ACB ligako sailkapenari erreparatu, eta askok pentsatuko dute Granada ez dela plaza zaila. Andaluziakoak zuloan daude, jokatutako 11 partidetatik hiru bakarrik irabazita, baina hiru garaipen horiek uzta eskasa dirudite, haien jokalari zerrenda ikusita. Nahiko ona baita. Granadak ligako joko antolatzailerik osoenetako bat du: Nico Gianella, eta jaurtitzaile trebeak: Jon Stefansson, Coby Karl eta Jesus Fernandez pibota. Iaroslav Korolev hegalekoak indarra du sobran, eta Andy Pankok lana egin beharko du beltz errusiarraren emana geratzeko. Saskipean ere zorrotz zaintzeko moduko jokalari sorta du Trifon Poch entrenatzaileak: Rob Kurz ligako jokalaririk baloratuenetakoa, eta kiloak eta giharrak Paulao Prestes brasildarraren gorputz zabalean.
Lagun Aroren ibilera sendoak ahulune arriskutsu bat du: etxetik at jokatzen dituen partidak. Bakarra irabazi du, Menorcan, eta etxean oso txukun ari bada ere, komeni etxetik kanpo ere partidaren bat irabaztea. Kanaria Handiaren aurkako garaipenak konfiantza bueltatu du Donostia aldera. Batez ere taldeko makulurik sendoenak diren bi jokalariei: Jimmy Baroni eta David Doblasi.
Granadak 75-77 galdu zuen bi aste atzera etxean Bilbo Basketen aurka, polemikarekin, baina bere sasoi onaren erakusle egokiagoa da azken jardunaldian Joventut menderatu zuela, Badalonan. Garaipen hori etxean beste bat lortuz biribildu nahiko du.
Granada ez da sailkapenak erakusten duen bezain talde kaskarra
Aurrerapauso handia eman dezake Lagun Arok gaur, lehen itzulia zortzi talderik onenen artean bukatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu