TXIRRINDULARITZA

Haimar Zubeldia, Frantziako Tourrera

Andre Cardoso taldekideak positibo eman du dopin kontrol batean, eta usurbildarrak ordezkatuko du.

Haimar Zubeldia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 27a
08:16
Entzun

Trek taldeak ostiralean jakinarazi zuen zein txirrindularik hartuko duten parte datorren larunbatean hastekoa den Frantziako Tourrean. Zerrenda horretan ez zegoen Haimar Zubeldia usurbildarra.

Andre Cardoso zegoen Frantziako itzulira Trek eramatekoa den txirrindularien artean, baina, taldeak berak jakinarazi duenez, EPO kontrol batean positibo eman du portugaldarrak. Dopinarekiko "zero tolerantzia" duela argudiatuta, Trekek jakinarazi du Cardoso zigortu duela berehala, eta ez dela joango Frantziako Tourrera.

Ondoren sare sozialetan zabaldutako mezu batean, taldeak jakinarazi du Zubeldiak ordezkatuko duela Cardoso. Usurbildarrak hamabost aldiz korritu du Tourra, eta bost aldiz sailkatu da lehen hamarren artean. Behin bakarrik geratu da lehiatu gabe, 2010ean. Lesio batengatik izan zen, baina.

Harekin batera izango da Markel Irizar. Guztira, zortzi euskal txirrindularik hartuko dute parte: Trek taldeko biek, Romain Sicardek, Jonathan Castroviejok, Imanol Erbitik, Mikel Landak, Mikel Nievek eta Ion Izagirrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.