Granadan irabazi eta sailkapenean gora egin nahi du Realak

Jaisteko postuetatik erabat aldendu eta aurrera begiratzeko aukera ederra dauka Montanierren taldeak

Agirretxe, baloia harrapatu nahian, Sevillaren aurkako lehian. JON URBE / ARP.
Donostia
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Sevillaren aurkako partidan bezala, aurrerapauso bat ematen ahaleginduko da gaur eguerdian Reala Granadaren zelaian, gauza handia baita lasaitasunaren eremuan sartuta egotea. Horri esker, beste toki bat izan dute Ruben Pardoren agerraldi distiratsuak eta David Zurutuzaren kontratu luzatzeak, albiste aparta bide batez esanda, txuri-urdinen inguruan. Joan den astelehenean itxura ederra eman zuten Montanierren jokalariek, eta bide beretik jarraitzeko gai direla erakutsiz gero, zer esana izango dute Carmenes zelaian.

Hemeretzi jokalari sartu zituen atzo zerrendan Realeko entrenatzaileak, tartean Xabi Prieto, garaiz sendatu baita. Demidoven eta Elustondoren lekukoa —biak min hartuta— Ansotegik eta De la Bellak hartu dute. Edonola ere, aldaketa horiek ez dute eraginik izango hamaikakoan, eta gehienez jota, aldaketa bakarra egingo du entrenatzaileak: Griezmann Prieto edo Velaren ordez.

Granadak lehen itzulia amaitzearekin bat kendu zuen kargutik Fabriciano Gonzalez Fabri, igoerako entrenatzailea. Ez hainbeste emaitza bolada txarragatik —hiru porrot segidan zeramatzaten—, baizik eta kirol arduradun eta aldagelako kideekin izandako ika-mika etengabeengatik.

Abel Resino Atletico Madrileko teknikari ohiak bete zuen haren tokia, urtarril amaieran, eta emaitzek beste ezer ezkutatzen ez badute bederen, ezin esan aldaketak kalte egin dienik andaluziarrei: Betis eta Malaga garaitu zituen jarraian, azken aldiz, eta galdu Madrigalen Vila-realekin. Zaragoza kenduta, sailkapenaren bigarren erdian daudenen artean ez dago ia alderik puntuei dagokienez. Eta Granadak. esaterako, Realak adina puntu bildu ditu etxean: hamasei.

Abelek Iñigo Perez erdiko atzelaria baino ez du berreskuratu hasierako hamaikakorako. Dani Benitez trebeak ez ditu atzean utzi giharretako arazoak, eta kanpoan geratu da, Realaren mesederako. Yebdak azken lan saioan belaunean hartu zuen min, eta, Jose Juan atezaina bezalaxe, ez da arituko. Jaime, Mainz eta Roberto Osasuna atezain ohia deialdian sartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.