"Honelako bost partida jokatu eta lau galdu egingo genituzke", esan du Jose Luis Mendilibarrek gaur, Celtaren aurka Eibarrek berdinketa atera eta segituan. Armaginen entrenatzaileak oso garbi adierazi du nolako partida jokatu duen bere taldeak Vigon (Galizia). Jokoarekin ez dago gustura, baina puntuak asko balio du, jaitsieran den aurkariaren aurretik sei punturen aldearekin jarraitzeko balio baitio Eibarri.
Etxekoek izan dituzte partidako aukera guztiak, eta ez dira gutxi izan, baina Dmitrovic atezaina dotore aritu da beste behin ere atera joan zaizkion baloietan. Celta asmatu ezinda dabil golak sartzen sasoi honetan, eta gaurkoa beste adibide bat izan da. Pixka bat asmatu izan balu, Eibar punturik gabe itzuliko zen etxera. Ordu erdia joana zenean, Fran Beltrani ondo atera dio buruz buruko atezain serbiarrak, eta, segidan, Santi Minaren jaurtiketa Bigasek atera du orpoarekin, sarera zihoanean baloia. Burgosek egindako oparia Sistok baliatu du jaurtiketa egiteko, 37. minutuan, baina atezaina jarri zaio parean.
Bigarren zatian ez da aldatu partida. Eibarrek ezer egin gabe segitu du erasoan, eta, ondorioz, ezin aurkaria haren zelaian estutu. Baloiaren atzean jartzera kondenatu du horrek, eta lan horretan ez da goian estutzen bezain eroso egoten. Celtak, ordea, gaitasun gutxi erakutsi du jokoa sortzeko, eta jokaldi solte batzuk bakarrik eratu ditu. Horietan, berriz ere Dmitrovic jarri zaio parean, ordea. Aspasen area kanpoko jaurtiketa zitala maisutasunez urrundu du atezainak, 64. minutuan. Nola etxekoek garaipena ezinbestean behar zuten, gero eta jokalari gehiagorekin hasi dira erasora joaten, atzealdean leku zabalak utziz, eta Eibarrek izan ditu pare bat aukera kontraeraso onak egiteko, baina gaur ez du ezertan asmatu erasoan.
Etxekoen aukerarik onena Olazak izan du, falta batean. Erdiratu egin du, oso itxita, eta, inork baloia ukitu gabe, langara joan da. Rafinhak ere gertu izan du gola 88. minutuan, baina jaurtiketa gora egin du. Norgehiagoka bukatzear zela, etxekoek penaltia eskatu dute, baina epaileak erabaki du Bigasek ez diola ezer egin Denis Suarezi. Antzeko erabakia hartu du minutu batzuk lehenago, Aspasi txartel horia atera dionean haren burua lurrera botaz penaltia eskatzeagatik.
Puntuarekin batera, beste albiste on bat ere izan da Eibarrentzat. Izan ere, Pape Diopek jokatu zuen minutu batzuez, hainbat astez giharretako lesio bat eduki eta gero. Ikusi egin beharko da, bestalde, zer duen Sergio Alvarezek, min hartuta utzi baitu zelaia, 52. minutuan.
FITXA
Celta 0: Ruben Blanco; Kevin Vázquez (Hugo Mallo,
74. min.), Murillo, Araujo, Olaza; Beltran, Okay; Santi Mina (Denis
Suarez, 72. min.), Rafinha, Pione Sisto (Toro Fernández, 60. min.);
eta Aspas.
Eibar 0: Dimitrovic; Tejero, Burgos, Bigas, Jose Angel; Sergio
Alvarez (Cristóforo, min.52), Edu Exposito; Pedro Leon (Diop,
74. min.), Orellana, Inui (De Blasis, 64. min.); eta Sergi Enrich.
Epailea: González González. Txartel horia: Celtako Aspasi.