Mark Cavendishek (Omega) esprintean Peter Sagan (Cannondale) menderatu duela, horixe da gutxienekoa. Frantziako Tourreko hamahirugarren etapan haizeak eta txirrindularien ekimenak triskantza handia eragin dutelako tropelean. Ero-eroa izan da etapa. Sei laguneko ihesaldia sortu da etapa hasi eta berehala —tartean sartu da Ruben Perez (Euskaltel)—, baina Omega Pharmak haize-babesa sortu du 56. kilometroan, eta atzean utzi du Marcel Kittel (Argos), esprinterako Cavendishen aurkari zuzena. Kittelekin batera, atzean geratu dira, besteak beste, Mikel Nieve eta Igor Anton ere (Euskaltel). Lehia harrigarria sortu da tropela bi talde nagusitan zatituta, eta geroxeago zulatu zaio gurpila Alejandro Valverderi (Movistar), aurreko taldean zihoala. Berehala geratu dira zain taldekide guztiak, eta une batean hamabost bat segundora gerturatu da tropelera. Baina lehertu, etsi, eta Kittelen taldeari itxoitea erabaki du Movistarrek azkenean.
Valverdek gurpila zulatu aurretik ere Omegarekin elkarlanean ari zen Belkin, eta hortik aurrera are indar handiagoarekin hasi da erreleboka Bauke Mollema eta Laurens Ten Damen taldea. Valverde segundo galera pilatzen, eta haizea agertu eta desagertu. Saxok astindu handia eman dio bat-batean tropelari, helmugara iristeko 32 kilometro falta zirela, eta, mugimendu horrekin, besteren artean, atzean geratu da liderra bera: Chris Froome (Sky). Taldekako jazarpen lana izan da hortik helmugara artekoa, eta azkenerako handiak izan dira aldeak. Lehen taldetxoan sartu dira Contador bera, Mollema, Ten Dam eta Jakob Fuglsang (Astana), eta 1.08 minutuko aldea atera diete Froome, Michal Kwiatkowski (Omega), Nairo Quintana (Movistar), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Cadel Evans (BMC) eta gainerakoei. Valverde eta Nieveren taldea, berriz, 9.54ra helmugaratu da.
Sailkapen nagusian Froomek jarraitzen du lider, baina 2.28ra gerturatu da Mollema, 2.45era Contador, 2.48ra Roman Kreuziger (Saxo), 3.01era Ten Dam, eta 4.39ra Fuglsang. Sailkapen nagusiko borrokatik kanpo geratu da, berriz, Valverde, hamar minututik gora galduta. Saint Pourçain sur Sioule eta Lyon artean, ihesaldietarako aproposa da biharko etapa, 191 kilometrokoa.