Orain ez gara jokatzera aterako, lehiatzera baizik». Jose Mari Bakerok Realeko entrenatzaile gisa egindako lehen adierazpenetakoa izan zen hori. Askorentzat mamirik gabeko esaldi topikoa izango zena barneratu eta praktikara eramatea lortu dute jokalariek. Talde gisa jokatzen dutenek, aparteko jokorik egin ez arren, ikuskizunerako betarik eman ez arren, handik edo hemendik lortzen dituzte puntuak. Hori izan da Realaren azken partidetako aldaketa nagusia, taldeak lehiakortasuna berreskuratu duela eta, hobeto edo okerrago arituta ere, eraginkortasuna izan duela ezaugarri. Ondoko gakoek hori ulertzen lagun dezakete.
- ENTRENATZAILEAREN EKARPENA. Denek diote, kazetariek eta jokalariek, Bakero erabakigarria izan dela hobekuntzan. Joera handiegia dago futbolean entrenatzailearen garrantzia puzteko, eta jokalariak ere askotan erortzen dira horretan, pilota euren teilatutik aldenduta. Gogoratu besterik ez dago horietako batzuk Gonzalo Arkonada kargua hartu zuenean esan zituztenak: gehiago egiten zutela lan Zubietan, Jose Mari Amorrorturekin lantzen ez ziren alor asko lantzen zituztela, behar zuten akuilua zela... Bakeroren kasuan, ordea, zerbait izango da egia, normalean gutxi hitz egiten duten askok haren lidergoa nabarmendu dutenerako.
Getaferen aurkako estreinaldi negargarria gainditzen jakin izan du goizuetarrak. Aulkian dagoenetik, askatu egin dira jokalariak, solteago aritu dira, arinago, lasaiago, erregularrago. Malagaren aurka lortutako garaipena eragin lasaigarria izan zuen, eta Santiago Bernabeun, berriz, aspaldian ez bezala, kontrako markagailuarekin ez zuen amore eman esanguratsua izan zen hori. Bi emaitza on kateatzea nahikoa izan zen taldea biziberritzeko, lehen gaizki ateratzen zena aurrerantzean ondo ateratzeko. Puntuak dakartzate konfiantzak, eta konfiantza puntuek. Ekuazio sinplea, baina zaila, behingoan: epaileak Malagako jokalari bat kanporatu izan ez balu, edo Riesgok Racingen aurka geldiketa miragarri bat egin izan ez balu, desberdin izango zen dena, beharbada.
Kirol arloan, sinpletasuna izan da, hain zuzen, Bakeroren arrakasta. Hamahiru-hamalau jokalariko multzoari segida eman, eta aurrera egin, proba arrarorik egin gabe, bat-bateko aldaketarik gabe. Irakurketa aproposa egin du: ikusi du etxetik kanpo luxua dela Realarentzat bi aurrelarirekin jokatzea, Alonsok gehiago ematen duela punta erdian euskarrian baino, eta zalantzarik ez du izan Nihat, Viafara eta Stevanovicen gisako jokalariak aulkian uzteko, horrek neurri batean bere akatsak aitortzea badakar ere. Kirol zuzendaria zenean jokalariez erabiltzen zuen diskurtso zorrotza kanpora begira leundu izana ere aipatu behar da haren meritu orrian.
- HOBEKUNTZA DEFENTSAN. Bakeroren hitzei erreparatuta, taldeak joko alaiagoa egitea espero zuten askok, baina eraso jokoan ez da aparteko aldaketarik ikusi. Defentsan egin du hobera Realak: gol bakarra baino ez diote sartu azken lau partidetan, eta gol aukera askorik ez dizkiote sortu. Egia da kontrario apalagoen aurka neurtu dituela indarrak, baina aintzat hartzeko moduko datua da, alor horretan denboraldi osoan izan dituen komeriak kontuan hartuta. Estatistika zaleentzat, golik sartu ez dieten sei norgehiagokak irabazi dituzte txuri-urdinek. Labakak eta Ansotegik bikote sendoa osatu dute atzealdean. Azken horrekin aurkikuntza itzela egin du Realak; denboraldi bukaeran amaituko zaio kontratua, baina jarraitzeko eskubidea irabazi du partida gutxitan. Hori bai, bizkaitarrak sarritan esan du Arkonadari esker dagoela hor. Bakoitzari berea.
- GAIZKA GARITANO. Berandu iritsi zaio Lehen Mailara jauzi egiteko aukera, 29 urterekin, eta hainbat urtetan izan ez dituen zailtasunak denak batera etorri zaizkio estreinako urtean. Ia sekulan lesionatu gabea zen, baina denboraldi honetan arazo fisikoek ez diote bakean utzi. Hiru partida baino gehiago jarraian jokatzeko lehen aukera izan duenean, nolanahi ere, erakutsi du funtsezkoa dela hamaikakoan. Goitik ondo moldatzen da, baloi pila lapurtzen du, ez da konplikatzen horiei irteera ematerakoan, eta lider kasta du, gainera. Haren lan isila ezinbestekoa da Novok jokoa lantzeko lasaitasuna izateko, espainiarrak erabaki arriskutsuegiak eta zailegiak hartzen dituelako batzuetan. Ez du apurtzen, baina hark ere hoberantz egin du azken boladan.
- BALOIA, OBJEKTU PREZIATU HORI. Realak defentsan gutxiago sufritzen badu, lerroak aurrerago kokatzen dituelako eta baloiari gehiago eusten diolako da neurri handi batean. Bolada batean, berdin zion aurkaria Mallorca edo Bartzelona izan, baloiaren atzetik ibiltzen zen etengabe; orain, ez hainbeste. Eta horretarako, ezinbestekoa da Prieto eta Mark Gonzalezen gisako jokalariak izatea, hegaletatik desorekatzeaz gain konpromisozko egoeretan beldurrik ez diotelako baloia eskatzeari, aurrera egiten dutelako beti, ez atzera. Ate aurrean asmatzen ari dira, gainera; txiletarra batez ere.Gauza zailak erraz egiteko gai diren jokalariak izatea beti da abantaila. Dena den, galdera bat dabil zale gehienen ahotan: estutasunetan ondo erantzuten badu , zergatik ez du gauza bera egiten Realak presiorik ez duenean? Edo beste era batera: zein da talde honen benetako tokia? Futbola joko arrunta da, baina baditu erantzuten oso zailak diren galderak...
ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA.
Hain sinplea, hain zaila
Denboraldi osoko emaitza boladarik onena izan du talde txuri-urdinak azken lau norgehiagoketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu