Taldeak xaxatu eta esprinterrak erantzun. Lottok gogotik lan egin du Giroko bosgarren etapan, eta Andre Greipelek nagusitasun handiz irabazi du Beneventora bidean. Gorako joera zeukan azken kilometroak, harbide zatia ere bai, eta esprintari oso urrutitik ekinda, gozatua hartu du alemaniarrak. Marcel Kittelek (Etixx) oso-oso erraz irabazi zituen Giroko lehen bi esprintak, eta irudi berbera irudikatu du Greipelek ere. Arnaud Demare (FDJ) eta Sonny Colbrelli (Bardiani) helmugaratu dira atzetik. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik eta Tom Dumoulinek (Giant) jarraitzen du lider.
Giroko bigarren etaparik luzeena egin dute gaur (233 km), baina, espero bezala, azken aldapatxoak eman du epaia. Hori bai, aurretik izan da eguneroko saiakera luzea. 40. kilometroan jo dute erasoa Amets Txurrukak (Orica), Daniel Ossek (BMC), Pavel Brutek (Tinkoff) eta Alexander Foliforovek (Gazprom), eta zazpi minutuko aldea ere izan dute, eta helmugara iristeko zazpi kilometro falta zirela harrapatu ditu tropelak. Bi hutsune izan dira etapan zehar, Omar Frailerena (Dimension Data) eta Jakub Mareczkorena (Wilier).
Ponte eta Roccaraso artean, seigarren etapa jokatuko dute bihar (165 km). Torrecuso (3) eta Bocca della Selva (2) igoko dituzte etaparen hasieran, eta Roccaraso bigarren mailako mendatean amaituko da etapa. Ondo bidean, faboritoen arteko lehen lehia serioa izango da azken kilometroetan.