Gutxi, baina kalitatekoak

Iaz lehen etapan egin bezala, Thomas De Gendtek ihes eginda irabazi du Paris-Nizako zazpigarren etapa

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Aukeratzen aritzen dela ematen du. Lasterketa hau bai, beste hura ez... Garaipenik pilatu gabe amaitzen da txirrindulari batzuen kirol ibilbidea, baina Thomas De Gendt (Vacansoleil) aukeratzen ibiltzen dela ematen du. Orain dela hiru urte egin zuen debuta profesionaletan, Topsport Vlaanderen-Mercator taldearekin, eta, ordutik, badirudi lasterketen zerrenda hartu eta batzuk gorriz markatzen dituela. Valoniako Tourreko etapa bat irabazi zuen debuteko urtean bertan; Paris-Nizako lehen etapa iaz, ihesaldian sartu eta tropela gain-gainean zuela —lider jarri zen—; egun gutxi geroago, Suitzako Tourreko zazpigarren etapan altxatu zituen bi besoak; eta Paris-Nizako zazpigarren etapa eskuratu zuen atzo, gozatuz, ihesaldi luzea eginda. De Gendtek bost aldiz irabazi du profesionaletan, baina kalitatez denetan.

Amaiera arriskutsua zeukan Paris-Nizako azkenaurreko etapak, Vence lehen mailako mendatea igo behar zutelako txirrindulariek helmugara iritsi baino55 kilometro lehenago. Baina faboritoen artean ez zen zalapartarik izan. Levi Leipheimer (Omega Pharma) bakarrik ibili zen zalapartaka, baina bere kalterako. Bi aldiz erori zen estatubatuarra, eta itzulia irabazteko aukerarik gabe geratu zen, helmugan 16.50 minutu galduta —De Gendtekiko9.26 minutura iritsi zen tropela helmugara—. Aurretik, 48. kilometrotik, erasoa jota eta tartea irekita zeuden De Gendt eta Rein Taaramae (Cofidis). 12.45 minuturen aldearekin, Vencen gora geratu zen ezinean Taaramae.

9,6 kilometroko kronoigoerarekin amaituko da gaur itzulia. Dena eskura dauka Bradley Wigginsek (Sky), bera delako gaurko kronoigoera irabazteko faboritoetako bat. Baina sei segundora dauka Lieuwe Westra (Vacansoleil), eta hemezortzira Alejandro Valverde (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.