OSASUNA 1-3 BETIS

Gorritxoek galdu egin dute berriz ere Sadarren

Etxean jokatutako lau partidetan bi puntu baino ez ditu eskuratu Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak. Betisek kontraerasoan erabaki du partida

'Chimy' Avila, etsita, aukera bat huts egin ondoren. IñIGO URIZ / FOKU
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 23a
22:10
Entzun

Etxean lehendabiziko garaipena lortu ezinda jarraitzen du Osasunak. Lau partidatan bi berdinketa eta bi porrot, hori da balantzea. Lehenengo bi partidak hutsean amaitu ziren, baina ondorengo bietan zazpi gol jaso ditu. Gehiegi, gauza onerako. Aldiz, Sadarretik kanpo jokatu dituen bi neurketak irabazi ditu. Kalean otso ari da, etxean uso.

Partida irekia espero zuen Jagoba Arrasatek, eta baita asmatu ere. Alavesen aurka garaipena lortu zuen hamaikakoa errepikatu du, baina Mendizorrotzan izan zuen atzealdeko sendotasuna zein azken metroetako zehaztasuna falta izan zaio etxeko taldeari. Kontraerasoetan, zuzen eta azkar jokatuta, irabazi du neurketa Manuel Pellegriniren taldeak.

Ondo ekin dio lehiari Osasunak. Presioa goian eginez eta baloiak azken metroetan lapurtuz, Betis bere area inguruan setiatu du. Gorritxoen erritmo itogarri horri aurre egiteko, baloi jabetza luzeak baliatuta, partida lokartu du Sevillako taldeak (Espainia). Halako batean, 21. minutuan, falta jaurtiketa bat motzean aterata bisitariek etxekoak lo harrapatu dituzte; azpitik egindako erdiraketa ez du David Garciak nahi bezala urrundu, eta Kike Hermoso debutariak aldaratzea aprobetxatu du baloia sareetara bidaltzeko: 0-1.

Kontraerasoan beste gol bat egiteko bi aukera on ere izan ditu Betisek, baina barkatu egin du. Osasunak ez. Taldeko jokaldi on batean, Torresek Claudio Bravoren aurrean bakarrik utzi du Kike Garcia, eta aurrelari espainiarrak ez du huts egin: jaurtiketa dotore batekin gainditu du txiletarra, neurketako 38. minutuan.

Bigarren zati hasieran, lehengo lepotik burua: Osasuna nagusi, eta bigarren gola egiteko zorian. Gutxi falta izan zaie Kike Garciari eta Darko Brasanaci gorritxoak aurreratzeko. Betisek ere izan du berea, Guido Rodriguezen oinetan. Hortik aurrera, partida erabat hautsi da. Bigarren golaren bila gora egin du nabarmen Osasunak, eta Betisek arriskua handia sortu du kontraerasoetan. Gorritxoen bigarrena gertuago zegoela zirudienean iritsi da espainiarren gola: Guardadok luze jokatu du Montoyarekin, eta haren erdiraketa buruz errematatu du Juanmik, sareetara. Hasiera batean marrazainak jokaldia baliogabetu du, baina, azkenerako, gola balekoa zela erabaki dute epaileek. Ahalegindu dira etxekoak neurketa berdintzen, baina etxetik kanpo hobeto ari dira. Luzapenean Willian Josek biribildu du Betisen garaipena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.