«Gurea baino talde hobea dute orain»

Athleticek Olympique Marseillaren aurka jokatu zuen duela bi urte Europa ligan, eta, orduko hartan, Rafa Alkorta Frantziako taldeko bigarren entrenatzailea zen. Haren iritziz, frantziarren egungo taldea ordukoa baino «osoagoa» da, eta haien erasoa nabarmendu du.

haritz gallastegi
Bilbo
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Athleticek denbora gutxian bigarrenez neurtuko ditu indarrak Olympique Marseillarekin. Duela bi urte pasatxo ere Europa ligan aritu ziren, nor baino nor gehiago. Final-hamaseirenetako kanporaketa izan zen. Joanekoan, Aritz Adurizek sartutako gol eder batek bideratuta utzi zuen kanporaketa (0-1), baina San Mamesen nahi baino gehiago sufritu behar izan zuten zuri-gorriek final-zortzirenetarako sailkatzeko. Michy Batshuayik aurretik jarri zuen Frantziako taldea lehen zatian, eta Sabin Merinok banakoa lortu zuen neurketaren azken txanpan, 81. minutuan.

Athletic gutxi aldatu da ordutik hona. Itzuliko lehia jokatu zuten hamalau jokalarietatik Aymeric Laporte baino ez da falta. Hori ez da ohikoa egungo futbolean. Olympique Marseillak, ordea, ia pieza guztiak aldatu ditu. Talde berria dela esan daiteke. Aulkitik hasita. Egun, Andoni Zubizarreta Athleticeko atezain eta kirol zuzendari izandakoa da frantziarren kirol arduradun nagusia, eta Rudy Garciak zuzentzen du taldea. Orain dela urte bi, Jose Miguel Gonzalez Michel zen entrenatzailea, eta Rafa Alkorta Athleticeko jokalari izandakoa zen haren laguntzailea (Bilbo, 1968).

Alkorta ez da aulkietara itzuli Marseillako esperientzia amaitu zuenetik. Bilbon bizi da, eta, besteak beste, futbol partiden analisiak egiten ditu. Athletic gertu- gertutik jarraitzen du, baina bere talde ohiaren berri ere badauka. Olympiqueko agintariek apustu sendoa egin dute Michelek eta Alkortak kluba utzi zutenetik, eta, beraz, aurreko kanporaketan baino «aurkari zailagoa» izango dela iritzi dio. «Kanporaketak ez dauka faborito argirik. Parean daude bi taldeak. Olympique asko aldatu da gu egon ginenetik, klubak inbertsio handia egin baitu azken urteotan. Duela urte bi Athleticen kontra neurtu zen taldea baino indartsuagoa da oraingoa. Hala ere, itzulikoa San Mamesen jokatuko dela aintzat hartuta, Athleticek izango du aurrera egiteko aukera».

Zuri-gorrien aurkaria Frantziako Lehen Mailako talderik onenetan hirugarrena da. Egun, Marseillarentzat ezinezkoa da Paris Saint-Germain ahaltsuarekin parez pare lehiatzea —hamalau puntura du sailkapenean—, baina ez du aparte bigarren sailkatua, Monako: lau puntura. Talde indartsua da Marseillakoa. Talentua eta eskarmentua uztartzen ditu lerro guztietan, baina batez ere zelai erditik aurrera dauka indarra. «Erasoan defentsan baino talde hobea da; sormen handia du. Thauvin ari da nabarmentzen, ikusgarri ari baita; Payet ere ona da. Bestalde, Mandanda itzuli da Ingalaterratik. Inoiz ikusi dudan atezain onenetakoa da, taldeko zutabe nagusietako bat. Finean, Olympique talde orekatua da».

Baina talde bat ez dute indartsu egiten jokatzen ari diren futbolariek soilik. Bestelako faktore batzuek ere garrantzi handia dute. Aurretik egindakoak eta taldeak inguruan duenak ere laguntzen dute arrakastak lortzen. «Tradizio handiko kluba da. Europako Kopa irabazi zuen, eta horrek beti ematen du zerbait. Gainera, talde ona dauka. Baina, batez ere, etxean aritzen denean da indartsua. Jarraitzaile beroak ditu, eta presio handia egiten dute. Zaleen babesarekin, estu hartu ohi ditu aurkariak».

Frantziako taldearen jarraitzaileen inguruan dago kezka, hain zuzen ere. Athleticen eta Spartak Moskuren itzulikoaren atarian gertatu zena kontuan hartuta —istilu larriak izan ziren, eta ertzain bat hil zen, bihotzekoak jota—, eta duela bi urte Marseillaren zaleen bisitaren harira Bilbon izandako liskarrak aintzat hartuta, ezinegona da nagusi. Alkorta zorrotz mintzatu da gaiaren inguruan. «Penagarria da. Spartak Moskuk San Mamesen jokatu zuenean, zale errusiar asko ikusi nituen Bilboko kaleetan. Haiek hiriaz eta futbolaz gozatzen ari ziren. Baina beti dago taldetxo bat jarraitzaileen izena zikintzen duena. Neurriak hartu behar dira. Muturreko zaleei bidea itxi behar zaie. Ezin dira futbol zelaietara iritsi. Baina ez da erraza».

Zigandari, babesa

Athleticek aurkari gogorra izango du aurrean eta, era berean, Marseillaren zale batzuk kontrolatzea ere ez da samurra izango. Frantziara doazen jarraitzaile zuri-gorriek arretaz ibili beharko dute. Baina, futbol zelaian sartu eta esertzen direnean, Athleticek emango duen mailak sortuko die kezka. Ez baitago baikor izateko arrazoi askorik. Taldeak gauzak hobeto egin ditzakeela onartu arren, Alkortak ez du gustuko jarraitzaile batzuek Kuko Zigandarekin izan duten jarrera. Bihar kanpoan ariko da Athletic, baina taldeko jokalari ohiak zaleei eskatu die jarrera aldatzeko etxeko partidetan. Txistu egin behar bada, neurketa amaierara arte itxarotea eskatzen du; izan ere, horrelako jarrerek ez diote mesederik egiten taldeari.

Haren ustez, «onenak eman dituen belaunaldi baten ardura» eman diote Zigandari. «Batzuetan zein garen ahazten dugu. Kuko defendatzen dut, zailtasunak dituen taldea hartu duelako. Taldeak urte oso onak izan ditu, baina denbora pasatu egiten da, eta Athletic ez da asko indartu. Aukera handirik ere ez du izan. Hori gutxi ez, eta lesio garrantzitsuak izan ditu». Eta, hala ere, uste du Athleticen sasoi amaiera «ona» izango dela. «Punta-puntako atezaina dugu. Iñigo Martinez goi mailako atzelaria da, Beñat eta De Marcos hasi dira gora egiten... baikor izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.