«Gosaritik igarri da aldaketa»

Jokalariek itxaropentsu hartu dute entrenatzaile aldaketa, eta Puñalek Mendilibarren hurbiltasuna goraipatu duIkusmin handia sortu zuen zaldibartarraren lehenengo entrenamenduak Taxoaren

Jose Luis Mendilibar, entrenamendua jarraitzen, eskuinean Patxi Puñal korrika ariketa bat egiten ari den bitartean, atzo, Taxoaren. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hasi da Mendilibar aroa. Osasunako euritako gorri bat soinean, kirol jantzi ofizialarekin eta zapatila beltzak jantzita azaldu zen Jose Luis Mendilibar atzo goizean Taxoareko zelaian. Ikusmin handia zegoen bizkaitarraren lehen entrenamendua ikusteko, eta hori harmailetan ikusi zen. Goizeko saioa zuzenean jarraitzeko ehun zaletik gora elkartu ziren, eta ohi baino hedabide gehiago zeuden. Taldea 10:30 aldera zelairatu zenean, arreta guztia bizkaitarrak bereganatu zuen. Entrenatzaile aldaketak itxaropena piztu du gorritxoen zaleengan.

Jokalariak arratsaldean itzuli ziren Taxoarera, Mendilibarrek 17:30erako eguneko bigarren lan saioa finkatu zuen eta. Asteburuko partida ate joka dagoela, zaldibartarrak oraindik lan asko du atzetik. Taldea ondo ezagutzeko eta aztertzeko denbora askorik ez du, eta horregatik, goizean goizetik ekin zion ahaleginari. 10:30eko lan saioa hasi baino ordubete lehenago, jokalari guztiak gosaltzeko elkartu zituen. Bere burua aurkeztu, eta elkarrizketa laburra izan zuen taldearekin. Jokalariekiko duen hurbiltasuna izan da bizkaitarraren ibilbideko ardatza beti, eta Iruñean ere hala izango da ziurrenik.

Gertutasun hori goraipatu zuen Patxi Puñalek atzoko prentsaurrekoan: «Antzematen zaio entrenatzaileari hurbiltasuna maite duela, jokalariekin hitz egiten duen horietakoa dela, desberdina». Atzo goizean bildu zen Mendilibarrekin, gorritxoen kapitainak taldearen inguruan duen iritzia entzun nahi zuen eta entrenatzaileak; eta bide batez azken hilabeteetako lekukotza jaso. «Nirekin hitz egin du, baina jokalari gehiagorekin hitz egingo du; bakoitzak bere iritzia du, eta ona da bakoitzak pentsatzen duenaren berri izatea».

Zaldibartarrak ekar dezakeen aldaketarekin baikorra da Puñal, eta talde guztia ere «itxaropentsu» dagoela baieztatu zuen. Itxaropena zaleek ere barneratu dutela uste du, gainera: «Badakit zaleek itxaropena dutela, kalean biziz gero, badakizu zer pentsatzen duten. Horregatik, igandeko partida bereziagoa da. Zelaian ondo bagaude, zaleak eta taldea bat izango gara».

Kapitainak nabaritu zuen entrenatzaile berriak eragin duen aldaketa «gosaritik» igarri duela taldeak: «Hainbat gauza nabaritu ditut. Agurtzeko era, eta aurpegira begiratzeko moduak atentzioa eman digu. Entrenamenduak ez dira luzeak, baina intentsitate osoz betetzen dira».

Gorritxoen aldartea aldatu du ireki den aro berriak. Baikortasuna nagusitu da jokalarien eta jarraitzaileen adierazpenetan, eta kazetariek Puñali galdetu zioten ea ondoriozta daitekeen Jose Antonio Camacho botatzea beharrezkoa zen. Kapitainak, baina, ezetz esan zuen. Haren iritziz, «guztiek» nahi zuten espainiarrak jarraitzea, baina emaitzek baldintzatu dute egoera: «Ez ginen behar bezain ondo. Denok nahi genuen gauzak Camachorekin ondo joatea, baina ezinezkoa izan da». Dena den, onartu zuen aldaketak onurak ekarri ditzakeela: «Gauzak ez zihoazen ondo, batez ere etxetik kanpoko partidetan; eta orain Mendilibarrekin proiektu berri bat hasteko ilusioz beterik gaude».

Arreta guztia entrenatzaile aldaketak hartu duen aste honetan, Puñalek ez zuen ahaztu igandean Espanyolen aurka duten partida garrantzitsua. «Igandea noiz iritsiko zain gaude. Hurrengo partida irabazi nahi dugu, gero Valentzian kanpoko lehen partida irabazi nahi dugu, eta Iruñean berriro ere».

Mendilibarrek ere burua Espanyolen aurkako partidan du. Bi lan saio labur prestatu zituen atzo; ordu eta erdikoa goizean eta ordubetekoa arratsaldean. Baloiari eman zion protagonismoa bi entrenamenduetan, hainbat ariketarekin eta partida batzuekin. Irrika nabari zitekeen zelairatu zirenen artean, eta intentsitate handiko entrenamendua ikusi zen. Camachoren konfiantza ez zutenek beste aukera bat dute orain, eta hamaikakoan finkatuta zeudenak euren tokian jarraitu nahi dute. Azken batean, inork ez du atzean geratu nahi, eta entrenatzailearentzako zutabe izan nahi dute. Eta lanaren arriskuak: intentsitate horren ondorioz, Miguel Flañok min hartu zuen ezker hankako orkatilan. Edonola ere, atzelariak ezin zuen jokatu asteburu honetan, Anoetan bosgarren txartel horia ikusi baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.