Hasi eta bukatu, ikusgarria izan da Italiako Giroko seigarren etapa, Tresivio eta Morbegno artekoa. Hiru mendate gogor zeuzkaten ibilbidean, eta bost txirrindulariko ihesaldia sortu da berehala, Mayuko Hagiwara japoniarra (Wiggle) tartean zela. Eraso etengabean, zazpira hazi da hasieran taldetxoa, eta bederatzira gero, baina azken igoerara bidean erasoa jo eta bakarreko apustua egin du Japoniako txapeldunak. Aldea bi minutura eramanda, asko estutu du Megan Guarnier liderraren (Boels Dolmans) taldetxoa, hamabost txirrindularikoa. Izugarri sufritu du azken hogei kilometroetan, eta tropelak begi-bistan izan du denbora askoan. Baina garaipenarekin gozatzeko aukera izan du azkenerako, sailkapen nagusian lehen hamarren artean sartuta.
Giroa amaitzeko hiru etapa zail falta direnean, Guarnierrek jarraitzen du lider. Arenzanon hasi eta Loanon amaituko da biharko etapa, zazpigarrena (89,7 km). Lehen eta hirugarren mailako mendate bana igo beharko dituzte, azkena helmugara iristeko 23 kilometro pasatxo faltako direnean.