Gutxienez, estu hartu

Kanporaketari buelta ematea ia ezinezkoa dela jakitun, Bartzelona estu hartzearekin egiten du amets Osasunak

Iruñea
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez da erraza Osasuna Espainiako Kopako final-laurdenetan imajinatzea. Joan den astean Camp Nou futbol zelaian 4-0 galdu ostean, mirari baten beharrean dira gorritxoak kanporaketa gainditu eta datorren astean Real Madrilen aurka final-laurdenetan lehiatu ahal izateko. Pep Guardiolak entrenatzen duen taldea mendean hartzea zaila baldin bada, are gehiago kataluniarrek lau golen abantaila dutela kontuan hartuta. Hargatik, denboraldia hasi zenetik etxean partidarik ez dute galdu gorritxoek, eta Nafarroako Erresumako giro bereziari heldu nahi diote Jose Luis Mendilibarren jokalariek, kanporaketa gainditzeko ez bada, gutxienez partida irabazi eta Bartzelona ahalguztiduna une batez urduritu eta estu hartzeko. Ametsak betetzeko ametsetan sinetsi beharra dagoela-ko.

Ametsari hauspoa eman baino, Mendilibarrek nahiago izan du errealista izan, dena dela. Atzo goizean Taxoaren egin zituen adierazpenetan argi utzi zuen entrenatzaile zaldibartarrak «ezinezkotzat» jotzen duela Bartzelona kanporatzea. «Auskalo noiz sartu zizkioten Bartzelonari lau gol partida batean azken aldiz. Mirari bat baino gehiago behar dugu kanporaketa gainditzeko. Horregatik, helburu apalagoak jarri behar dizkiogu geure buruari partida honetan. Serio jokatzea da asmoa, irabazten ahalegintzea eta Nafarroako Erresumara etortzen direneipoz bat ematea. Bazkideei eta sarrera ordaintzen dutenei begirunea erakutsi behar diegu», esan zuen gorritxoen entrenatzaileak.

Txantxetarako astia ere izan zuen: «Ea Noaingo aireportua behe lainoak hartuta dagoen eta ez diren garaiz iristen partidara; horixe izango litzateke onena», bota zuen. Zaldibarkoak badaki ia ezinezkoa dela Bartzelona ezustean hartzea, baina gutxienez partida irabazten saiatu nahi du, eta kanporaketa gainditzen ez badute ere, argi dago Bartzelonari irabazteak gorritxoen konfiantza indartuko lukeela. Hori da asmoa, hain zuzen ere.

Zelaia ez da beteko, kanporaketa ia erabakita egonagatik 50 eta 80 euro artean jarri baititu sarrerak salgai Patxi Izko buru duen zuzendaritzak. Bazkideek ez dute ezer ordaindu beharrik izango, eta salneurri garestiak arrazoitzeko, «bazkideei zor zaien errespetua» aipatu dute Iruñeko klubeko agintariek.

Bigarren taldeko sei jokalari

Deialdia osatzeko bigarren taldeko sei jokalari deitu ditu Mendilibarrek: Satrustegi eta Roberto Torresi, zeinak jada aski ezagunak diren, Manu, Hermosa, Raoul eta Postigo gehitu behar zaizkie. Bat baino gehiago ariko dira hasierako hamaikakoan, eta hor Hermosa hegaleko atzelaria sartzea izan daiteke berritasun nagusia. Halere, aldi berean bigarren taldeko lau jokalari besterik ezingo dira aritu jokoan, araudiak hala agintzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.