Futbola. 2012-2013 denboraldia: Osasuna

Gutxienez, koskarik ez jaitsi

Osasunan badakite zaila dela 2011-2012ko denboraldia zazpigarren postuan amaitu ostean gora egitea, baina hobetzea da asmoaMiguel Artxanko presidentearen agintaldiko lehen sasoia izango da

Gutxienez, koskarik ez jaitsi.
Iruñea
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aurreko sasoian zazpigarren postuan amaitu zuen liga Osasunak. Lehen Mailako aurrekonturik txikienetakoa izanik, ez dago gehiago eskatzerik Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeari, azken jardunaldia arte Europako Ligarako sailkatzeko lehian aritu baitziren gorritxoak. Sasoi honetan antzeko zerbait egitea ez da erraza izango. Nafarrek argi daukate mailari eustea dela beti helburu nagusia, eta sasoi honetan ere horixe izango da lehentasuna.Aldaketak aldaketa, aurkarientzat talde deserosoa izan nahi du orain ere Iruñeko taldeak, eta hori izango da helburuak betetzeko lehendabiziko pausoa.

Haren jokoak ez du inor liluratuko, eta inork ez du esango mailari eustea ez den beste edozein borrokatarako hautagai dela, baina pausoz pauso joan eta aurreko sasoian eskura izan zuen balentria sasoi honetan egitea ez dute baztertu nahi Osasunako arduradunek. «Joan den sasoian, egindakoa egin arren, lore gutxi jaso genuen. Gure jokatzeko era ez da beste batzuena bezain gustagarria, nonbait. Baina sasoi hasieran talde asko ikusten dituzu Bartzelonaren joko estiloa egin nahian, eta azken jardunaldietan jaisteko arriskua ikusten dutenean denek aldatzen dute jokatzeko era. Guk beti garbi izango dugu zer nahi dugun. Aurkarientzat talde deserosoa izan nahi dugu orain ere. Ez dit axola berriro laudorio gutxi entzuteak, aurreko sasoikoa errepikatzeko gai bagara», esan zion Jose Luis Mendilibarrek BERRIAri sasoia amaituta. Gauzak argi ditu Zaldibarko entrenatzaileak.

Raul Garcia, Nekunam eta Ibrahimaren artean hogei gol baino gehiago sartu zituzten joan den denboraldian, eta hirurak taldetik kanpo daude. Iruindarra Atletico Madrilera itzuli da, irandarra sorterrira, eta senegaldarra Errusiako Ligan ariko da, Kuban Krasnodarrek Osasunari ia lau milioi euro eman ondoren. Mendilibar ez dago kezkatuta horrekin, dena dela. «Jokalari garrantzitsuak zirela ez dago ukatzerik, baina beste batzuek sartuko dituzte golak orain. Lasai nago. Ninok bigarren urtea du, eta gol gehiago sartuko dituela uste dut. Kike Sola min hartuta egon zen ia denboraldi osoan, eta sasoi honetan hasieratik dago ondo. Eta, gero, Joseba Llorente ekarri dugu. Realean ez du berea ematerik izan, eta ikusteko dago mailarik onena berreskuratzeko gai izango den ala ez, baina gauza bat, behintzat, ziurtatuta daukagu, grina. Gogo ikaragarriarekin etorri da, eta hori oso garrantzitsua da futbolean».

Joseba Llorentez gain, beste lau jokalari berri ere izango ditu Osasunak: Armenteros, Sisi, Nano eta Arribas. Sevillatik dator Armenteros, azken bi denboraldietan Rayon jokatu baldin badu ere. Rayorekin, hogei gol baino gehiago sartu zituen orain bi denboraldi Bigarren Mailan, eta itxaropen handia dute nafarrek berarekin. Sisi Valladolidetik iritsi da. Trebea da, Mendilibarrek ondo ezagutzen du, eta Cejudok aurreko sasoian ez zeukan lehiakortasuna ziurtatu du Osasunak berarekin. Nano, berriz, Numantziatik dator, eta aurreko sasoian hainbeste buruhauste eman zizkion atzealdearen ezker hegala indartzera dator Bartzelonan, Atletico Madrilen eta Betisen ibilitako jokalari beteranoa. Arribas, azkenik, Rayotik etorri da. Sergiok eta Roversiok kluba utzi ondoren erdiko atzelarien premian ziren gorritxoak, eta Arribasek ondo bete dezake haien hutsunea. Goiko jokoan ongi moldatzen da, baloia jokatutaateratzen badaki eta gaztea da.

Bestalde, Ruper eta Oier itzuli dira. Aurreko sasoian utzita aritu ziren, Elxen eta Celtan. Ruper ez du haintzat hartzen Mendilibarrek, eta bera zein Annunziata beste talderen batera utzi nahi dituzte. Oier, berriz, taldean geratzeko itzuli da. Celtan aurreko denboraldian bikain ibili zen Lizarrakoa, eta Mendilibarrek Osasunan nahi du. Atzealdeko hegaletan jokatu ohi zuen Celtara joan aurretik, eskuinean zein ezkerrean. Galiziako taldean erdiko atzelari lanak egin zituen, bikain egin ere, eta denboraldi-aurrean euskarri postuan ere jarri du Mendilibarrek.

Aldaketak taldean eta aldaketak zuzendaritzan: Patxi Izkok presidentetzari uko egin zion hamar denboraldiren ostean, eta Miguel Artxanko orain arteko presidenteordeak hartu du aginte makila, Javier Zabaletari hauteskundeetan gailenduta. Ez da erraza izango Izkoren agintaldian taldeak egindakoa hobetzea, baina ilusio horrekin hasi da lanean Artxanko. Iraultzarik ez da izan, baina bere estiloa ezarri nahi du. Sadar Nafarroako Erresuma izango da aurrantzean ere, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza ziurtatu du horrekin, eta Lacturale enpresaren babesa lortu du, eta azken bi denboraldietan publizitaterik gabe izan den elastikoa saldu eta krisi garaian dirua handik edo hemendik lortzen badakiela erakutsi. Dena dela, zuzendaritzaren borondate onak zelaian taldeak lana ongi egitea beharrezkoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.