Txirrindularitza. Italiako Giroa

Hain erraza ematen du...

Joaquim Rodriguezek irabazi du Giroko hamargarren etapa, Assisiko aldapa gogorrean, eta kataluniarra bera jarri da liderKatuxakoak 26 segundo kendu dizkie faborito gehienei, eta 46 Frank Schlecki

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Harresi bat gutxiago mendean hartzeko. Zenbat igoerari jarri behar die bere izena! Joaquim Rodriguez. Hala ageri da aldapa tentetzen den bakoitzean. Eta puru txiki bat ondoan. Patxadaren seinale. Irabaztea bat baita, eta irabazteko modua bestea. Tropel guztia berari begira zegoen Italiako Giroko hamargarren etapan. Kiniela guztietan ageri zen Katuxako taldeburuaren izena. Assisiko podiumean tokia eginda zeukaten beretzat. Eta, hala ere, puru txiki bat erretzeko denbora ere izan zuen Tom Jelte Slagterren (Rabobank) gurpilean jarrita. Hain erraza ematen du... Eta hain zaila da halakoak egitea! Tourra, Vuelta eta Giroa. Hiru itzuli handietan etaparen bat irabazi duten txirrindularien zerrendan tokia egin zuen atzo Katuxakoak. Liderraren maillota jantzita, gainera.

Zailena ere erraz egiten duelako da harrigarria kataluniar txikia osatzen ari den garaipen zerrenda: Montelupone, Puy, Ibardin, Aia, Valdepeñas de Jaen, San Lorenzo de El Escorial, Mende, Assisi... Inor ez da gai Katuxakoaren gurpilari eusteko. Jarri Sky osoa tiraka; babestu Michele Scarponi (Lampre) taldekide guztiekin; luze-luze egin tropela Ag2r, Liquigas eta Farneseren lan onari esker... Baina harresia iristen denean, baztertu eta hasi txaloka. Oraintxe, munduan ez dago inor aldapa motz eta tente horiek Rodriguezek baino azkarrago igoko dituenik.

«Etapa garaipena eta liderraren maillota begiz jota dauzkat. Badakit lor dezakedala». Hain erraza da esatea... Katuxako taldeburuak atzoko etaparen bezperan egin zituen adierazpen horiek, eta harrosko puntu batekin zebilela pentsatuko zuten zaleetako batzuek. Baina Civitavecchiatik abiatzearekin batera ardura hartzea erabaki zuen Katuxa taldeak. 182 kilometroko kontrol lana, eta lau kilometroko igoera. Horixe zeukan hamargarren etapak. %15eko batez bestekoa aldapa bat tartean. Harbide zati bat ere bai. Errepide estua, gainera. Garaipena esan nahi du horrek Rodriguezen hiztegian.

Txalogarria izan zen Colnagok, Farnesek eta Greenedgek tropel burua mugitzeko izan zuten ausardia. Txalogarria izan zen, era berean, Slagter gaztearen kolpe bikoitza; harrigarria Bartosz Huzarskik (NetApp) eman zuen maila bikaina; Ryder Hesjedalek (Garmin) buru-buruan irauteko egin zuen ahalegina ere polita izan zen; Rigoberto Uranek (Sky) eta John Gadretek (Ag2r) azken lau kilometroetan hartu zuten tarteak itxaropen izpi bat sortu zien; Paolo Tiralongok ere (Astana) barruan zeukan su guztia askatu zuen azken momentuan...

Dani Morenoren laguntza ona

Txalogarria izan zen hori guztia. Baina Dani Morenok (Katuxa) bildu zuen artaldea harbide zatian sartu berritan, eta Purito-k berak egin zuen gainerakoa. Ahalegin handirik egiten ariko ez balitz bezala. Faborito guztiei segundoen zakua pixka bat gehiago puztuta. Gainsariei esker, 26 segundoko galera pilatu zuten faborito gehienek; 32 segundo galdu zituen Damiano Cunegok (Lampre); 35 Jose Rujanok (Androni) eta Marco Pinottik (BMC); eta 46 Frank Schleckek (RadioShack). Faboritoen taldetxoan helmugaratu ziren Beñat Intxausti (Movistar) eta Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi), eta 1.33 minutuko galera pilatu zuen Juanma Garatek (Rabobank).

Rodriguez Assisiko harresia menderatzen hasterako ezerezean geratu zen Guillaume Bonnafond (Ag2r), Miguel Minguez (Euskaltel-Euskadi), Francesco Failli (Farnese), Matthias Brandle (NetApp) eta Martijn Keizerren (Vacansoleil) ahalegina —Stef Clement ere (Rabobank) iritsi zen gero atzetik. Etapa eta liderraren maillota. Ihesaldiari arrakasta lortzen uzteko gozoegia zen goxokia Rodriguezentzat. Assisi eta Montecatini Terme artean, 11. etapa jokatuko da gaur, 255 kilometrokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.