Marcelo Bielsa eta haren erabakia dira orain Ibaiganeko Jauregiko arreta eta athleticzale guztiena bereganatu duen auzia. Argentinako entrenatzaileak ez du ezer argitu oraindik, baina, azken albisteen arabera, badirudi Bilbon jarraituko duela. Atzo bertan bildu zen Josu Urrutia taldeko presidentearekin, Lezaman. Teknikariaz harago, baina, badago zer, eta taldea indartzea da hurrengo pausoa. Are gehiago kontuan hartuta taldea indartzea dela entrenatzaileak jarraitzeko jarritako baldintzetako bat, Bielsaren ingurukoek zabaldu dutenez. Auzi horretan, bi izen nabarmendu dira: urterokoa, Aritz Aduriz (Donostia, 1981), eta Beñat Etxeberria (Igorre, Bizkaia, 1987), Betisen denboraldi bikaina egin duen erdilaria.
Biak ala biak beren etorkizunaz mintzatu dira aste honetan, eta ez dute itxi aterik. Aduriz zailduta dago ataka horretan, eta azalpen neurtua eman du: «Ez dakit ezer; nik kontratua badaukat, eta, gauzak aldatzen ez badira, Valentzian jarraituko dut». Adierazpenei dagokienez, ez da erraza aurrelari donostiarra jokoz kanpo harrapatzea. Beñat Etxeberriak ilusio handiagoz azaldu du bere itxaropena. «Athleticera itzultzea? Zergatik ez? Gustatuko litzaidake. Baina, orain, Betis eta oporrak baino ez ditut buruan. Polita litzateke itzultzea, baina oraindik ez dut pentsatu horretan».
Biak ageri dira Athleticek merkatuan dituen balizko helburuen zerrendan; segur aski, lehen postuetan. Biak, baina, gutizia garestiak dira. Etxeberriak hogei milioi euroko etete klausula du, eta badirudi Betisek taldean nahi duela jokalaria. Baina Sevillako taldeak dirua behar du, eta, eskaintza ona bada, dena erraztu daiteke. Hala ere, Etxeberriak esan duenez, oraindik ez du jaso Athleticen deirik. «Nire ordezkariarekin hitz egin dut, eta esan dit mahai gainean ez dagoela eskaintza sendorik. Etete klausula hor dago, eta, agian, taldeak gero ikusiko du ea negoziatzea komeni zaion kontuak garbitzeko». Bere garaian, Athleticek hamabi milioi euro (2.000 milioi pezeta) ordaindu zizkion Betisi Roberto Riosengatik.
Adurizen egoera urteroko bera da; bukatu berri den sasoian, baina, aurrekoetan baino gutxiago jokatu du, eta haren postu bererako jokalari gehiago izateak negoziatzera bultza dezake Valentzia.Gainera, aurrelariak 31 urte ditu, eta Bilbo toki ona litzateke ibilbideko azken sasoiak igarotzeko.Beste sasoi baterako kontratua du Valentziarekin.
Beste helburua Mikel Rico (Arrigorriaga, 1984) erdilaria da. 28 urte ditu, eta ibilbideko garairik onenean dago: sasoi polita egin du Granadan, eta 11 milioi euroko etete klausula du. Athleticek ez du hainbeste ordainduko, baina eskaintza egin diezaioke. Bielsaren ingurukoek filtratu dutenez, gustuko du jokalaria. Bestalde, litekeena da lehen fitxaketa Ismael Lopez (Iruñea, 1990) izatea. Bigarren B Mailako Lugo taldean nabarmendu egin da, ezker hegalean jokatuta, eta jokalari egokia dirudi Igor Gabilondok utzitako lekua betetzeko.
Gutiziak lortzea ez da erraza izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu