Epopeia: gertaera ospetsuen kontaketa epikoa. Grekotik datorren hitza da, eta Grezian ekingo dio Euroligari gaur Caja Laboral Baskoniak: Greziako bihotzean, Atenas hiriburuko Piraeus auzoan, Olympiakos jarduneko txapeldunaren etxean. Motibazioa erabateko izateko hasiera aproposagorik ezin egin, beraz. Joan den denboraldian, Euroliga irabazi zuen Olympiakosek, eta antzeko epopeia errepikatu nahi luke Baskoniak. Atenasko taldearen garaipenak asko izan zuelako epikotik. Inork ez zuen espero haien txapela, eta antzeko adibideak ispilu egokia dira faboritoen zerrendatik kanpo dauden taldeentzat; Caja Laboralentzat, esaterako.
Gasteiztarrak pausoa galduta dabiltza Euroligan. Inor ez da gogoratzen, dagoeneko, jarraian jokatutako Lauko lau Finalekin, eta bai joan den sasoian hartutako muturrekoarekin: lehen fasean etxera, eta 11 urtetan lehen aldiz, Top 16tik kanpo. Baskoniako zuzendaritzak mezua zabaldu du dagoeneko: ezin da berriz gertatu azken sasoian gertatu zena. Andres Nocionik ere taldea Lauko Finalik jokatu gabe utzi zuela gogorarazi du, orain zortzi urte luze, eta zorretan sentitzen dela zaleekin: «Lauko Finala zer den sentitu nahi nuke, eta hori izango da nire eta taldearen helburua».
Nocionik sentitzen duena esaten du, zalantzarik ez, baina Lauko Finala utopia bat da Baskoniarentzat gaur-gaurkoz. Mila arazo izaten ari da sasoi hasiera honetan. Saskipea herren du Tibor Pleiss eta Milko Bjelicaren lesioen ondorioz, eta Maciej Lampe ere berde dago. Astearte arratsean Taylor Rochestiek bigarren graduko bihurritua egin zuen orkatilan, eta bizpahiru aste emango ditu, gutxienez, osatzen. Thomas Heurtel gaizki ari da, Carlos Cabezas erritmoa hartu ezinik, eta Brad Oleson, Fabien Causeur, Fernando San Emeterio, Nocioni eta Nemanja Bjelica ez dira nahikoa Olympiakosi aurre egiteko.
Aurrekontua murriztuta ere, Olympiakos talde handia baita, are gehiago etxean. Vassilis Spanulis, Pero Antic, Richard Dorsey, Kyle Hynes, Kostas Papanikolau, Georgios Printezis eta Dimitrios Mavroeidis han dira, besteak beste, eta ustekabe handi samarra litzateke Baskoniak irabaztea. Huts egiteko tarte txikia dago lehen fasean, eta Baskoniaren multzoak oztopo asko ditu.
Multzo gaiztoa
Lau onenen artean sailkatzeko lanak izan ditzakete arabarrek lanean serio jartzen ez badira, itxuraz multzoko talde ahulenak direnak ez direlako uste bezain ahulak. Cedevitak Bozidar Maljkovic du agintari, eta jokalari on asko: Andric, Gelabale, Marko Tomas, Bazdaric, Ilievski... Zalgirisek lituaniarren alde egin du, eta aulkian Joan Plaza kataluniarrari eman dio aginte makila. Beste bi taldeak Emporio Armani Milan eta Anadolu Efes dira, Baskoniaren pare edo hobeto daudenak. Hasierak, beraz, asko esango du. Bigarren jardunaldian Zalgiris etorriko da Gasteizera. Bietako bat irabaztea funtsezkoa da.
Saskibaloia. Euroliga
Greziako epopeia
Baskoniak ezinezko ikusten du Lauko Finala gaur, baina Olympiakosentzat ere halaxe zen gaur urtebete, eta irabazi egin zuen geroRochestiek orkatila bihurritu du, eta etxean geratu da; Milko Bjelica, berriz, Atenasen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu