Eibarreko jokalaria

Andrea Alvarez: «Gugan sinistea funtsezkoa izan da liga hasiera iraultzeko»

Eibarrek eta Athleticek euskal derbia jokatuko dute gaur, Ipuruan (12:00, ETB1). Alvarezen ustez, taldeak «garapen handia» izan du liga hasi zenetik.

Andrea Alvarez, Eibarren entrenamendu batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andrea Alvarez, Eibarren entrenamendu batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Bigarren denboraldia du Eibar futbol taldean Andrea Alvarezek (Guatemalako hiria, 2003), eta aitortu du klubean «oso pozik» dagoela. Aurreko sasoian Bigarren Mailan sartu zituen zortzi golak hobetzea du begiz jota taldeko golegile nagusiak.

Sporting Huelvari irabazi eta gero, aste lasaia izango zen multzoarentzat, ezta?

Bai. Oso pozik gaude lortu genuen garaipenarekin, baina berehala aurrera begira jarri behar izan dugu, igandean [gaur] oso partida garrantzitsua baitugu. Taldean betidanik oso giro ona izan dugu, eta uste dut hori futbol zelaian ere nabaritzen dela. Espero dugu dinamika on honi segida ematea.

Azken sei partidak jokatzeko falta direla, jaisteko postuak hamar puntura daude. Eskura duzue mailari eustea.

Egia esan, bai. Halere, ezin gara fidatu, eta aurrera begira segitu behar dugu. Partida guztiak lehiatzeko eta irabazteko mentalitate eta gose hori mantendu behar dugu. Helburua zenbat eta lehenago lortu, orduan eta hobeto.

Bolada oso onean zaudete orain, baina liga hasiera zaila izan zen; aurreneko zortzi partidetatik sei galdu zenituzten. Gogorra izan zen?

Bai. Taldeak garapen handia izan du astetik astera, eta orain, dinamika on horri eusteaz gain, hobetzen jarraitzeko gogoa dugu. Maila aldaketa dela eta, bagenekien denboraldi hasiera zaila izango zela, baina asko kosta zitzaigun egokitzea eta partidak irabazten hastea. Dena den, aste barruan ondo ari ginen lanean, helburuan oso zentratuta, eta talde teknikoak asko lagundu zigun egoerari buelta ematen. 

Zein izan da egoera iraultzeko gakoa? Zertan hobetu du gehien taldeak?

Funtsezkoak izan dira multzoa batuta egotea eta helburua betetzeko genuen gaitasunean sinisten jarraitzea. Jokoari dagokionez, bereziki taktikoki eta defentsa arloan taldea oso ondo aritu da, ondo kokatuta egon ohi den taldea garelako, eta ondoren ditugun aukerak aprobetxatzea lortu dugu.

Taldearen arrakastaren arrazoietako bat Yerai Martin entrenatzailea ere bada. Zer esan dezakezu hari buruz?

Oso entrenatzaile ona eta gertukoa dela gurekin, eta hori oso ona da, edozein zalantza argitzeko prest dagoelako beti. Gauzak oso ondo egiten ari da, eta multzoa oso batuta dauka.

Zuretzat nolakoa izaten ari da denboraldia?

Oso pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin, eta taldekideei oso eskertuta nago gauzak errazagoak egiten dizkidatelako egunerokoan. Pozik nago, eta ahalegintzen naiz taldearentzat baliagarria izaten.

Sei gol sartuta, taldeko golegile nagusia zara. Bada zerbait.

Bai, oso pozik nago gol kopuru hori sartu izanarekin, baina talde lana ere badago horren atzean. Espero dut gol gehiago sartzea denboraldiaren azken txanpa honetan.

«Maila aldaketa dela eta, bagenekien denboraldi hasiera zaila izango zela, baina asko kostatu zitzaigun egokitzea eta partidak irabazten hastea. Talde teknikoak asko lagundu zigun egoerari buelta ematen». 

Aurreko sasoian, Bigarren Mailan, zortzi gol sartu zenituen. Hori hobetzea duzu helburu?

Bai, noski. Hasieran ez nekien ondo nola egokituko nintzen Lehen Mailara, eta zein izan zitekeen nire errendimendua golei dagokienez, baina egia da oso ondo egokitu naizela, eta kopuru hori berdindu ez ezik, hobetzea ere badut buruan. Betidanik izan dut golerako sen hori, eta, gainera, beti ondo moldatu izan naiz urrutitik jaurtitzen ere. Eta golik ezin badut sartu, beharrezkoa den beste lan hori ere egiteko prest nago beti. Edonola, area barruan egotea gustatzen zaion aurrelaria naiz.

Bigarren denboraldia duzu klubean. Gustura zaude?

Bai, oso. Hemengo jendea oso gertukoa da, beti laguntzeko prest dago, eta oso eskertuta nago. Uste dut hori zelaian nabaritzen dela.

Aurreko denboraldian ez bezala, etxeko partida guztiak Ipuruan jokatu dituzue, eta irabazi dituzuen zazpi neurketatik bost etxean izan dira. Aldaketa onerako izan da?

Baietz uste dut. Etxean gauzak ondo egin ditugu, eta iruditzen zait denboraldiaurre on bat egin izanak ere garrantzi handia izan duela. Oso polita da harmailetatik jendearen animoak jasotzea.

Athleticen aurkako derbia jokatuko duzue gaur Ipuruan. Zer espero duzu?

Espero dut gauzak ondo egin eta puntuak biltzea. Athletic talde indartsua da; badakigu ez digutela erraztasunik emango, baina guk oso argi daukagu zer egin behar dugun eta zertara jokatu nahi dugun; ea gauzak ondo ateratzen zaizkigun. 

Beste denboraldi baterako kontratua duzu. Berritzeko aukeraz hitz egiten hasi zara klubarekin?

Ez, oraindik ez. Goiz da. Oso pozik eta gustura nago hemen, baina horretaz oraindik ez dugu hitz egin.

18 urterekin, Guatemala utzi, eta Zaragozara joan zinen futbolean jokatzera. Nolakoa izan zen aldaketa?

Hasieran zaila izan zen, etxetik ateratzen nintzen lehen aldia izan baitzen. Gainera, gurasoek dezente mimatzen ninduten etxean, eta kosta egin zitzaidan eurak han utzi eta ni hona etortzea. Orain ikusten dut egin nuen esfortzu hura niretzat ona izaten ari dela.

Gurasoek eta senideek erreparatzen diote zure ibilbideari? Ikusi ahal izaten dituzte zure partidak?

Bai, bai. Partida guztiak ikusten dituzte, eta Eibarrek sare sozialetan eta bestelako tokietan argitaratzen duen gauza orori ere erreparatzen diote. 

Zein egoeratan dago emakumezkoen futbola Guatemalan?

Ez da liga profesionala oraingoz. Maila apur bat apala da, nahiz eta pixkanaka hobetzen ari den. Ea noizbait liga profesionala bihurtzen den.

realak atletico madril hartuko du gaur

Realak Espainiako Kopako finala jokatuko du maiatzaren 18an, Zaragozan (Espainia), Bartzelonaren aurka. Txuri-urdinek ahalik eta ondoen ekin nahi diote, eta, horretarako, suspertu egin beharra dute, oso bolada txarrean ari baitira ligan: zortzi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, ia hiru hilabete. Lehenbailehen egin behar dute gora finalera konfiantzaz iristeko.

Gaur daukate aukera mugarri izan daitekeen partida irabazteko: Atletico Madril hartuko dute (16:00, Dazn). Oroitzapen oneko aurkaria da, hura kanporatuta sailkatu baitziren finalerako. 

Natalia Arroyok argi du helburua: «Sentipenak berreskuratu nahi ditugu. Ondo entrenatzen ari gara, eta ea irabazten dugun. Berdintzen badugu, izan dadila ondo jokatuta. Ahalik eta ondoen iritsi nahi dugu finalera. Bide hori egiten ari gara».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.