Andre Greipelek (Lotto-Belisol) irabazi du Frantziako Tourreko 5. etapa esprintean nagusituta —Rouen eta Saint Quentin artekoa; 196,5 kilometro—. Cavendish dagoenean ere irabazi dezakeela erakutsi du.
Tropelak lana gogotik egin behar izan du ezustekoa ematear egon baitira 3. kilometrotik ihes eginda ziren Urtasun (Euskaltel-Euskadi), Ladagnous (FDJ), Simon (Saur-Sojasun) eta Ghyselinck (Cofidis). Euskalduna helmugarako 200 metro falta zirela harrapatu dute esprinterrek, aurrez azken kilometro bortitza eginda. Gaur, atzo ez bezala, Cavendish, Goss eta konpainia ere bertan izan dira, baina ezin izan diote Andre Greipeli gurpila usaindu ere egin. Maisutasunez irabazi du.
Mathew Goss (Orica-Green Edge) eta Juan Jose Haedo (Saxo Bank-Tinkoff) izan ditu atzetik, hurrenez hurren. Cavendish erabat lehertuta iritsi da, 5. postuan. Fabian Cancellarak jarraitzen du lider.
Eguneko iheslariek 3. kilometroan egin dute alde eta, helmugarako 10 kilometro faltan doi 30 segunduko aldea zuten arren, ozta-ozta harrapatu dituzte.
Bihar korrituko dute Tourreko 7. etapa: Épernay - Metz, 207,5 kilometro. Ibilbide laua, esprinterrentzako egokia, beste behin.
Orain arteko etapak
- Aitzin-etapa (6,4 kilometroko erlojupekoa). Irabazlea: Fabian Cancella. Liderra: Fabian Cancella.
- 1. etapa. Irabazlea: Peter Sagan. Liderra: Fabian Cancellara.
- 2. etapa. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Fabian Cancellara.
- 3. etapa. Irabazlea: Peter Sagan. Liderra: Fabian Cancellara.
- 4. etapa. Irabazlea: Andre Greipel. Liderra: Fabian Cancellara.
- 5. etapa. Irabazlea: Andre Greipel. Liderra: Fabien Cancellara.