FUTBOLA

Gutxirekin, ezin irabazi

Derbi itsusia jokatu dute Athleticek eta Eibarrek, eta puntu banarekin joan dira. Adurizek aurreratu ditu zuri-gorriak, eta Kike Garciak egin du berdinketa  

Williams eta Arbilla euripean, derbian. MARISOL RAMIREZ
Aitor Manterola Garate.
2018ko urtarrilaren 26a
23:22
Entzun

Denean berdindu zuten atzo San Mamesen Athleticek eta Eibarrek. Gol eta puntu banarekin joan ziren biak, jokoari ez zioten aparteko graziarik egin, eta ikuskizun apala eman zieten euriari aurre eginez derbiak ikustera joan ziren zaleei. Bigarren berdinketa jarraian da Eibarrentzat, eta azken hamar partidetan ale bakarra galduta jarraituko du. Athleticek ez du galdu azken hamar horietan, baina zazpi ditu berdinduak atzokoarekin.
Jokoan inolako distirarik ez zuen izan derbiak. Derbia izan zen, beste asko bezalakoa, lehorra eta erritmoz makala. Nahiz eta saiatu zen Jose Luis Mendilibar aurretik gatza eta piperra botatzen, erabat ezohiko hamaikakoa atera zuelako, sei aldaketa eginez aurreko partidatik. 
Lehen zatian nabarmendu zen gehienbat jokoaren eskasa, Athletic eta Eibar ez zirelako gai izan partida bizitzeko. Erasoari eta ikuskizunari erasan zion horrek, eta beste zerbait ere sortu zuen: bi taldeak eroso aritzea defentsako lanean. Zuloak utzi arren lerroen artean eta lerro batzuen barruan, bietako inor ez zen gai izan aurkaria zulatzeko. 
Aukerak bakanak izan ziren, eta bestearen hutsek eragindakoak, gainera. Eibar nabarmendu zen horretan, eta 11. minutuan, gutxi behar izan zuen Williamsek gola bihurtzeko Junca eta Dmitrovicen artean eragindako hutsa. Atezain serbiarrak galarazi zion eskuarekin azken unean gola aurrelariari. Beste aldean, Iturraspek ia bere atean sartu zuen gola, baloia urruntzen hasi zenean. Etxekoen aldeko beste aukera 31. minutuan sortu zuen Eibarrek, Arbillak eta Juncak kale egin zutenean goiko baloi baten bila joandakoan, baina Dmitrovicek zuzendu zien akatsa, Williamsi baloia kentzearekin bat. 
Eibarrek mendean izan zuen partida lehen zatiaren pusketa handi batean, baina aurkaria menderatu gabe. Baloiaren jabe egin, eta mugitu zuen zentzuz, baina ez Athletici min emateko neurrian. Bitartean, eroso antzean zen etxeko taldea, eta ohikoa duen legez San Mamesen, piztualdi indartsua izan zuen une labur batean. 34. minutuan, Etxeitak kanpora bota zuen Williamsek korner batean erdiratu zion baloia. Hurrengo minutuan, Adurizek egin zuen errematea, Saboritek eta Susaetak ezkerretik ondo landutako jokaldian. 
Lehen zatiko azken errematea Kikek egin zuen, buruz, baina erdira atera zitzaion, Herrerinen eskuetara. 

Golak, bigarren zatian

Pixka bat biziagoa izan zen bigarren zatia, eta horretan eragina izan zuen Athleticek 50. minutuan sarturiko golak. Williamsek eskuin hegala ondo baliatuz, baloia zelaiaren bukaeraraino eraman zuen, eta erdiraketa buruz bultza zuen Adurizek bigarren zutoinean, bakar-bakarrik zela. Etxekoei indarra eta konfiantza eman zien golak, bost minutura, Williamsen antzeko beste jokaldi batean, Raul Garciak kanpora egin zuen errematea. 
Eibar, baina, berriz egin zen baloiaren jabe, eta Orellana eskuin hegalean jarriz hantxe aurkitu zuen zuloa. Gola 73. minutuan egin zuen Kikek, hegal horretanCharlesek jasotako baloiari etekina ateraz. Nagusi bukatu zuen partida Eibarrek, baloi jabetza luzeekin, eta Athleticen ezinari txistu egin zioten zaleek; baita Zigandari ere, Vesga atera zuenean Susaetaren ordez bukaeran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.