako bat, eta horretarako erasoan zentzuz jokatu beharko dute, behartutako jaurtiketarik egin gabe.Talde lanak defentsan izan dezakeen garrantziaren beste adibide bat Papaloukasen jokatzeko modua da, kontraerasoaz gain saskipean bikain moldatzen baita. Joko banatzailea izan arren bi metroko luzeera du, eta Prigioni edo Calderonekin berarekin ere erraztasun handiak ditu pibot bezala jokatuta. Lan horretan beste jokalarien laguntzak garrantzitsuak izango dira, baina beti ere hutsune gehiegi utzi gabe.Hori lortu ahal izateko, partidako minutu guztietan zehar burua argi edukitzeaz gain, jokoa saskipean oinarritu behar du Tauk. Une honetan sasoi betean dauden hainbat jokalari ditu. Scolaz gain, Splitter eta Kornel Davidek min handia egin dezakete daukaten kalitate eta kemenarekin. Scola gelditu nahi izanez gero, horrek CSKAren defentsan hutsuneak ireki ditzake, eta horietaz baliatuta saskiraketa errazak bilatu beharko dituzte.
Arvydas Macijauskas berak ere zeresan handia izan dezake lan horretan. Bere eskumutur fina aski ezaguna denez aurkariarengan piztu dezakeen arretaz balia daitekeelako. Denboraldi hasieran aurkarien defentsa gogorrek bereziki sufrituarazi zioten arren, azken hilabeteetan asistentzia asko eman ditu sortzen duen aipatutako arretaren ondorioz.Dena den, eta kontuan hartuta partida edozein gauzak baldintza dezakeela, minutu gehiegi jokatzen ez dituztenek ere zeresan polita izan dezakete. Andrew Bettsek azken partidetan minutu sorta politak jokatu ditu, eta aurkari onen aurrean bere neurria inposatu du. Ivanovicek Zaragozako Koparen ostean pibot erraldoiarengan zuen konfiantza guztiz galdu zuen, baina CSKAren barnealdiak gelditzeko edo erreboteak ziurtatzeko oso garrantzitsua izan daiteke.
Bi nortasun aurrez aurre
Tauren partidak ikusmin handia sortu badu, Panathinaikosek eta Maccabik jokatuko dutena maila berean dago. Guztiz ezberdinak diren nortasunak aurrez aurre izango dira: Panathinaikosen defentsa itogarria eta erritmo neurtua, eta Maccabiren ikusgarritasuna eta saskiratzeko erraztasuna. Dena den, eta hasiera batean aipatutako bi taldeek ia kontrajarritako jokoa egiten dutela pentsa daitekeen arren, oinarrizko parekotasuna dute: unean uneko beharren arabera jokoa bikain moldatzeko gai dira.
Maccabik eraso bikaina izan arren (batez beste laurogeita hamar puntu baino gehiago saskiratuz), defentsan lan gogorra egin behar duenean ere ondo baino hobeto moldatzen da. Panathinaikosek berak ere, Tauk sufritu duen bezala, modu askotan antola dezake partida, mugikortasun handiko jokalariak baititu lerro guztietan. Hutsune adierazgarriena greziarren saskipeko jokoa da. Femerling eta Middleton dira pibot argi bakarrak, gainerakoek kanpotik jaurtitzeko erraztasun handia baitute. Panathinaikosek aulkia asko mugitzea gustuko duela kontuan izanda, egoera horrek Vujcicen lana erraztu dezake. Greziarrek, ordea, Obradovic dute aulkian, eta hori, besterik gabe, asko da.
SASKIBALOIA. EUROLIGAKO LAUKO FINALA
Gorriak ikusi behar
Bere lehen Lauko Finalari ekingo dio arratsaldean Tau Baskoniak CSKA faborito nagusiaren aurrean, lan eskerga izango den arren, ezustekoa emateko helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu