Antoine Griezmann Realeko jokalariak (Frantzia, 20 urte) oso garbi laga du taldea aldatu nahi duela. "Erabaki bat hartu dut, eta Atletico Madrilera joan nahi dut. Gustatzen zait haren proiektua, eta normalean Europako txapelketak jokatzen ditu". Hala adierazi du Griezmannek L'Equipe Frantziako kirol egunkarian.
Une hauetan Kolonbian da Realekoa, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatzen Frantziarekin. Selekzio nagusiarekin jokatzea da haren xedeetako bat. "Frantziako selekzio nagusian aritzeko, uste dut kluba aldatzea dudala onena. Izan ere, azkarrago hobetzen duzu oso jokalari onekin jokatuta".
L'Equipe-ren arabera, Realak 15 milioi euroko kopurua jarri du Griezmann saltzeko. Horrek jakinarazi du klubak duela hiru astetik ez diola ezer esan, eta bere garaian fitxa hobetuko ziola agindu ziotela baina ez dela halakorik izan. "Ea bi klubak ados jartzen diren".
Montanierren erantzuna
Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak jokalariari gogorarazi dio kontratua daukala. "Ez dakit Griezmannen adierazpen hauek berriak diren ala ez. Seguru dakidana da Realarekin kontratua duela eta nik harekin kontatzen dudala".