Gozatzeko helburuarekin ariko da gaur Anaitasuna Bartzelonan

Itxakok eta Bera Berak Europako partidei begira indarberritu nahi dute, Mar Alacanti eta Gijoni irabazita

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Helvetia Anaitasunak Bartzelona Asobal ligako liderrari egingo dio bisita gaur (19:00). Aitor Etxaburuk argi utzi du Iruñeko taldearen helburua Bartzelonarantz abiatu aurretik. «Partidaz gozatzeko helburuarekin goaz, guretzat pribilegioa baita Palaun jokatzea. Jokalari batzuentzat lehen aldia izango da, eta hori beti da pizgarri ona».

Garaipen edo ezusteko hitzen arrastorik ez. Zergatik? Anaitasunako kideak oinak lurrean dituztelako. Badakite normalena astindua jasotzea dela. Lehen itzulian horixe gertatu zen (23-35 irabazi zuen Bartzelonak), eta gaur ere beste horrenbeste gertatuko da. Zergatik? Bartzelonaren eta Anaitasunaren arteko aldea itzela delako, arlo guztietan. Sailkapena ere horren isla da. Bartzelona lehena da, eta jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu (hamasei guztira). Antzik ez Anaitasunarekin, Iruñeko taldea 13.a baita. Hori bai, txukun ari da, denboraldi hasierako helburua betetzen: jaisteko postuetatik kanpo dago (hiru puntura du Huesca).

Europa buruan

Itxakok eta Bera Berak ere gaur jokatuko dute ABF ligako jardunaldia, asteburuan Txapeldunen Ligako eta EHF kopako neurketak jokatuko baitituzte. Nafarrak eta gipuzkoarrak etxean ariko dira, Mar Alacant (18:30) eta Gijonen aurka (19:00), hurrenez hurren. Itxuraz, Itxakok du neurketarik zailena, Mar Alacant laugarrena baita sailkapenean. Hala ere, Ambros Martinek zuzentzen duen taldeak ez luke arazo handirik izan behar irabazteko. Garaipenak, gainera, mesede egingo lioke bigarren ligaxkako lehen partidan Gyoriren aurka jasotako porrota atzean utzi eta igande honetan Larviken (Norvegia) jokatu beharreko partidari begira indarrak hartzeko.

Helburu bera du Bera Berak, donostiarrek ere galdu egin baitzuten joan zen asteburuan, Errusian, Ladaren aurka, eta larunbat honetan sei golen kontrako aldeari buelta eman behar baitiote. Gaur, ordea, erronka askoz samurragoa dute, azken sailkatuaren aurka ariko baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.