Aste Santua, penitentzia eta barkamen garaia. Lagun Arok, lau hilabete hauetan egin duen lan txarragatik, egindako bekatuengatik, zaleei barkamena eskatzeko azken aukera du bihar. Zalantzan jarri behar da aukera baliatzeko moduan egongo den edo ez, Aste Santu betean Illunbera zale gutxi joatea espero delako. Granadak ere ez du asko laguntzen partida erakargarri egiten, ligako talde kaskarrenetakoa delako.
Kontuz, dena den, Granadarekin, orain dela aste batzuk hanka eta erdi urrezko LEB ligan zuelako, eta gaur, ACB ligan segitzeko aukera handia duelako. Besteak beste azken bi partidak irabazi dituelako: Joventuti etxean eta Valladolidi etxetik urrun. Denboraldiko sasoi onenean iritsiko da Granada Donostiara, eta helburu garbia du: irabaztea, Lagun Aro estutzeko, baina bizirik jarraitzeko. Granada bera, Menorca, Alacant eta Manresa ari dira borrokan ez jaisteko, eta Granadak indar handia har dezake gaur irabazita.
Zenbakien logika normalari desafioa eginez, Lagun Aro bera ere egoera arriskutsuan gera liteke, gaurko partida galduko balu. Bi garaipenera geratuko litzateke Granada, artean hiru jardunaldi faltako direla. Puntu aldea ere erabakigarria izan liteke. Lagun Arok zazpi punturen aldearekin irabazi zuen joanekoan Granadan, donostiarrek etxetik at jokatu duten partidarik onenean, eta Granadak zazpi punturen alde hori iraultzea lortzen badute, urduritasuna zabal daiteke Donostian.
Balantzaren bestaldean, ez kontu eta ez ezer. Lagun Arok irabazten badu, mailari eustea lortuko du Pablo Lasoren taldeak, eta txarra ez, azken hiru partidetatik bi Baskonia eta Bartzelonaren aurka jokatuko baititu, etxetik at —bestea CAI Zaragozaren aurka, etxean—. Granadaren aurkako garaipenak, ordea, nekez estaliko du taldea eta zaleen arteko haustura. Haserre daude zaleak, Lagun Aro bigarren itzulian gaizki aritu delako eta, halere, zuzendaritzak Lasoren kontratua berritzea erabaki duelako. Egia da Lasok agindutakoa bete duela. Alegia, taldea ACB ligan mantentzea, baina aurreko sasoiarekin konparatuta, koska bat behera egin du taldeak, ustez talde hobearekin, eta horrek ernegatu egin ditu zaleak. Granadaren aurka galduz gero, areagotu egingo da haserre hori.
Granadari irabazi eta Liga lasai bukatu nahi du Lagun Arok
Hiru garaipenen aldea dute gipuzkoarrek, baina gaur galduz gero, arriskuan egongo lirateke (12:30, ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu