Gurpegik dio Sevillaren aurkako lehia «final baten parekoa» dela

Aurkari zuzen bati irabaztea «funtsezkoa» izango litzatekeela esan du Athleticeko jokalariak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Carlos Gurpegik «finaltzat» jo zuen atzo Athleticek etzi San Mamesen Sevillaren aurka jokatuko duen partida. «Neurketa guztiak dira garrantzitsuak, baina etxean jokatzeak eta aurkari zuzen baten aurka aritzeak final baten pareko bilakatzen du neurketa».

Jokalariaren arabera, «funtsezkoa» da Sevillari irabaztea, are gehiago azken lau partidak galdu ondoren. «Irabazita, sentsazio onak berreskuratuko genituzke; berriz ere konfiantza hartu genuke, eta gol alde hobea lortu».

Gurpegi atsekabetuta azaldu zen, azken bi partidetan —Valentziaren eta Zaragozaren aurkakoetan— lehen gola sartu ondoren kontrarioak buelta eman ziolako emaitzari. «Irabazi ezin duzunean beti da garrantzitsua ez galtzea, eta gutxienez punturen bat eskuratzea».

Gurpegi baikor da igandeko partidari begira. Estatistikek, baina, ez dute ematen baikor izateko arrazoirik. Athleticek galdu egin ditu Ligan Sevillaren aurka San Mamesen jokatu dituen azken sei partidetatik bost. 2007-2008 sasoian irabazi zuten azken aldiz zuri-gorriek, 2-0, Yestek eta Susaetak sartutako golei esker. Kopan, ordea, Athleticek irabazi zuen azkeneko partidan, 2008-2009 denboraldian, finalerako sailkatu zen aldi hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.