FUTBOLA

Gurpegi: "Ohorea izan da"

Athleticeko kapitainak iragarri du talde zuri-gorria utziko duela sasoia amaitutakoan. Ez du zehaztu erretiroa hartuko duen edo ez, baina Josu Urrutia presidenteak jakinarazi du eskaintza egin diotela klubean jarraitzeko. 

Carlos Gurpegi, Espanyoli duela bi urte eginiko gol bat ospatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 11
13:18
Entzun

Carlos Gurpegirentzat (Andosilla, Nafarroa, 1980) oso berezia izango da Athleticek eta Sevillak larunbat honetan San Mamesen jokatuko duten denboraldiko azken partida. Izan ere, harentzat ere azken neurketa izango da elastiko zuri-gorriarekin. 35 urteko jokalariak gaur iragarri du sasoia amaitutakoan Athletic utziko duela. Hori eginda, bukatutzat emango du haren aldea Bilboko taldean, bertan ia hogei urtez aritu ondoren, horietatik hamalau lehen taldean. Guztira 392 partida jokatu ditu, eta 22 gol sartu ditu.

Jokalariak gaur eman du bere erabakiaren berri, Lezaman, entrenamendua amaitutakoan. Josu Urrutia presidentea izan du ondoan, eta haren taldekideak aurrean. Gurpegik aitortu du "egun berezia" dela gaurkoa eta "oso zaila" izan dela erabakia hartzea, "gozatu" egiten duelako futbolean jokatzen eta egunero Lezamara etortzen, baina uste duela "une aproposa" dela. "Gozamena izan da hemezortzi urtez Athleticeko kide izatea. Klubak oso berezi sentiarazi nau, oso maitea eta oso babestua. Une oso onak bizi izan ditu, baina baita une zailak ere, eta kluba, taldekideak eta zaleak beti egon dira nire ondoan. Asko diet eskertzeko, eta horregatik saiatu naiz egunero barruan nuen guztia, barruan nuen onena ematen".

Gurpegik ez du zehaztu erretiroa hartuko duen edo ez, baina oso eskertua azaldu da Urrutiak klubean jarraitzeko eskaini diolako. "Harro gaude Gurpegik Athleticen egin duen bideaz. Eredu da, Athleticeko jokalari baten izan behar duenaren eredu, hots, klubaren interesak eta interes propioak maila berean jartzen dituen jokalari bat. Gurpegik egin du, eta zenbait alditan gainetik jarri du ere Athleticen interesa. Egin diezaiokegun omenaldirik onena da gure babes osoa sentitzea, orain arte egin diogun bezala", aitortu du Athleticeko presidenteak. 

Gurpegi 18 urterekin iritsi zen Athleticera, Izarra taldetik. Lau urtez aritu zen Athleticen harrobian, 2002ko martxoaren 31n lehen taldearekin debuta egin zuen arte. Madrigalen izan zen, Vila-realen aurka. Hurrengo sasoirako jada lehen taldeko kide zen. Hain zuzen, denboraldi horren hasieran jokatu zuen haren ibilbidean mugarri izan zen norgehiagoka, Anoetan, Realaren aurka. Zuri-gorriek 4-2 galdu zuten irailaren 1ean, sasoiko lehen partidan, eta Gurpegik Athleticen bi golak sartu zituen. Hiru hilabetera etorri zen berria, jokalariak 19-norandrosterona-rekin eman zuen positibo. Athleticek eta jokalariak berehala jakinarazi zuten jokalariak berak sortu zuela substantzia hori. Gogor borrokatu ziren Gurpegiren errugabetasuna defendatzen, baina azkenean, jokalariak bi urteko zigorra bete behar izan zuen. Zigorra kolpe latza izan zen.

Izan ditu beste batzuk bidean, lesio larriak izan baititu ere bere kirol ibilbidean. Hala ere, ia 400 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin. Azken urteetan taldeko kapitaina izan da ere, eta etorkizunean oso litekeena da klubean posturen bat izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.