Giroak igotzaileak sarituko ditu berriro. Mendateen zerrenda luzea da, eta aldapak, oso gogorrak
a. urbistondo
Donostia
Patxi Vilak ondo ezagutzen du Giroa, eta ibilbidea hain gogorra ez dela esan zion BERRIAri. Kronika honetako irakurleen gehiengoarentzat, ordea, igoko diren mendateen gogortasuna ezezaguna da, eta erreferentzia bakarra datuak dira. Eta datuek kontrakoa diote. Giroa oso gogorra da. Ibilbidea mendatez josita dago. Batzuk mitikoak dira. Besteak, gogorrak eta hiruzpalau, mitikoak eta gogorrak, indartsuenaren kemena itotzeko modukoak. Antolatzaileek egindako sailkapenaren arabera, bost dira etapa menditsuak, baina bost horiei beste bi edo hiru gehitu behar zaizkie, gutxienez.
Berezitasuna da mendiko etapak banatuagoak daudela. Bi daude lehen astean, arriskutsuak, beste hiru bigarren astean, eta azken biak azken astean. Azken urteetan azken astean pilatzen zuten zailtasun handiena, eta horrek zeharo txikitzen zuen tropela. Aurten horrelakorik ez dela gertatuko ezin da esan, halere. Lehen asteko Montevergine de Mercogliano etapa bukaera ez da erabakigarria izango, eta ostiralean igotzen den Terminillo ere ez, helmugatik urrun dagoelako.
Triskantza handiagoa izango da Nostra Signora della Guardia santutegian bukatzen den etapan. 250 kilometroko saio gorabeheratsua da, eta bukaera, tentea (8 km, %8ko malda, batez beste). Giroko lehen azterketa, ordea, hilaren 24koa izango da. Briançonen bukatuko da etapa, Frantzian, baina aurrez Colle dell'Agnello eta Izoard mitikoak igoko dira. Agnello Coppi gaina da, 2.748 metrorekin. Han hasiko dira txirrindulariak igitaiaren pare makurtzen. Bizikleta gainean, baina makurtuta. Agnelloko azken bederatzi kilometroek %9,8ko pendiza dute. Igotzen badute (elurra oztopo saihestezina bilaka daiteke), ikuskizun handia ikusiko da. Ondoren Izoard dator, Alpeetako beste mamu bat. Ez da Agnello bezain tentea, baina min handiagoa egingo du, Agnello igo ondoren igoko delako.
Biharamunean Oropako Santutegiko kronoigoera jokatuko da. 1993an gorriak ikusi zituen han Miguel Indurain handiak, Piotr Ugrumov letoniarrak emandako zigorraren ondorioz. Giroan, Oropa ez da mendate gogorra. Larunbatean, Cantutik Bergamora, San Marco mendate ezaguna pasatuko da, baina helmugatik urrun.
PASSO GIAU ETA LAVAREDO. Giroko etapa nagusia maiatzaren 27an korrituko da, igandez. Trenton hasi eta Tre Cime di Lavaredon bukatu, Dolomitetako bihotzean. San Pellegrino da lehen aldapa, berotzeko. Passo Giau bigarrena. Hara berotuta iristea hobe. Patxi Vilarentzat Giroko mendate gogorrena da Passo Giau, Zoncolan horma baino gehiago. Giauk 10 kilometro ditu, eta %9,4ko desnibela. Ez du ia atsedenik, eta horrek egiten du minik handiena. Tre Cime di Lavaredo mitikoak egingo du azken galbahea. 1989. urtean igo zen azkenekoz, eta bistan da, urte askoko tartearekin igotzen den heinean, ondo eta lasaitasunez gozatzeko aldapa dela.
Lavaredon 24 hortzeko pinoia erabili zuen lehen aldiz Lucho Herrera kolonbiarrak. Tre Cime di Lavaredora iristeko aldapa luzea da, baina azken lau kilometro pikoek eman diote ospea. %11,7ko desnibela du, tarte horrek, baina ohikoak dira %15etik gorako maldak. Aldapa bera bezain ikusgarria da paisaia. Hiru haitz ikusgarriko mendi multzoa osatzen dute Lavaredoko haitzek. Garaienak 2.999 metro ditu.
Zoncolan izango da azken etapa menditsua. Zoncolan Giroko mendate berrien eredua da. Girorako propio sortutako aldapa, artzain edo abeltzainek egindako pista zaharren bat baliatuta. Horrela sortu zuten Mortirolo, baita Zoncolan ere. 10 kilometro da luze Zoncolan, eta %11,9ko batez besteko desnibela du. Bost kilometro osotan ez sinesteko modukoa da maldaren batez bestekoa: %15,3. Igitaiak bizikleta gainean.