«Gu kirolariak gara, eta ez gaizkileak»

Alejandro Valverde dopinaren itzalari ihes egin ezinik dabil azken urteotan. TASen behin betiko erabakiaren zain dago espainiarra, eta egoera zail horretan egingo dio aurre Euskal Herriko Itzuliari.

unai zubeldia
Donostia
2010eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Puerto auziaren zipriztinei ihes egin ezinik bizi da Alejandro Valverde. 2007an Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) Stuttgarteko (Alemania) Munduko Txapelketan parte hartzeko betoa jarri nahi izan zion, Puerto auzian zerikusia zuela iritzita. UCIk atzera egin zuen azkenean, baina 2009ko otsailaren 11n hasi zen Valverderen bigarren gurutze bidea. Italiako Olinpiar Batzordeak (CONI), Ettore Torri dopinaren aurkako prokuradorea buru zela, 2006ko maiatzaren 23an Guardia Zibilak eskuratutako 42 odol lagin zeuzkala jakinarazi zuen. DNA probaren bidez, horietako batean -18- Valv.Piti izenekoan- 2008ko Tourrean Italian amaitu zen etapan Valverderi egindako kontroleko odola zegoela ziurtatu zuen CONIk. Horrekin ziurtzat jo zuen espainiarrak lotura argia zeukala Eufemiano Fuentes buru zuen dopin sarearekin.

CONIk Italian lehiatzeko bi urteko zigorra jarri zion Valverderi, eta txirrindulariak helegitea aurkeztu zuen Kirola Epaitzeko Auzitegian (TAS). TASek martxoaren 16an jakinarazi zuen CONIk «eskumena» duela bi urteko zigorra jartzeko, eta «neurriko» zigorra dela. Txirrindulariak ez du onartu TASen erabakia, besteak beste «epaile baten partzialtasunagatik». Valverdek azken helegitea jarri du, eta, aurreikuspenen arabera, apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran jakinaraziko dute behin betiko epaia. CONIk Italian jarritako zigorra mundu osora zabaltzeko arriskua dauka Valverdek, eta kasu horretan bi urtez ezingo luke lasterketa bakar batean ere parte hartu.

Egoera zail horretan iritsiko da Valverde Euskal Herriko Itzulira. Samuel Sanchezekin (Euskaltel-Euskadi) batera, bera da itzulia irabazteko faboritoa. Ibilbidea oso gustukoa du, garaipen gosez dago, eta pedalkada bakoitzean amorrua nabarituko zaio. Zuzen hitz egiten du, motz, hitz bakar bat ere alferrik esan gabe.

Azken asteetako gorabeherekin, zer moduzko lana egin ahal izan duzu?

Gertatzen ari den guztiarekin, ahal den moduan ari naiz lanean. Baina ondo entrenatzen ari naiz, motibatuta nago, eta Euskal Herriko Itzuli on bat egin nahi dut.

Alejandro Valverde Zierbenako irteeran izango da beraz, ziur.

Bai, bai, printzipioz bai. Momentuz ez dago arazorik, eta taldeak baieztatu dit Euskal Herriko Itzuliko taldean nagoela. Berez ez luke arazorik egon beharko.

Itxura batean, itzulia irabazteko faboritoetako bat zara.

Nahiko sasoi onean iritsiko naiz Zierbenako irteerara. Ez nago nahi nukeen bezain ondo, ez nago bete-betean, baina gaizki ere ez nago, eta lasterketa buruan ibiliko naiz, etaparen bat irabazteko borrokan.

Ibilbidea ondo aztertuta edukiko duzu. Non erabaki daiteke itzulia?

Gutxi gorabehera ezagutzen dut ibilbidea. Euskal Herriko Itzulian edozein egun da garrantzitsua, baina Arrateko etapa erabakigarria izango dela uste dut. Hala ere, egunero daude emozio handiko etapa amaiera zailak.

Etapa amaiera guztiak oso aproposak dira zuretzat.

Bai, bai. Etapa amaiera gehienak onak dira niretzat, baina niretzat bakarrik ez. Txirrindulari on asko egongo dira irteeran, eta Samuelentzat [Sanchez] batez ere, oso egokiak dira etapa amaierak.

Aurten Alberto Contador ez da izango irteeran. Horrek dezente alda dezake txirrindulari batzuen jarrera, ezta?

Alberto ez da egongo, eta azken urteak eta denboraldi honen hasiera aztertuta, argi dago gainditzeko txirrindulari zaila dela, baina ez da gaindiezina. Hala ere, Alberto egongo ez bada ere, aurkari gaizto asko egongo dira.

Zer garrantzi dauka zuretzat Euskal Herriko Itzuliak?

Izugarri gustatzen zait itzuli hau, eta ahal izan dudan guztietan parte hartu dut. Euskal Herriak asko eman dit gaztetatik, eta gustatzen zait ahal dudanean bertan egotea.

Izan ere, amateur mailan, Banestora iritsi zinen, Nafarroako taldera.

Kadeteetan pare bat lasterketa egin nuen Euskal Herrian, eta ondoren gazte mailan, amateur mailan eta profesionaletan ere beti saiatu izan naiz horko lasterketetan parte hartzen. Ia-ia erdi-euskalduna naizela esan daiteke.

Zure egoeran, epai baten zain zaudenean, nola lortzen da motibatzea eta ilusioari eustea?

Zaila da, zaila da. Egun batzuetan asko kostatzen da entrenatzera joatea, baina tropeleko kideekin elkartu eta bere kasa etortzen da motibazioa. Fran Perez, Luis Leon [Sanchez], [Jose Joaquin] Rojas, amateurrak... horiekin elkartzen naizenean animatu egiten naiz. Ahal den moduan egoera ahaztu eta ondo entrenatzen saiatzen naiz.

Gehienetan bezala, etxekoek nabarituko dituzte gehien zure momentu txarrak eta ezinegonak.

Bai... Mutikoekin nagoenean gustura egoten naiz [hiru ume dauzka; bi urteko bikiak eta bi hilabeteko beste bat], eta une horietan saiatzen naiz kontu horietan gehiegi ez pentsatzen. Hala ere, hau izan dadila niri gertatu beharreko gauzarik txarrena.

Oraindik sinesten duzu justizian?

Bai, justizian sinetsi beharra dago, bestela ez baitakit zer egin daitekeen. Kirol arloko justizia da niri dagokidana. Justizia arruntaz ariko bagina hizketan, badakit ez legokeela inolako arazorik. Baina kirol arlokoa denez, ederki izorra zaitzakete. Egoera zaila da, deserosoa. Urte asko dira jada borrokan, ez da hilabete batzuetako kontua. Aspaldi hasitako auzia da, eta, erabakia dena delakoa dela ere, jakiteko gogoa daukat jada.

TASen epaia jasotzearekin batera, epaileetako baten partzialtasuna kritikatu zenuten.

Bai, bai. Epaileetako bat Dopinaren Aurkako Munduko Agentziarentzat (AMA) lanean aritu zen bere garaian, eta, beraz, partziala izan da epaiketa. Berez horrek ez du ezer esan nahi, baina susmo txarra sortzen du.

Zuk behin eta berriz esan duzu errugabea zarela, baina zergatik daude hainbeste zalantza Valverderen inguruan?

Ez dakit... Nire kontrako jazarpena egiten ari dira. Baina niri ere gustatuko litzaidake jazarpen horren arrazoia jakitea.

Zein izan da orain arteko momenturik gogorrena?

Egun batzuk besteak baino gogorragoak dira, baina albistea jaso nuen eguna eta biharamuna izan ziren gogorrenak. Ez zaizkit ahaztuko.

Une gogor hauetan ezagutuko zenituen, ziurrenik, benetako lagunak. Askok huts egin dizute?

Benetako lagunek, normalean, beti ondoan jarraitzen dute, eta horiek ez didate hutsik egin. Gauza on horiekin geratu beharko dugu! Momentu txar hauei esker jakin dut benetako lagunak zein diren, benetan zer daukadan inguruan, eta ona da hori ere, badakizulako lagun hitza norekin erabil dezakezun.

Momenturik txarrenetan eduki duzu amore emateko tentaziorik?

Ez dizut gezurrik esango. Noizbait pasatu izan zait horrelako burutazioren bat burutik, baina norberak badakienean errugabea dela, errugabetasun horren alde borroka egiten saiatzen da. Ikusi egin beharko da azkenean nola amaitzen den dena, baina egunero ohetik jaiki, errugabea naizela ikusi, eta jarraitzeko indarra sentitzen dut.

Atzera begira jarrita, noiz esan zuen Alejandro Valverde mutiko hark «nik txirrindulari izan nahi dut»?

Bederatzi urterekin. Gogoan daukat BMK markako bizikleta bat erosi zidatela gurasoek.

Gerora noizbait damutu al zara bere garaian txirrindularitzaren bidea hartu izanaz?

Inola ere ez. Bizikletari zor diot daukadan guztia, eta, beraz, inoiz ez naiz damutu eta ez naiz damutuko. Izugarri gustatzen zait txirrindularitza, gozatu egiten dut, eta egiten duzuna gustatzen bazaizu, nahi dutena egingo dizute, baina ez zaituzte geldituko.

2002an egin zenuen debuta profesionaletan. Nola gogoratzen duzu pauso hura?

Niretzat oso garrantzitsua izan zen pausoa. Ilusioz eta pasioz gainezka egin nuen debuta, gauzak ahalik eta ondoen egiteko ametsarekin.

Gogoratzen zara zer egin zenuen lehen soldatarekin?

Lehen soldatarekin auto bat erosi nuen [ez du markaren izenik eman], eta pixka bat aurrerago etxea.

Berehala hasi zinen lasterketak irabazten eta txaloak jasotzen. Adin horretan ez zen erraza izango, hala ere, buruari bere lekuan eustea.

Zaila da, askotan itota sentitzen zarelako horrelako egoera baten aurrean. Gaztea zara, irabazten ari zara... Adin horretan ahal den moduan egin behar izaten da aurrera, eta urteak igaro ahala ikasten da lasaiago egoten, emaitza bakoitza hobeto barneratzen eta gauzak hobeto egiten.

2005ean parte hartu zenuen lehen aldiz Frantziako Tourrean, eta Alpeetako lehen etapan, Courchevelen, etapa irabazi zenuen, Lance Armstrongen aurretik. Izugarria izango zen hura, ezta?

Ondo gogoan edukitzeko eguna izan zen, betirako koadro batean sartuta eduki beharrekoa.

Garaipen horrek ez al zizun, hala ere, gehiegizko presiorik sortu?

Presioa sortu zidan, ez dizut ezetz esango, baina horrelako pausoekin lortzen da txirrindularitzan ibilbide bat egiten hastea. Pauso garrantzitsua izan zen, eta ez Tourrari begira bakarrik, beste lasterketa batzuetarako ere bai.

Nola definituko zenuke Armstrong?

Historiako txirrindularirik onenetakoa da niretzat, eta oraindik ere gauza asko egiten ari da txirrindularitzaren alde.

Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa bi aldiz irabazitakoa zara, 2006an eta 2008an, eta Fleche-Wallone proba ere irabazi zenuen 2006an. Zein da klasikorik gogorrena, eta zein erakargarriena?

Parte hartu dudanen artean Lieja-Bastogne-Lieja da gogorrena, inolako zalantzarik gabe. Oso erakargarria da, oso polita. Eta nire ezaugarriak kontuan hartuta oso aproposa ez bada ere, niretzat Paris-Roubaix ere oso proba polita da. Aurten berriz saiatuko naiz klasikoren bat irabazten. Amstel Gold Race, Fleche-Wallone eta Lieja-Bastogne-Liejan parte hartzen saiatuko naiz, nahiz eta ikusi egin beharko den nire egoera zertan den. Dena ondo joanez gero, Dauphine Libere eta Tourra egingo ditut gero, baina gertuagoko helburuak jartzea dagokit orain. Euskal Herriko Itzulian murgilduko naiz, nire etorkizuna dagoen bezala dagoelako.

«Den bezalakoa izaten utzi behar zaio». Eusebio Unzue Caisse d'Epargneko zuzendariaren hitzak dira. Baina nolakoa da Valverde?

Presioa gustatzen zait, baina gehiegi ere ez, nik nahikoa jartzen baitiot neure buruari. Txirrindulari batzuk hobeto aritzen dira zuzendariaren presiopean, baina nire kasuan neuk egiten dut lan hori. Aparteko presiorik gabe etxean egotea gustatzen zait, egin beharrekoa ondo egiteko.

Hori txirrindularitzako Valverde da, baina nolakoa da txirrindularitzatik eta lasterketetatik kanpokoa?

Familiarekin etxean lasai egotea gustatzen zait, eta umeekin eta Murtziako eguzkiarekin gozatzea [Euskal Herrian zer eguraldi dagoen galdetu du azkar, itzulian lehiatzeko asmoa daukan seinale].

Caisse d'Epargnek denboraldi amaieran utziko dio taldearen babesle izateari. Albiste txarra da hori bai zuentzat eta baita txirrindularitzarentzat ere.

Oso albiste txarra da, bai. Pena da gurea bezalako talde handi batek babeslea galtzea. Taldea lan bikaina egiten ari da eta Pro Tour ligan lehen postuan dago, baina bankuaren erabakiak dira horiek. Egin duten guztiagatik eta egingo dutenagatik eskerrak eman beharrean gaude, hala ere. Dena den, Eusebio Unzuek lasaitasuna ematen digu, eta gu lasai gaude, hilabete asko geratzen direlako oraindik.

Zer ikasi duzu azken urte gogor hauetan?

Helduagoa izaten, pixka bat gehiago pentsatzen eta lasaitasunez jokatzen.

Zergatik tratatzen dira txirrindulariak gaizkile gisa?

Horixe jakin nahiko nuke nik ere. Gu kirolariak gara, eta ez gaizkileak. Jende askok uste du txirrindulariak drogazaleak direla, baina kirol honetan dopina egoteak ez dauka zerikusirik drogazale izatearekin. Leku guztietan dago dopina, baina txirrindularitzako dopinak ez dauka zerikusirik drogazaletasunarekin. Gauza asko nahasten dira. Azkenean nekatu egiten du horrek, baina borrokan jarraitzea da gure lana, aurrera egiten saiatzea. Kontrol pila bat pasatzen dugu, eta gero eta dopin gutxiago dago, zorionez.

Merezi al du hainbeste sufritzea?

Azkenean gustatzen zaiguna egiten dugu. Kirol arloan sufritu egiten da, baina gustuko sufrimendua da hori. Eta kirol arlotik kanpo espero dut berandu baino lehen gauzak aldatzen hastea.



Nortasun agiria

Izena: Alejandro Valverde.

Jaioteguna: 1980ko apirilaren 25a.

Jaioterria: Las Lumbreras de Monteagudo (Murtzia, Espainia).

Altuera: 1,78 metro.

Pisua: 61 kilo.

Debuta: 2002an, Kelme-Costa Blanca taldearekin.

Ibilbidea: Kelme Costa Blanca (2002-2003), Comunitat Valenciana-Kelme (2004), Illers Balears (2005), Caisse d'Epargne-Illes Balears (2006) eta Caisse d'Epargne (2007tik).

Lorpen garrantzitsuenak: 2003an Euskal Herriko Itzuliko etapa bat eta Espainiako Vueltako bi etapa eta hirugarren postua; 2004an Euskal Herriko Itzuliko etapa bat eta Espainiako Vueltako beste bat; 2005ean Paris-Nizako etapa bat eta bigarren postua, Euskal Herriko Itzuliko bi etapa eta Frantziako Tourreko etapa bat; 2006an Euskal Herriko Itzuliko etapa bat, Fleche-Wallone, Lieja-Bastogne-Lieja, Espainiako Vueltako etapa bat eta bigarren postua, UCI Pro Tourreko sailkapen nagusia eta hirugarren postua Munduko Txapelketan, errepideko proban; 2008an Lieja-Bastogne-Lieja, Dauphine Libereko bi etapa eta nagusia, Tourreko etapa bat, Donostiako klasikoa, Vueltako etapa bat eta UCI Pro Tourreko sailkapen nagusia; 2009an Kataluniako Voltako etapa bat eta nagusia, Dauphine Libere eta Espainiako Vuelta; eta 2010ean Paris-Nizako bigarren postua.





Motzean

Inoizko txirrindularirik onena?

Miguel Indurain.

Eta une honetako onena?

Argi dago itzuli handiei begira Alberto Contador dela onena.

Igoera bat?

Mont Ventoux.

Igo duzun aldaparik gogorrena?

Anglirukoa.

Garaipen bat?

Courchevelekoa, 2002koa, Armstrongi irabazi nionekoa.

Talde bat?

Caisse d'Epargne.

Gustuko lasterketa bat?

Lieja-Bastogne-Lieja.

Erlojupekoa?

Sakrifizio handiko diziplina gogorra.

Taldekide bat?

Bat esanez gero, besteak haserretu egingo dira, eta denak. Denak bat dira niretzat.

Aurkaririk deserosoena?

Lasterketa bakoitza mundu bat da, eta lider zoazenean, bigarren doana.

Frantziako Tourra?

Munduko lasterketarik garrantzitsuena.

Barruraino sartuta daukazun arantza hori?

Egunen batean Munduko Txapelketa irabaztea.

Erorketarik gogorrena?

2006ko Tourrekoa. Lepauztaia hautsi nuen.

Amets bat?

Kirol arloan Tourra irabaztea, eta kirol arlotik kanpo kontu hau behingoz amaitzea.

Euskal Herriko Itzuliko podiuma?

Samuel Sanchez lehenengo, neure burua bigarren jarriko dut, eta hirugarren... Zein datoz azkenean? Cunego hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.