Simon Guerransek irabazi du gaur arratsaldean Espainiako Vueltako 10 etapa (Alacant-Murtzia, 171,2 kilometro), hiru iheskideri esprintean aurrea hartuta. Ryder Hesjedal geratu da bigarren, Jakob Fuglsang hirugarren, Alexander Vinokurov laugarren.
Vinokurov berriro aurreneko postuetan ikusteko aukera izan da, beraz. Dopinagatik bi denboraldi korritu gabe egon ondoren, uztailaren 24an itzuli zen lehiara. 2007ko Frantziako Tourrean eman zuen positibo, proba irabazteko aurrean ibili zen garaian. Aurtengo Vueltan 37. dago, 14.31ra.
Gaur lau haiekin batera Christophe Riblon, Antonio Piedra, Fran Perez, Leonardo Duque, Julian Sanchez Pimienta, Adrian Palomares, Aitor Perez, Arnaud Gerard, David de la Fuente, Beñat Intxausti, Matteo Tosatto, Juanma Garate, Adam Hansen, Linus Gerdeman eta Karsten Kroon ihes eginda ibili dira, baina azken horiek helmugara beranduago heldu dira, eta sakabanatuta -aurrena, 29 segundora-. Tropel nagusia 3.42ra iritsi da.
Alejandro Valverdek segitzen du lider -atzo lortu zuen lidergoa-. Cadel Evans dago bigarren -zazpi segundora-, Robert Gesink hirugarren -36ra-. Samuel Sanchez seigarren dago -1.03ra-, Haimar Zubeldia bederatzigarren -3.01era-.
Bihar korrituko dute itzuliko 11. etapa: Murtzia-Caravaca de la Cruz (200 kilometro). 50.ean lehen mailako mendatea izango dute, 150.ean bigarren mailakoa.
Ostegunean berriro izango dute atsegun eguna, eta ostiralean, larunbatean eta igandean mendiko etapak. Irailaren 20an bukatuko da Vuelta, Madrilen.
txirrindularitza
Guerrans garaile Vueltan
Dopinagatik bi urte korritu gabe egon ostean, berriz ere aurreneko postuetan izan da gaur Vinokurov; laugarren egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu