Beti esan izan da kirolarien atzean istorio ederrak egon ohi direla. Eta hala da. Txiki-txikitatik amestutako hura egunen batean egia bihurtzeko asmoz, goiz, oso goiz hasten dira gehienak. Ametsak betetzea, hori da edonoren muga bizitza honetan, baita kirolariena ere. Horregatik, askok alde egin dute etxetik atzerrira. Nortasunik izan gabe batzuek. Gehienek. Kanpora joanda eta han bizita, baina, euren adineko askok baino lehenago ikasi dituzte bizitzaren zailtasunak, gorabeherak, oztopoak, pozak eta tristurak. Behartuta sentitu dira nolabait. Euren habia utzi eta hegan egitera behartuta sentitu dira.
Hiru istorio baino ez dira jarraian kontatuko direnak. Istorioak. Gerora lortutako garaipenek estali dituzten istorio hutsak. Gogorrak. Ederrak ere bai. Istorio zail horiek gabe ezin uler litezke gerora lortutako garaipen horiek, ezta etorkizunean etorriko direnak ere. Izugarria da halako bizimodua duten gazteen meritua. Goi mailako kirolari izaten ere ikasi egin behar da, antza. Asko gelditu dira bidean. Ez atzera, ez aurrera. Ez dute denek lortu gailurraren punta ukitzea. Almudena Cidek, Lara Arruabarrenak eta Carlota Zigandak bai.
Hamabi urte zituela hots egin zion Espainiako gimnastika erritmikoko hautatzaileak Almudena Cidi lehen aldiz (Gasteiz, 1980). Istorio gogorra da harena. Madrilera joan beste aukerarik ez zitzaion gelditu. «Gasteizen oso entrenatzaile onak nituen arren, Espainiako selekzioko partaide izateko aukera bakarra ni Madrilera joatea zen». Agur lagunei, ikaskideei. Agur familiari, haren berotasunari.
Bartzelonara joan zen Lara Arruabarrena (Tolosa, Gipuzkoa, 1992). Donostiako Ondarretako pistetatik, Sant Cugat del Vallesko Goi Errendimenduko Guneko pistetara (Herrialde Katalanak). Hark ere argi ikusi zuen hobetzeko norabait joan beharra zeukala. 15 urterekin hartu zuen bere egungo bizilekua denera joateko erabakia. «Baliabide askoz ere gehiago nituen eskura Bartzelonan. Donostian gustura nenbilen entrenatzen, baina han tenislari guztientzat pista bakarra dago. Hemen, berriz, bakoitzak pista propio bat dauka entrenatzeko garaian». Horra diferentzietako bat. Eta emaitzak ere atera dira argitara. Joan den otsailean WTA zirkuituko Bogotako torneoa irabazi zuen. Haren lorpenik garrantzitsuena da. Joan zen astean, berriz, Roland Garroseko maila nagusiko torneoa jokatu zuen lehen aldiz.
Garaipenaren eztitan dago Carlota Ziganda ere (Larraintzar, Nafarroa, 1990). Herbehereetako Irekia irabazi berri du. Orain artean lortutako garaipenik garrantzitsuena da joan den igandekoa. Ez du izan gauetik goizera egindako lanaren sari. Hura ere goiz hasi zen, etxe ondoan, Ultzamako golf zelaian, makilarekin pilotari jo eta su. Teknika aldetik ia dena ikasia zuen bere betiko entrenatzailearen alboan. Estatu Batuetara joanda egin zen benetako golf jokalari, ordea. «Teknika menperatuta neukan, eta ez nuen batere hobetu alderdi horretan. Buru aldetik, ordea, izugarri ikasi nuen. Jokatu aurretik pentsatzen, estrategia bat prestatzen ikasi nuen».
Ikasketek eraman zuten Atlantikoaren beste aldera Ziganda. Hango ikuskatzaileari haren jokatzeko modua gustatu zitzaion, eta beka bat eskaini zion, ikasketak eta golfa, biak elkarrekin uztartzeko. «Arizonako Unibertsitatera joan nintzen. Han erraztasun izugarria ematen dute ikasten ari zaren bitartean kirola egiteko. Hemen ikasi ez ditudan beste gauza batzuk ikasi ditut, gainera, eta oso ongi etorri zaizkit han pasatutako urteak golfean jokatzen jarraitzeko». Ez ditu alferrik pasatu hiru urte familiarengandik urrun, ez. Nabarmen hobetu du bere maila. Aurten Europako Emakumezkoen Zirkuituan ari da lehian. Iaz etxera itzuli berritan lortu zuen bertan jokatzeko txartela. Hasi besterik ez da egin sasoia, eta jada, torneo bat irabazi du.
Erabaki zailak gaztetatik
Biziki gogorra egin zitzaion egoera Cidi. 13 urterekin bizitza aldatuko zion erabaki bat hartu zuen. Gurasoek beti babestu zuten berak hartutako erabaki bakoitza, baina batek ez du bestea kentzen. «Ez naiz damutzen Madrilera hain gazte joan izanaz. Izugarri gustatuko zitzaidan anai-arreben ondoan haztea, baina orduan amets bat betetzeko borrokan ari nintzen, eta banekien nire familiak ezin hobeto ulertzen ninduela». Arruabarrenak ere izan zuen halako barne borroka bat bere buruarekin. Gazteegia zen 15 urterekin halako erabaki bat hartzeko. «Erabaki zaila izan zen, eta ni ez nintzen guztiz jabetzen horrek guztiak zer eragin izango zuen nigan. Halere, norberak hartu beharreko erabakia da. Inork ezin zaitu ezertara behartu».
Nagusiagoa zen Ziganda Arizonara joatea erabaki zuenean. «19 urte nituela joan nintzen, Espainian ezin nuelako jokatzen jarraitu hain maila altuan. Hemen geldituta, ez nuen ikusi hobetzeko inolako aukerarik nuenik». Hiru urteko esperientziaren ondotik, iaz itzuli zen etxera nafarra. Golfean ez ezik bizitzaren beraren oinarriak ere ikasi dituela dio. «Bizitzaz, golfaz... gauza asko ikasi ditut han izan naizen bitartean. Hango zelaiak, jokatzeko modua, bidaiak... horrek ere asko bete nau».
Tolosakoak zailtasun gehiago izan ditu ikasketak eta tenisa bateratzeko garaian. Selektibitatea atera, eta Pedagogian matrikulatu zen, baina «nahiko gaizki» daramala dio. «Ez daukat nahi beste denbora bi gauzetan aritzeko. Oso gogorra da biei ahalegin bera eskaintzea. Azterketa garaian, agian, munduaren beste puntan egotea gerta daiteke». Ez da harritzekoa denborarik ez izatea. Esnatu, gosaldu, pistan entrenatu, bazkaldu, berriz ere pistara entrenatzera, gimnasiora gero, afaldu eta ohera. Hori egin ohi du egunean.
Ikasketei ez ezik, beren adineko gehienek egin ohi dituzten gauzei ere uko egin behar izan diete batzuek. Horrek «alde onak eta txarrak» ditu, Arruabarrenaren ustez. «Bizitza tenisari eskainiko diozula pentsatzen duzunean, ez zara jabetzen hartutako erabakiaz. Denborarekin konturatzen zara jende normalak egingo lituzkeen gauzak alde batera utzi behar dituzula. Tenislari profesionala izan nahi baduzu, ordea, ez zaizu askorik kostatzen gauza horiei uko egitea». Familiaren eta lagunen falta egiten zaie gogorrena gehienei. «Gogorra da, baina ohituta nengoen lehenagotik ere. Egoera batzuetan, halere, erabaki bat hartu behar eta... askotan norbait ondoan izatea faltan ematen dut», dio Zigandak. Kanpoan bizitako esperientzia, hala ere, «oso ona» izan dela dio. Baita Arruabarrenak ere. «Leku berrietara nahiko erraz egokitzen naizela uste dut, eta horrek asko laguntzen du. Egia da hasierako hilabeteetan familiaren falta asko sumatzen dela, baina ni berehala ohitu nintzen». Cidentzat, garrantzitsua izan zen beste batzuk erebere egoera berean zeudela ikustea. «Igandeetan, gurasoen bisita amaitzen zenean, elkarri begiratzen genion, triste, eta lasaitu egiten ginen denak egoera berean ginela jakinda».
Etorkizunean, zer?
2008az geroztik erretiratuta baldin badago ere, gimnastika erritmikoko ikurretako bat da Cid oraindik ere. Lau Olinpiar Jokotan aritu da —Atlantan, Sidneyn, Atenasen eta Pekinen—, eta lau aldietan, gainera, finalera iritsi da. Inork ez du sekula halakorik lortu. Urte haietan egin ezin izan zituen gauzekin gozatzen ari da orain. «Goizean kafe bat hartuz gozatu egiten dut orain, edota lagunekin etxean afalduz...». Pekingo Jokoen ondoren, amaitutzat eman zuen kirol ibilbidea. Erabaki «zaila» izan zela dio, «asko pentsatutakoa». Zigandari eta Arruabarrenari urte batzuk geratzen zaizkie oraindik; bide luzea dute aurretik. Garrantzitsuena zera da, gustatzen zaien zerbait egiten ari direla. «Bizimodu honek gauza on gehiago ditu, txarrak baino», dio Arruabarrenak.
Zigandaren egoera bestelakoa da tolosarrarenaren aldean. Kanpoan ibili da, bai, baina etxean da jada. Habiara itzuli da. Ultzamako ibarrera. Kanpoan ikasitakoak are eta hobea egin du.
Atzerria euskal kirolarien ihesbide
Habiarik gabeko txoriak
Gazte-gazterik alde egin zuten etxetik Lara Arruabarrenak, Almudena Cidek eta Carlota Zigandak. Behartuta sentitu ziren, kirolean jarraitzeko. Bizitzako gauza askori uko egin behar izan diete, ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu