Guardia Zibilak 14 lagun atxilotu ditu dopinaren aurkako operazio batean

Marta Dominguez atleta espainiarraren etxea miatu dute, eta tartean Eufemiano Fuentes atxilotu dute

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Puerto auzia lehenengo, 2006ko maiatzaren 23an; Grial auzia gero, 2009ko azaroan; eta Galgo auzia orain. Dopinaren aurkako hirugarren operazio handiak astindu zituen atzo Espainia eta Herrialde Katalanak. Guardia Zibilak hainbat atleta, prestatzaile eta medikuren etxetan eta enpresatan miaketak egin zituen atzo Palentzian, Madrilen, Segovian, Las Palmasen eta Alacanten; tartean, Marta Dominguez atleta espainiarraren etxea ere miatu zuen, Palentzian -3.000 metroko hesidunetako munduko txapelduna eta Espainiako Atletismo Federazioko presidenteordea da Dominguez-. Eskuko ordenadore bat, kartoizko kaxa bat eta metalezko maleta bat eraman zuten guardia zibilek bertatik. Arratsaldean deklarazioa hartu zioten, eta libre utzi zuten gauean. Beste kirolari batzuei legez kanpoko substantziak banatzea leporatzen diote Dominguezi. Orain lehiaketatik kanpo dago, haurdun baitago.

Dominguezekin batera, beste hamahiru lagun ere atxilotu zituen Guardia Zibilak: Eufemiano Fuentes medikua, Alberto Leon mendiko bizikletan txirrindulari izandakoa -Puerto auziarekin zerikusia zeukatelakoan ere atxilotu zituzten-, Manuel Pascua Piqueras entrenatzailea, Cesar Perez Marta Dominguezen prestatzailea, eta Jose Alonso Valero Dominguezen ordezkaria, besteak beste. Madrilgo 24. Instrukzio Epaitegiak agindu zituen atxiloketak, eta sekretupean dago kasua. Hasiera batean, Espainiako berripaper batzuek zabaldu zuten Pascua Piqueras kirol entrenatzailearen taldeko atleta guztiei deklarazioa hartuko ziela epaileak, baina Reyes Estevezek, Pascua Piquerasek entrenatzen duen atletetako batek, gezurtatu egin zuen albiste hori.

Guardia Zibilak Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari (CSD) jakinarazi zion dopinaren aurkako operazio bat garatzera zihoala, eta Madrilgo dopinaren aurkako agentziako laborategiko bi teknikariren elkarlana eskatu zuen. Espainiako Atletismo Federazioak adierazi zuen «errudun guztiak zigortzea» nahi duela. Espainiako selekzioko kapitainak, Manuel Martinezek, «zuhurtasuna eta errespetua» eskatu zituen.

'Puerto' eta 'Grial' auziak

Orain lau urte eta erdi astindu zituen dopinak gogorren Espainia eta Herrialde Katalanak, 2006ko maiatzean. Puerto auziak zalaparta handia sortu zuen. Besteak beste, Eufemiano Fuentes, Manolo Saiz eta Ignacio Labarta txirrindulari taldeetako zuzendariak atxilotu zituzten operazio hartan. 2007ko martxoan artxibatu zuten auzia, nahiz eta joan den urtean kasua berriz ireki eta Alejandro Valverde zigortu zuten.

Iazko azaroan, Grial auzian, beste sei lagun atxilotu zituzten Espainian eta Herrialde Katalanetan; tartean, Paquillo Fernandez atleta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.