Miarritze 26. Brive 11

Haize pixka bat hartzeko

Deus handirik egin gabe, Miarritzek aise irabazi dio Briveri, eta lau puntura urrundu ditu jaitsiera postuak

Ngwenya Miarritzeko jokalaria, baloiarekin, plakaketa jasotzen, atzo, Briveren aurkako partidan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Eneritz Zabaleta.
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Miarritze. Marconnet (Watremez, 46. min.), Hegi (August, 46. min.), Kodela (Van Staden, 46. min.); Thion, Carizza (Taele, 55. min.); Lauret, Guyot, Gray; Yachvili (kap.), Peyrelongue; Haylett-Petty (Baby, 69. min.), Traille, Bosch (Baraque, 42. min.), Ngwenya; eta Balshaw.

Brive. Kinchagishvili, Ribes (Forgues, 73. min.), Barozzi (Barnard, 55. min.); Uys (Azoulai, 40. min.), Mela (Caisso, 55. min.); Luafutu, Forgues (kap.)(Acosta, 62. min.), Ledevedec; Figuerola (Pejoine, 62. min.), Spedding; Namy (Belie, 52. min.), Noon (Galala, 76. min.), Mignardi, Boussuge; eta Caminati.

Markagailua. 3-0, 6-0, 6-3, 9-3, 9-6 (ats.); 16-6, 19-6, 26-6 eta 26-11.

Epailea. Cedric Marchat.

Atzokoa ez zen izan ikuskizun handi batez gozatzeko eguna Agileran. Euskal Herrira udaberri giroa itzultzen ari da, baina Top14eko une erabakigarria hurbiltzen ari da. Eta zer axola du aroa berriz ere eguzkitsua eta freskoa baldin bada. Ez da baloia punta batetik bestera zabaltzeko garaia. Miarritzek lehen mailan jarraitzea dauka jokoan, eta, horrelakoetan, aldagelan utzi behar izaten dira plazera, inprobisazioa eta irudimena.

Lanerako gogoz zelairatu zen atzo Miarritze. Brive zeukan parean, ideia handirik gabe, baina oso zortzikote serioarekin. Ondorioz, ikuskizun gutxikoa izan zen partida. Uztartzean borroka, eskasaren ondotik dortoka, pase bakarreko jokaldiak... eta arerioaren faltak noiz helduko zain. Funtsean, Top14ko sailkapeneko behealdean dauden bi talderen arteko lehia klasikoa izan zen atzokoa.

Joko horretan, Miarritze izan zen azkarrena. Figuerola kitzikatzen entseatu zen Yachvili behin eta berriz, Figuerola haserretzeraino. Brive oldarkor baina urduri hasi zen, eta argentinarra izan zen horren erakusgarri. Falten zain egon zen Miarritze, eta Yachvilik hirutan ez zuen hutsik egin. Hasiera txar horren ondotik, baina, suspertu egin zen Brive. Eskasetan hiru baloi lapurtu zizkion Miarritzeri, eta, atsedenaldia iristean, hiru puntura ezarri zen, Caminatiri esker: 9-6. Gogotsu eta indartsu aritu zen.

Miarritzek bi entsegu

Partidak dena zeukan bihurritik, eta Miarritze Briveren tranpan eroriko ote zen pentsatzen hasi ziren Agilerako zaleak. Zorionez, ez zen horrelakorik gertatu. Milhas aitzinekoen entrenatzaileak errieta ederra egingo zien, segur aski, aldagelan, jokalariak bizi eta gogor zelairatu baitziren. Bigarren zatia hasi eta berehala, jokaldi ederra egin zuten etxekoek. Baloia ezker-eskuin mugitu zuten, eta garbiketa onak egin zituzten. Ondorioz, Dan Haylett-Petty australiarrak entsegua sartu zuen bere hegaletik: 16-6. Bideratuta zegoen garaipena.

Entseguak haizea hartzeko balio izan zion Miarritzeri, eta Serge Milhasek bere lehen lerro osoa aldatzea erabaki zuen orduan. Brive sendo ari zen uztartzean, baina, aulkirik ezean, hasierako lehen lerroarekin gelditu behar izan zuen Miarritzek. Parioa ongi atera zitzaien lapurtarrei, uztartzean zigor kolpea lortu baitzuen bost minutu geroago. Yachvilik ez zuen ostikoa huts egin: 19-6. Partida erabakita utziko zuen jokaldia uztartzeari esker etorri zen, beste behin. Kinchagishvili Briveko harroinari txartel horia atera zioten, lehenik. Bi minutu geroago, bost metroetan uztartzea eskatu zuen Miarritzek. Harroin faltan, bi aztalkarirekin ari zen Brive, eta ezinean aritu zen. Epaileak zigorreko entsegua eman zion, gainera, Miarritzeko lehen lerroari: 26-6.

Entsegu horrekin, erasoko puntuaren bidea ireki zitzaion Miarritzeri. Brivek, alta, ez zuen etsi, eta serio jarraitu zuen. Speddingen entseguak erasoko punturako itxaropena eten zion Miarritzeri: 26-11. Markagailua horretan gelditu zen. Garaipenari esker, lau puntura dauka Miarritzek Baiona, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea. Sasoi honetan lehen aldiz, bi partida jarraian irabazi dituzte lapurtarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.