Zalantzak uxatu ezinda jarraitzen du Alavesek. Berdindu egin du gaur Betisen aurka Mendizorrotzan (1-1), une batzuetan txukun jokatu baina beste zenbaitetan ezinean bezala aritu ondoren. Horregatik zalantzak. Lehen itzulia 20 punturekin bukatu du, eta lanaren erdiak lotu dituela esan daiteke, mailari eusteko helburuaren bila. Ikusi egin beharko da bigarren itzulian beste horrenbeste puntu ateratzen dituen oraingo bidetik. Baliteke hala izatea, baina ezin erabateko ziurtasunez esan. Zalantzak.
Ondo ekin dio gaurko partidari, Betisi jokatzen utzi gabe, eta baloia berreskuratzean aurkariaren atea bilatuz. Aleix Vidalen golak konfiantza gehiago eman dio taldeari. Kataluniarrak 15. minutuan aurreratu ditu etxekoak. Emaitza horrekin bukatu da lehen zatia, Betisek aldeko penaltia izan duen arren (VAR-ak baieztatua). Pachecok ondo geratu dio Joaquini aukera garbi hori, 45. minutuan.
Bigarren zatian ez da lehen zatiko Alaves bera izan. Betisen jokoa ezin geratuta ibili da, eta baloiaren jabe egin dira kanpotarrak. Erraz antzean gerturatu dira etxekoan areara. Bigarren erdi hori hasi eta hamar minutura berdindu du partida Betisek, baina ez jokaldi landu batean, geldikako batean baizik; hori da mingarria Alavesentzat. Emersonek errazegi irabazi dio goiko baloia Manu Garciari, eta berdinketako gola egin du.
Hortik aurrera antzeko bidetik joan da partida. Aldatu 78. minututik aurrera alda zitekeen, Fedal Betiseko atzelaria eta Alaveseko jokalari ohiari txartel gorria atera diolako Mateu Lahoz epaileak, baina Alaves ez da gai izan aurkaria estutzeko. Aukera bat bera ere ez du sortu jokalari bat gutxiagorekin zenean.
Aleix Vidalen kritika gogorra Asier Garitanori
Partida amaitzean, Aleix Vidalek gogor astindu du Asier Garitano entrenatzailea, haren erabakiak ez dituela ulertu garbi adieraziz: "Irabazteko zer falta izan zaigun? Entrenatzaileak erasoko jokalariak ateratzea bat gehiagorekin ginenean, eta ez defentsakoak". Garitanok Pons erdilaria zelairatu du Vidal beraren ordez 81. minutuan, eta Burke eskoziar aurrelaria txartela zuen Wakaso euskarrriaren partez 84. minutuan.
Garitanok erantzun egin dio Vidali, partida ondorengo agerraldian: "Kontuz ibili behar da, garrantzitsua baita zer esaten den jakitea, non ari zaren garbi edukitzea eta taldearen helburuak zein diren ondo barneratuta izatea, bestela bueltan etor dakizuke eta".
Laguardia kapitainetako batek Garitanoren alde egin du, entrenatzailea"guztien gainetik" dagoela esanez.