Laurak gustura. Laurak prest. Eta laurak inoizko sasoirik onenean. Patxi Zeberiok eta Ion Etxeberriak eta Jon Juaristik eta Iñaki Lizasok atzo aukeratu zituzten biharko finalerako pilotak. Erremonteko binakako finala jokatuko dute, 15:45ean Hernaniko Galarretan hasiko den jaialdian. Denak ere gustura geratu ziren egindako hautaketarekin. Zeberio eta Ion dira txapela irabazteko faborito nagusiak, baina txapelketako ezustea emanda, biharko finalean ariko dira Juaristi eta Lizaso.
Sekula baino pilota gehiago ziren atzo saskian. 40 guztira. Ez zirudien aukeratu errazeko kontua. Juaristik eta Lizasok izan zuten lehenbizi aukeratzeko abantaila. Ez zuten denbora askorik ere pasa. Oso bizkor hautatu zituzten finalean erabiliko dituzten bost pilotak; Lizasoren jokoari moldatutakoak banatu zituzten batez ere.
Lizaso izango da, hain zuzen ere, finaleko beteranoa. 38 urterekin, kirol ibilbideko unerik gozoenean iritsi zaio finala. Belaunean izandako lesioak hilabete askoan utzi du kantxatik kanpora, eta ezinbestean urte asko darama txapelik jantzi gabe. Horregatik, atzo, bere kirol ibilbidearen gaineko halako hausnarketa txiki bat egin zuen komunikabideen aurrean: «Txapelak irabaztea beti da polita, baina nik urte asko daramat estelarrak jokatzen. Kirol ibilbide guztiarekin eta orain arte erremontean gozatu dudanarekin geratzen naiz».
Momentuarekin gozatzen ari dela nabari zitzaion, bai. Biharko finalean Juaristi izango du ondoan. Haren lehenengo final garrantzitsua izango da, eta «ilusio handiarekin» dago zarauztarra. «Nahiko berria da hau guztia niretzat. Inoiz ez naiz iritsi finalera, baina gogotsu nago». Hirugarren txapelketa dute elkarrekin, eta ezin hobeto moldatzen dira. Aurten, gainera, itxura ederra eman dute, eta finala izan dute saririk handiena. Txapelketako giltza Zeberio saihestea izan daitekeela iritzi zioten. «Finalerdietako partidan bezala ariko gara. Orduan, Ezkurra eta Aizpuruaren aurka aritu ginen, eta Ezkurrari pilota kentzen saiatu ginen. Bihar ere horrelako zerbait egin beharko dugu Zeberiorekin».
Faboritoak berekin daraman presio zamarekin ariko da finaleko beste bikotea. Bigarren urtez jarraian binakako finala jokatuko dute Zeberiok eta Ionek. Atzoko aukeraketan besteei baino gehixeago kosta zitzaien pilotak banatzea, eta gustura geratu ziren, baina bihar ikusiko omen da pilota bakoitzaren benetako izaera. «Bihar ikusiko da. Pilotak, egia esan, asko aldatzen dira tenperaturaren arabera. Gehien sentitu ditugunak hautatu ditugu, behe aldetik ibiltzen direnak eta karga piska bat dutenak», zioen Zeberiok.
Zortzigarren finala izango du biharkoa Elduaingoak, eta irabaziz gero, zazpigarren txapela jantziko luke. Finalera, behintzat, sasoi onean iritsi da. Ez du inongo aitzakiarik. «Oso txapelketa ona jokatu dugu, eta moralez gainezka gaude. Ion oso ondo ikusten dut, eta ni ere bizi-bizi sentitzen naiz». Faboritoa zuhurki mintzo zen, halere: «Aurkari guztiak dira gogorrak, eta finalera iristen dena zerbaitegatik iristen da».
Hirugarren finala jokatuko du Zeberiok Ionekin. Iazko finalean ez zuten txapela lortzerik izan, eta orduko arantza kendu nahian ariko da bihar azpeitiarra. Irabaziko balu, lehenengo txapela lortuko luke. Aurreko bi finaletan ez zuela bere mailarik eman aitortu zuen, baina biharko finalerako inoiz baino lasaiago dago. «Ez daukat beldurrik. Lasai nago. Ondo sentitzen naiz eta konfiantzarekin nago». Partida gogorra izango da, ziur.
Gustura, prest, sasoian
Juaristik eta Lizasok ezustea eman nahi dute Zeberio II.aren eta Ionen aurka erremonteko binakako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu