FUTBOLA

Gorritxoen bilgunea

Osasunazaleak Madrilen elkarren babesean eta festa giroan egoteko 15.000 pertsonentzako karpa erraldoia jarriko du Osasunak, finala jokatuko den lekutik gertu.

IRUÑEA
2005eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Osasunazaleek Madrilen harrera gaiztoa izan zezaketela ziotenak lasaiago egongo dira atzo klubak aurkeztu zuen ekimenarekin: Vicente Calderonetik hamar minutura karpa erraldoi bat prestatuko dute Osasunako arduradunek, Espainiako Kopako finala hasi bitartean zale guztiak elkarren babesean eta festa giroan egon daitezen. Hiru karpa egongo dira. Handienaren ondoan beste bi txikiago jarriko dituzte, eta kazetarientzat bereziki atondutako gune pare bat ere bai.

Gorritxoen bilgunea Madrilgo San Isidro zelaian kokatuko dute, eta estalkidun guneak 15.000 lagunentzako tokia badu ere, eguraldia lagun, inguruan askoz jende gehiago bil daiteke. Ermita del Santo pasealekuan kokatuko diren osasunazaleen autobusen aparkalekutik bi minutura dago festarako aukeratu duten lekua. Trenez doazen zaleak Atotxako geltokira iritsiko dira, eta handik metroz edo trenez Glorieta de las Piramides geltokira joan beharko dute.Goizeko hamaiketatik partida hasi bitartean elkartu daitezke osasunazaleak festara, eta giroa jartzeko asmoz Los Charros mariachi taldeak eta La Clave orkestrak musika joko dute egun osoan zehar. Bilgune hau antolatzeko Osasunak 90.000 euro ordaindu beharko ditu, baina Jose Luis Mangadok, Osasunako marketinaren arduradunak, atzo azaldu zuenez, «klubak ez du sosik ordainduko, ehun metro pasako barran zerbitzatuko diren edariek eta ogitartekoek ordainduko baitute inbertsioaren zati handi bat, bestearen erantzule zenbait erakunde egingo diren heinean».

Partida amaitzean gunea itxita egongo da

Guztira 100 pertsona baino gehiago ariko dira larunbateko karpan lanean: ostalaritza lanetan ariko diren langileak, segurtasun lanetan ariko direnak, sarrera zaintzeaz arduratuko direnak edo erizainak, besteak beste. Mangado pozik agertu zen atzo: «Madrilgo Udalak erraztu egin dizkigu lanak, toki ezin aproposagoa aukeratu dute, 15.000 lagunentzako karpa izanagatik gune irekia da eta jende gehiago ere bil daiteke, eta zaleak biltzeko toki ezin hobea dela uste dugu», esan zuen atzoko agerraldian. Aitzakia bat jartzekotan partidaren amaieran zaleak gune horretara bueltatzea ezinezkoa izatea litzateke aitzakia bakar hori. «Partidaren hasierako ordua arteko baimena soilik eman digu Madrilgo Udalak, ez gehiago. Partida amaieran ez dago ezer», azaldu zuen, etsita, Osasunako marketinaren arduradunak.

Komeriak komeria, arrisku handiko partidatzat jo den final honetan istilurik ez izateko aurrerapausoa izan daiteke atzo aurkeztutako ekimena. Osasunazaleak elkarren babesean egotea lortzen da era honetan, eta segurtasun neurrien erantzuleei ere asko erraztuko die lana bilgune honek. Zaleek nola erantzuten duten ikusi beharko da larunbatean, baina Madrilen festa bakean izateko aukera ona izan daiteke. Bestela, gaur goizean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Vicente Ripak, gaur esango dituenei arreta eskaintzea ere ez legoke gaizki: gobernu ordezkariak larunbaterako Madrilen prestatu dituzten segurtasun neurrien berri emango du, arazorik izan ez dadin gomendioak ere eskainiko dituelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.