Guztiak, Vettelen eta Red Bullen aurka

Australian jarri da abian Munduko 1 Formula Txapelketa; Red Bull eta McLaren besteak baino koska bat gorago daudela dirudiVettel da berriz ere faboritoa, eta ez dauka hasieran, behintzat, aurkari zuzenik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sebastian Vettel, Jenson Button, Lewis Hamilton, Kimi Raikkonen, Fernando Alonso eta Michael Schumacher. Sei munduko txapeldun, eta hamalau titulu beren artean. Erdiak Schumacherrek ditu, baina harenak dira urrunen gelditzen direnak: orain zazpi urte irabazi zuen azkena. Oso zaila dirudi Schumacherrek aurten zenbaki hori handitzea, Nico Rosberg Mercedeseko taldekidea ez baitu gainditu duela bi urtetik, itzuli zenetik. Azken bi tituluak Vettelek eraman ditu, eta hura da kiniela guztietan lehen izena. Guztiek jotzen dute segurutzat Red Bullen RB8 autoa aurrean ibiliko dela, eta Vettelekin batera konbinazio perfektua osatzen du. Iaz Alonso, Mark Webber eta Hamilton ziren hari aurre egiteko hautagaiak. Denboraldiak, baina, izen horiek guztiak ezabatu zituen, Vettel nahierara aritu baitzen. Aurten oso desberdina da egoera, alemaniarrak ez baitu aurkari garbirik. Hasi aurretik, behintzat.

Australiak irekiko du aurten ere denboraldia, eta zaila hura baino toki hoberik aurkitzea horretarako. Neguan hamabi proba egun izan dituzte taldeek; huskeria garai bateko kopuruen alboan. Auto guztiek abiadura printzak erakutsi dituzte tarteka, baina, erregai kopurua ezezaguna izanik, ondorio garbirik ezin da atera. Batzuek, hala ere, beren mesedetan erabili dute hori, denbora miragarriak eginez eta bide batez komunikabideetako tituluak bereganatuz. Beste batzuek, berriz, emaitza txarrak ezkutatzeko estalki gisa erabili dute, eta denbora eskasak erregai kopuruari egotzi.

Gaur egun aerodinamika da 1 Formularen indar desorekatzailea. Hori da Red Bullen sendotasunaren giltza, eta guztien esfortzuak horretara daude bideratuak. Ferrarik apustu arriskutsua egin du, autoa erabat aldatuz, esekidura berritzailea erabiliz eta aerodinamikan ere harago joanez. Baina arriskuak ez dakar beti arrakasta berarekin, eta italiarren kasuan oso makina konplexua sortu dutela dirudi. Oso etekin ona eman dezake, baina horretarako prestatzea izugarri zaila da. Stefano Domenicali kirol zuzendaria eta Felipe Massa eta Fernando Alonso zaleen kritikei aurre egin eta emaitza onak geroago etorriko direla esanez lasaitu nahian dabiltza. Beste taldeek ez dute erabat alboratu nahi, Ferrari delako, baina gehiago da izenagatik, benetako irudiagatik baino.

Hiru taldek bereganatu dute arreta neguko probetan, iazko aldean aurrerakuntza egin dutelako: Lotus, Mercedes eta McLaren. Lehen biek maila bat gora egin dute. Parekatuta ibili ziren iaz denbora askoan, podiumetik gertu ziren postuetarako lehian. Aurtengo hobekuntzari esker, biek elkarrengandik gertu jarraituko dute, baina podiuma ez dute urrun izango. Bi taldeon hobekuntza oso berri ona da talde haietako gidariek benetan zer egin dezaketen erakusteko. Lotusek Kimi Raikkonen fitxatu du hark rallyetan bi urte eman ostean, eta haren itzulera benetakoa izan dadin, haren neurrirako autoa behar du. Romain Grosjeanek bigarren aukera izango du, eta bien arteko lehiari ondo erreparatu beharko zaio. Prestatuago omen dago oraingoan frantziarra, duela hiru urte ez baitzuen debut erraza izan Alonsoren alboan. Oso azkarra da, horretan ez da zalantzarik. Ikuskizun dago 1 Formularen inguru zailean nola erantzungo duen, ordea. Mercedesek gora egin izana Rosberg behingoz goiko postuetan lehiatzeko aukera izan daiteke. Schumacherrek atzo denbora onena egin bazuen ere, bere onena eman du jada. Etorkizuna Rosberg da, baina urteak aurrera doaz, eta oraindik ez du emaitzarik lortu.

Red Bullen aurkari nagusia, denboraldi hasieran behintzat, McLaren izango dela dirudi. Muturrean eskailerarik ez duen auto bakanetakoa da, eta horrek, behintzat, edertasunaren saria eman dio. Ederra bezain azkarra dela erakutsi du probetan. Iaz Red Bulletik oso gertu amaitu zuen, baina ordurako Vettelek ederki bideratua zuen guztia, eta ingelesen errendimendua bigarren mailan gelditu zen.

Autoen artean itxuraz Red Bullek azkarrena dirudien moduan, gidarien artean Vettelek du ohore hori. Erregetza hori ezbaian jartzeko, beste 25 gidari daude, baina gehien aipatzen den izena Buttonena da. McLarenekoak bigarren amaitu zuen iaz, denboraldiaren lehen erdian puntuak galduta ere. Hortik aurrera oso aurkari sendo bilakatu zen, eta Hamilton psikologikoki txikitu zuen. Azken bederatzi lasterketetan behin bakarrik jaitsi zen podiumetik. Hirugarren urtea du McLarenen, oso eroso sentitzen da taldean, eta Pirelli pneumatikoek haren gidatze fina maite dute.

Button da bigarrena, baina hirugarrena aukeratzeko lehia handiagoa da. Hamiltonek badu Vetteli aurre egiteko gaia, baita hura gainditzeko ere. Baina oreka falta du, iazko huts kopuruak erakusten duen moduan. Horiek atzean utziz gero, oso aurkari zitala izango da. Webberrek lau haizeetara zabaldu du konfiantzaz gainezka dabilela, baina egungo David Coulthard bilaka daiteke: hitzak eder, egintzak lander. Alonso gidari ikusgarria da, baina makina ona behar du esku artean. Eta hori ez dago horren argi. Kirolaren mesederako, espainiarra da autorik onena izan gabe lasterketarik irabaz dezaketen bakanetako bat. Titulua irabazteko, ordea, hori ez da nahikoa. Titulua azaroan erabakiko da, Alonsok dioen bezala. Baina puntuak hasieratik behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.