Aurreko denboraldiko ezusteko nagusia izan ondotik, joan zen astean jokatu zuen sasoiko lehen partida Benoit Guyotek (Garches, Frantzia, 1989), Racingen aurka. Harengan ohikoa den gisan, plakatu eta plakatu ibili zen, eta hainbat baloi berreskuratu zituen uztartze irekietan. Hala ere, Luc Ducalconek besoz baztertu zuen uneak bereganatu du arreta osoa. «Interneten agertu ez balitz, inor ez zen ohartuko. Baina horrelakoak ere gertatzen dira»,aitortu du Guyotek.
Tarteka-marteka errugbi jokalari orok ipurdia lurrean buka dezakeen arren, ez litzateke zuzena Guyoten talentua Ducalconen jokaldi horretan bakarrik ikustea. Iragan sasoian, Wenceslas Lauret eta Imanol Hariñordokirekin batera, Miarritzeko hirugarren lerroko pieza garrantzitsua izan zen. Sasoi honetan, min hartuta ibili ondoren, Racingen aurka jokatu zuen lehenpartida. 80 minutu hasi eta buka. «On egiten du berriz lehian aritzeak».
Paristar gaztea Miarritzek azken urteetan gazteen alde egindako parioaren irudia da. Lauret, Lakafia, Barraque, Lesgougues... Ez dira guti Miarritzeko harrobian zaildu ondotik lehen taldera salto egin dutenak. Guyotek, bere Garches sorterriko errugbi eskolan hasi ondotik, Parisko harrobian jokatu zuen 14 urtetik aitzina. 2009an, baina, 20 urte bete berritan, Serge Blancok Euskal Herrira etortzeko konbentzitu zuen. «Talde batean izenpetzean, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Miarritzeko jokalari batzuen laguna nintzen. Kirol proiektua gustatu zitzaidan, eta inguruneak ere erabakia hartzen erraztu zuen».
Surfzalea da. 8 urte zituenetik, itsas bazterretan ibili da, surf ohol baten gainean. Hala, Miarritzen, bere zaletasuna eta errugbian goi mailan aritzeko aukera uztartu ditu. Miarritzera etortzeko eraman zuen gogoetak erakusten du ez dela erabakiak arin hartzen dituen horietakoa.
Partidetan duen mailaz harago, partiden ondotik duen analisi gaitasuna harritzekoa da. Partidak aztertzean, buruargia da, eta bere ahotik hitz zuzenak ateratzen dira usu. Buru hotza, eta analisirako gaitasuna. Zelaian dagoelarik, ondo aritzen laguntzen duten dohainak dira. Intelektualaren irudia ukatzen du, baina, aste honetan bezala taldea hiru egunez Hendaian bilduta dagoenean, ekonomia irakasleen liburuak eramaten ditu: «Bi eskola daude. Ingalaterran, partida hasi baino ordubete lehenago elkartzen dira jokalariak. Hemen, ordea, garrantzitsua da bi edo hiru egunez elkartzea. Horrek denbora anitz uzten digu, eta nola edo hala bete behar da».
Derbirako prest
Derbia hurbildu ahala, Miarritzek ateak ixten ditu. Hendaian elkartu, eta familian prestatzen du partida. Alta, partidari berez duen baino zama handiagoa ez dio eman nahi Guyotek. «Iragan sasoian sekulakoa hitz eman ziguten. Baionak galtzen bazuen, bigarren mailara joanen zen. Azkenean, ez zen beste munduko deus pasatu, eta galdu egin genuen. Aldi honetan, gauzak lasaiago hartzen saiatuko gara».
Herri osoa biharko partidaren zain egon arren, begiak urrunago ezarri nahi ditu hirugarren lerro gazteak. «Miarritzeko hiri erdian paseatzean, argi da jendeak anitz itxoiten duela partida hori. Merkatuan, ostatuan... denak derbiaz mintzo dira. Hala ere, gure sasoia ez da igandean bukatzen. Iragan sasoiko eta sasoi hastapeneko bolada onari eutsi nahi diogu. Aitzina goaz, eta denboraldi ederra egin dezakegu». Baionaren ondotik, egutegi zaila izanen du Miarritzek. Guyoten kirol kalitateak eta buru hotzak izanen dute zerikusirik Lapurdiko kostaldeko taldearen arrakastan.
Haize gaztea Miarritzen
Iragan denboraldian taldean postu bat lortu eta gero, rol berri batekin eta eskarmentuarekin hasi du sasoia Benoit Guyot Miarritzeko jokalari gazteak. Min hartuta egon ondoren, gogotsu dago biharko derbirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu