Euskadiko taldeak 2,5-1,5 irabazi zion Argentinakoari, iragan asteazkenean Donostiako Gros Xake Taldearen egoitzan jokaturiko bi nazioen arteko norgehiagokan. Hutsune garrantzitsuak izan zituen Euskadiko taldeak, baina merezita irabazi zuen Juan Ignacio Alonso eta Carlos Cruz Lopezek lorturiko garaipenei esker. Aurreko urteetan baino nazio gutxiagok parte hartu bazuten ere, maila oneko xakea ikusi zen, eta lehia interesgarria izan zen.
Gabonetako torneoetan lau nazio aritu izan dira azken urteetan, Euskadi, Katalunia eta gonbidaturiko beste bi; baina, aurten, laugarren nazio bat deitzeko izandako adostasun falta dela eta, bi selekzio bakarrik aritu dira. Euskadikoaren kasuan, gainera, hutsune garrantzitsuak zituen, besteak beste, Alejandro Garcia eta Mikel Huerga gazteena eta Mario Gomez beteranoarena. Dena den, parte hartu zutenek ondo jokatu zuten. Hau da Euskadiren izenean jokatu zuen laukotea: Iñigo Argandoña nazioarteko maisua, Juan Ignacio Alonso, Carlos Cruz-Lopez eta Iñigo Martin. Argentinaren aldetik, berriz, Gabriel del Riok, Diego del Reyk, Jorge Iglesiasek eta Adrian Randazzok hartu uzten parte. Del Rio zen laukoteko jokalaririk nabarmenena, eta beste tauletan oreka espero zen.
Argandoñak jokatu zuen Del Rioren aurka, lehen taulan, eta donostiarrak abantaila lortuko zuela zirudien partida guztian. Hala ere, maisu handi argentinarra ondo defendatu zen, eta kontraerasoan lortu zuen lehen puntua hegoamerikarrentzat. Euskal herritarrek 2. eta 3. tauletan lortu zituzten euren garaipenak. Juan Ignacio Alonsok partida ona planteatu zuen Del Reyren aurka, eta bikain errematatu zuen, gaztelu bat sakrifikatuz. 3. taulan, berriz, Cruz Lopez izan zen etxekoen uzta puztu zuena baliabide taktikoak irabazita. Norgehiagoka laugarren taulan erabaki zen, eta Iñigo Martinezek partida zaila izan zuen Randazzoren aurka. Azkenean berdindu egin zuen, baina nahikoa zen Euskadik norgehiagoka irabaz zezan.
Hainbat hutsune izan arren, Euskadik 2,5-1,5 irabazi dio Argentinari
Juan Ignacio Alonso eta Carlos Cruz-Lopezen partidak erabakigarriak izan dira bi nazioen arteko xake lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu