Gozatu. Horixe egingo dute gaur Kontxako badiaren bueltan biltzen direnek; arrazoi bategatik edo besteagatik, baina gozatu. Dena dela, zaleak ezin izango dira kaiko aldapatxoan bildu, antolakuntzako kideek hori erabaki baitute, «segurtasunagatik». Esan diete aste honetan neurri horrek logikarik ez zuela, baina Donostiako Turismo Ekintzetxeak ez duamore eman, eta hartutako erabakiari eutsi dio. Hesi bat jarriko dute horretarako.
Itsaso handiarekin ikusgarriak izaten dira estropadak, baina gaur ez da halakorik egongo. Olatuak metro erdikoak izango dira gehienez, eta ipar-mendabaldeko haizeak ez du indar handiz joko. Itsasoa, hortaz, alfer antzean esnatuko da, baina egunak distiratsu argituko du. Beraz, gozatzeko motibo bat gehiago.
Irabazten duenak, noski, askoz ere gehiago. Oriok, Urdaibaik eta Hondarribiak dute urteko banderarik preziatuena lau haizeetara astintzeko aukera. Arraunlariak tentsioa kendu ezinda esnatuko dira, baina aurreneko palakadarekin, dena kanpora. Sufritzen gozatuko dute. Irabazleek, ontzi barruan, kaiko aldapatxoan sufrimenduak merezi izan duela pentsatuko dute. Baina galtzaileek... Zertarako uretaratu diren ere pentsatuko dute berotan, estropada bukatu berritan, traineru barruan. Eta euren jarraitzaileek Donostiara zertara joan diren esango diote bere buruari. Baina gero, hotzean, ahal dutena egin dutela esango diote arraunlariek elkarri.Zaleek, aldiz, azken finean, arrauna kirola besterik ez dela hausnartuko dute; egun ederra pasatu dutela eta kito.
Azken finean, gaur, Kontxako Banderan, gozatu egingo da. Unean, beharbada, ez da nabarituko, baina gozatu egongo da. Urteko estropadarik garrantzitsuena delako, nahiz eta antolakuntza on-ona ez izan. Tradio handia duelako. Traineru indartsuenak elkarren kontra aritzen direlako. Tokia ederra delako. Zaleek are ederragoa bilakatzen dutelako. Arraunlari guztiei txalo egiten dietelako. Hamaika arrazoi.
Hori bai, jendea, arraunlariak gozarazteko, gaurko egunak emozio behar du. Eta hori sobera eduko du. Hiru ontzi daude 11 segundoren bueltan, baina edozeinek irabaz dezake. Garai aspergarria betiko gelditu da atzean. Gaur gozatu egingo da Donostian.
ZenBaKia
7
Zazpi urte dira Oriok Kontxa irabazi ez duela. Dezente, Orioren arraun tradizioa duen herri batentzat. Orduan taldean zeudenetatik Gaztañazpik, Gorka Etxeberriak, Bentasek, Urangak eta Redondok jarraitzen dute.
ureTan eGonGo DIren onTzIaK
Faborito nagusia
Orio. 11 segundo eta 20 ehunen atera zizkion Urdaibairi aurreneko igandean, eta horregatik da Kontxako Bandera irabazteko faborito nagusia. Halere, ez dira fio. Normala, indartsuena beldurtzeko moduko erakustaldiak eman baititu Urdaibaik denboraldi honetan. Halere, erakustaldiak emanda ere, Orio da faboritoa. Alde handia lortu zuen, eta, bide batez, konfiantza handia hartu, gainera. Baina errenta hori lortu izan ez balu ere, Orio faboritoa izango litzateke, denboraldi ederra egiten ari delako, eta behetik gora egiten ari den trainerua delako San Nikolas. Urdaibaik bandera gehiago irabazi ditu denboraldi honetan, baina Orio hor egon da, banderak pilatzen ere, lehian beti.
Faborito nagusia zena
Urdaibai. Kontxako Bandera jokatu baino lehen Urdaibai zen faborito nagusia, beste traineruak baino gehiago izan delako denboraldi honetan. Baina Oriok 11 segundo kendu zizkion pasa den igandean, txanda ezberdinetan arraun eginda. Halere, sasoi honetan sei aldiz kendu dizkio 11 segundo baino gehiago Oriori. Beraz, itxaropentsu daude. Txanda berean arraun egingo dute, eta hortxe ikusiko da Urdaibairen joa. Donibane Lohizunen edo Plentzian bezala arraun egiten baldin badu, erne, irabazteko aukera asko edukiko ditu-eta. Traineru indartsuena da, eta Kontxa irabazteko, puntaren puntan ibiltzeko osatu zuten iazko neguan. Halere, hori, azken kolpea ematea falta zaio. Bere lana egiten baldin badu, adi.
Alternatiba serioa
Hondarribia. Ez da, ez, iaz bezain fin aritu. Hartara, ez du San Miguel ligako bandera bakar bat ere irabazi. Arrazoi horregatik dezente sufritu dute Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariek. Baina bizi-bizirik iritsi dira Kontxara, gainontzekoei lanak emateko intentzioarekin. Sailkatze estropadan puntuan daudela erakutsi zuten, denetan onena izan ondoren. Pasa den igandean, baina, Oriok 11 segundo kenduz zizkion, txanda berean arraun eginda. Ezustekoa eman dezake.
Lehiarako prest
Pedreña. San Miguel liga irabaztea zen Maria ontziaren helburua, baina ezin. Halere, lehian egon dira beti. Ez dira kikiltzen. Ez dute bandera irabaziko, baina lehiarako prest daude.
Gozatzera
Zarautz. Iaz, bezela, etxeko lanak txukun egin ondoren ari da Kontxan. Eta iaz bezala, laugarren postua du helburu, baina gozatzeaz ahaztu gabe.
Erdizka gozatzera
Tiran. Erdizka ari dira gozatzen, hurrengo asteko San Miguel Ligarako lehen kanporaketa non jokatuko duten ez dakitelako.
Hobetzeko asmoz
Castro. Ez du irabazteko aukerarik, eta joan den igandekoa hobetzen ahaleginduko da.
Ahal dena egitera
Donostia Arraun. Duintasunez arraun egitea da euren helburua.
URKO REDONDO Orioko arraunlaria
«11 segundo kontuan hartzeko aldea daitsaso txarrik gabe»
I. S.
Donostia
Bigarren urtea du Urko Redondok (Orio, 1986) Orioko traineru nagusian, eta bigarren denboraldirako Kontxa irabazteko aukera du. Traineruko aurrekoa denez, adi ibili beharko du maniobran.
Zer egin duzue arratsaldean?
Beno, beste batzuek ez bezala, gukez dugu egonaldirik egin. Ez dakit, joan den igandeko estropadaren bideoa ikusi dugu, eta elkarrekin joango gara afaltzera
Joan den astekoa ikusi duzuela diozu. Hura errepikatzea zaila izango da, ezta?
Zaila izango da, baina estropada hobea egiten saiatuko gara. Guk gure estropada egiten baldin badugu, irabazteko aukera asko edukiko ditugu.
Imajinatu Urdaibaik bere estropada egiten duela, eta Oriok ere berea. Zein nagusituko litzateke?
Nire ustez, Urdaibaik ez liguke irabaziko; nahiz eta bere maila onena eman.
Zer esaten duzue taldekideen artean?
Biharko egunaren zain gaude. Urte asko dira banderarik irabazi gabe, eta jendeak garaipen gosea du.
Eta nola aurre egin tentsioari?
Tira, nerbioak-eta izaten dira, baina denok elkarrekin egonda, ba, lasaiago. Etxean, bakarrik, urduriago jartzen zara.
Urdaibai txikitzera irtengo dela esaten da. Zein izango da estropadaren gakoa?
Gakoa? Gu ere txikitzera irtengo gara, txanda irabazteko asmoarekin. Burua ez galtzea oso garrantzitsua izango da; burua ez galtzea hiru segundora joan arren. Gainera, ziur nago, gure arraunketari eusten balidn badiogu ziabogara buruan helduko garela.
Gainera, 11 segundo dezente dira, ezta?
Itsaso txarrik ez baldin badago, kontuan hartzeko aldea da. Gainera, ziaboga bakarrera jokatzen da.
Eta presioa?
Presioa? Nork bere buruari jartzen diona.
GORKA OLAZAR Urdaibaiko arraunlaria
«Ez nuke orain artekoa aldatuko Kontxa irabazteagatik»
I. s.
Donostia
Kontxako Bandera denboraldiko estropadarik garrantzitsuena da arraunlari askorentzat, baina Gorka Olazar (Mundaka, 1980) ez da denbora alferrik galtzen duten horietakoa. Egindako deiari erantzun dionean ikasten ari da, hurrengo larunbatean azterketa du eta. Liburu artean egonda ere, baina, ezin gaurkoa ahaztu.
Urduri al zaude?
Uste dut normala dela urduri egotea, baina ez naiz asko-asko urduritzen diren horietakoa. Ez dakit, gaur [atzo] goizean egindako entrenamenduan nabaritu dugu, bai, tentsioa, baina bestela, ba, esropadaren zain.
Estropada imajinatzen duzue arraunlariek. Zer imajinatzen duzu gehiagotan? Galtzen edo irabazten?
Irabazten, irabazten. Badakigu oso zaila izango dela, baina, egia esan, neure burua estropada irabazten imajinatzen dut. Hori bai, badakigu bandera ez irabazteko arriskua dagoela.
Urdaibai izan da nagusi denboraldi honetan. Kontxa jokatu aurretik faboritoa zen. Galtzea, hortaz, kolpe handia izango al litzateke?
Beno... Ez dakit, nik behintzat ez nuke orain artekoa Kontxa irabazteagatik aldatuko. Beharbada, Kontxa bat badudalako esaten dut hori, baina, tira, bihar [gaur] irabaztea denboraldia biribiltzea litzateke.
Kritika dezente egin zaizkio txanden egituraketari. Zuk ere berdin pentsatzen al duzu?
Nik sailkatze estropadaren arabera egituratuko nituzke txandak. Agian, lehengoan 11 segundo galdu genituelako esaten dut hori...
Oriori alde hori kentzeko itsasoa eskatu duzue. Halere, ez da halakorik egongo...
Ez, ez da itsaso handirik egongo, baina gaur [atzo], puntetatik kanpora ezin zen arraunean gustura egin. Irabazteko dena alde edukitzea beharko dugu.